Gabon sasoiko aperitiboak (II)
Almendra prijiduak
Almendra, landare eratorriko orioa eta gatzagaz preparetan dira eta horrek esan gura dau, almendren berezko mantenugaiei koipe eta sodio gehiago batuko jakela.
Gogoratuko dozuen moduan, almendrak frutu siku koipetsuak dira eta energia asko daukie; almendrek 100 gramuko 570-600 Kcal inguru emoten deuskuez eta orioagaz prijiduten diranean, koipe kopurua gora doanez, kaloria kopurua be bardin.
Koipea % 59-63 bitartean da almendra prijiduetan. Koipe gehiena monoasebakoa eta poliasebakoa da eta horregaitik odoleko kolesterol mailak erreguletan laguntzen dabe. Landare eratorriko edozein elikagai moduan, ez daukie kolesterolik (orioen moduan).
Almendrearen % 20 proteinea da, % 20 karbohidratoak eta % 10 inguru zuntza, beraz, komunera joaten laguntzeko bereziak dira.
Kaltzio eta burdin ugari daukie; potasio, zink, manganeso, selenio eta fosforo franku be bai. Almendrek berez ez daukie sodio askorik baina gatzagaz preparauta datozanean, mineral honen kopuruak garrantzitsuak dira, beraz sodioagaz arazoak daukiezan lagunek ez leukiez modu honetara preparauta hartu beharko.
Bitaminen artean E bitamina eta B taldeko bitaminak (azido folikoa, B1, B2 eta B3) dira nagusi. Burdin eta azido foliko kopuruakaitik anemiak ebitetako onak dira almendrak, baina koipe eta kaloria kopuru ugariagaitik neurriz jan beharrekoak. Gauzak holan, aperitibo legez almendrak hartu ezkero, beste otortuetan koipe gitxi jan beharko geunke.
Dana dala, badakigu aperitibotxuok noizik behinean bakarrik jan beharrekoak dirala eta jaten doguzanean, batez be, plazerragaitik izaten dana.
Larraitz Artetxe,
dietetika eta nutrizinoan diplomaduna
Aurreko atalean legez, oraingoan be, otordu nagusien artean hartzen doguzan jatekoak aztertuko doguz. Aurkeztuko dogun menua: antxoa gaziak orio eta ogiagaz, almendrak eta txanpana.
Antxoa gaziak
Antxoa arrain urdina da eta beraz honen berezitasunak daukaz: proteina ugari (% 18-20) eta koipe franku (% 9 inguru). Koipe horreek poliasebakoak dira, azido linoleikoa -hazien orioek daukiena eta derrigor elikagaien bitartez hartu behar doguna- eta omega-3 muetakoak batez be. Mueta horretako koipeek gure odoleko koipeak erreguletan daukien eragin onuragarria ezaguna da.
Gehitu deutsien gatzagaitik sodioa kontrolau behar daben personek ez leukiez konserbako antxoak jan beharko. Baina hipertensinoa daukienentzat, gatz barik preparauta dagozan antxoak jatea ona izan leiteke, omega-3 muetako koipeek hipertensinoa erreguletan be laguntzen dabelako.
Orio muetaren arabera, gantz azido batzuk beste batzuk baino ugariagoak izango dira, baina kontuan euki behar dogu landare eratorriko orio mueta guztien koipea ona dala osasunerako (neurritik gora jaten ez dogun artean behintzat).
Antxoek purina asko daukiez eta horregaitik azido urikoa daukien personentzat ez dira onuragarriak; eta kasu honetan bardin kontserban egotea ala ez, purinok beti daukiez eta.
Mineralen artean antxoak aberatsak dira iodoan (itsasoko jateko guztiak legez), fosforoan, magnesioan eta burdinean be bai. Arrainen hazurrak jaten badoguz, honeen kaltzioa be hartuko dogu.
Bitaminen artean koipetan disolbagarriak diranak aitatu behar doguz: A, D eta E bitaminak. B taldeko bitaminak be badaukiez eta honeen artean B12a edo zianoklbalamina da aitagarriena.
Edozein otordutan ogia jaten dogunean, dietako karbohidrato konplexu kopurua igon arazoten dogu eta beraz dieta orekatua be bai.
Txanpana (Kaba)
Alkoholdun edariak ez doguz euren balio nutritiboagaitik edaten, plazerragaitik baino. Norberaren gustuen arabera, txanpan mingotsagoak edo gozoagoak aukeratu leitekez; adituek normalean jateko gaziakaz txanpain mingotsagoak hartzea gomendatzen dabe.
Txanpanak 100 gramuko 60-70 Kcal eukiten dauz eta kopa batek gitxi gora behera 100-150cc (edo gramu) txanpan hartzen dauz (kopearen neurriaren arabera, jakina).
Txanpanak ez dauka mantenugai aitagarririk. Kaba muetaren arabera, azukera gehiago edo gitxiago eukiten dabe: “Brut Nature”k ez dauka azukerarik; “Extra Brut”ek litroko 6 gramura arteko azukerea euki leike, “Brut”ek litroko 15 gramura artekoa, “Extra Sikuak” litroko 12-20 gramu azukera eta “Gozoak” litroko 50 gramu azukera baino gehiago. Beraz, aukeratutako kaba muetaren arabera, azukera gehiago ala gitxiago hartuko dogu. Sodioa eta potasioa be aitatu geinkez baina normalean edaten dogun txanpan kopurua eta gure elikadurea orokorrean kontuan hartuta, ez deutsagu garrantzia handiegirik emoten.
Kabek % 10,8-12,8 bolumenean daukie alkohola, beraz, disfrutetako bai baina neurriz edan beharreko edariak dira.