Barriketan  IV. urtea // 91. zenbakia

Rafa Rueda: 'literatureak musikeak baino bide errazagoa dauka sorterritik urtetako'

Broken Bihotz taldeagaz hasi eta PLTgaz sendotu eban beraren ibilbide profesionala Rafa Rueda mungiarrak. Baina horregaz nahiko eukiko ez baleu legez, 'Zaharregia, txikiegia agian' emonaldiari be ekin eutson Ruedak, Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta beste hainbategaz batera, eta arrakasta itzela lortu dabe. Orain barriro jatorku PLTgaz, taldearen azken diskoagaz hain zuzen be: 'Game Over'.

1.- Disko barriaren izena ikusita, edonork pentsau leike azkena dala. Etapa baten azkena edo taldearen azkena?

Berez, etapa batena. Diskoa preparetan hasi ginanean, Aitor teklisteak esan euskun ezin ebala taldearen erritmoagaz segidu eta itxi egin beharko ebala. Guretzako nahiko golpe fuertea izan zan hori, ze hamar urte alkarregaz joten egoteaz gan, lagun handiak be bagaralako. Orduan, ez gendun pentsau talde osoa desegitearen kontua, baina diskoa hiruron artean zelan preparau beharko gendun pentsetan hasi ginan, Xanpe, David eta neure artean hain zuzen be. Zelan moldatuko ginan jakin gura izan gendun, eta egia esan, primeran ibili gara hiruron artean. Horregaitik, ‘Game Over’ izenagaz Aitor gugaz egondako etapa horreri amaierea emon gura izan deutsagu, partida bat amaitu dogula eta orain beste bat hasiko dogula adierazoteko. Dana dala, diskoan bertan ‘Insert Coin?’ be agertzen da, eta beste etapa baten hasikerea esan gura dau horrek.

2.- Aitor Abiok taldea itxi ostean, David Gonzalezek, Xanpek eta zuk zeuk jo dozue aurrera. Zer irabazi eta zer galdu dau aldaketa honegaz PLT barriak?

Zer galdu dauan, argi dago: Aitor Abio. Konposizino mailan, egia esan, Aitorrek ez eban larregi parterik hartzen, hori batez be Xanpe eta bion kontua zalako. Horregaitik, diskoan ez da igarriko hainbeste berak ez dauala parterik hartu. Baina zuzenekoetan oso inportantea zan Aitor. Oso dinamikoa da, nahiko tipo berezia. Orduan, alde horretatik, zuzenekoetan ez da tekladurik egongo eta kanta zaharrak moldatu egin beharko doguz.

Ohituta egon gara elementu batzukaz lan egitera, eta kantak horren arabera egiten dozuz, baina formazinoa aldatzeak lan egiteko modua be aldatzea eskatzen dau, estetika barria, bide barriak jorratzea... Hori da taldeak irabazi dauana edo irabaziko dauana. Horrek bultzatu deusku, ganera, aurrera segiduten, hirurok egin geinken lana zelakoa dan ikusteko edo. Diskoan nondik joko dogun igarten dala uste dot, eta bide barriak jorratu gura izateak emon deusku bultzadea.

3.- Lan bat plazaratzean, beti dagoz aurrekoakandik desbardinak diran ezaugarriak. Zer nabarmendu zeinke ‘Game over’ diskoan?

Lehenengoa kenduta edo lehenengoaren parean, disko hau freskoena eta zuzenena dala esango neuke. Askotan esan deuste ia zelan lortzen dogun bosgarren diskoak holako ezaugarriak eukitea. Normalean, gaztea zaranean gauzak oso fresko urtetan dabe, baina urteak aurrera joan ahala gauzak sofistiketan joaten dira eta freskotasun hori apur bat galdu egiten dozu, teknikearen onerako askotan. Gure kasua guztiz kontrakoa izan da. Disko honetan, Aitorrek taldea itxi izana golpe handia izan zalako edo, oso alkartuta egin dogu lan. Ez gendun jakin nondik urtengo gendun be, baina gogoakaz gengozan. Eta hori igarri egiten da, oso lan zuzena eta freskoa da eta.

4.- Orain egongo zarie diskoaren zuzeneko aurkezpenaren nondik-norakoen azken ukutuak emoten, laster kontzertuakaz, furgoneteagaz hara eta hona... hasteko. Barriro be dinamika horretan sartzeko gogoagaz?

Gogoagaz bai. Ni neu batez be, urte osoan nabil dinamika horretan sartuta, PLTgaz ia urte bi jo barik egon arren. Hori bai, ez geunke gurako, beste batzutan egin dogun legez, urtean 60 kontzertutik gora emotea. Planteamentua aldatu dogu, kalidadea kantidadearen partez: gurago dogu kontzertu kopurua gitxitu eta kalidade aldetik irabazi.

Hara eta hona ibilteko gogoa beti daukagu, hori dalako gure bizimodua eta gustetan jakulako batez be.

5.- Askok uste dabe PLT ezinbesteko taldea dala euskal rockaren abanguardia ulertzeko. Erreferentzia taldetzat joten dozue zeuon burua?

Nik uste dot zeure burua ezin dozula erreferentetzat jo. Gauzak urtetan jakun moduan egiten doguz, eta zorionez jentearen erreferentzia bihurtu ezkero... ondo. Hori ibiliaren ibiliak emoten dau, eta guk orain arte gustura ibiltea topau izan dogu, gure nahia asetzea, gustetan jakuzan gauzak egitea.

Erreferentzia bagara, ondo, eskertzekoa da, baina gu ez gara horren bila joan, eta guk ez dogu geure burua holan ikusten, hori harroa izatea izango litzatekelako.

6.- ‘Hil da Jainkoa’. Zer dinozu kanta horren ezagunaren ganean?

Kanta horren ganean gauza onak baino ezin dodaz esan. Lehenengo diskoko kantea da eta ate guztiak zabaldu euskuzan. Euskal Herrian kriston arrakastea euki eban, eta baita Espainian be, Madrilen, Bartzelonan, Castellonen, Valentzian... Zale nahikotxu daukaguz kanta horreri esker.

Askotan, kanta batek arrakastea eukitea subertearen araberakoa izaten da; guk suberte hori euki gendun eta inertzia hori mantendu izan dogu.

7.- Makinatxu bat urte pasau dira Broken Bihotz taldearen garaietatik. Zer gogoratzen dozu edo zer botaten dozu faltan?

Faltan... gazteago ginala. Inozentzia puntu hori geunkan. Niretzako, behintzat, lehenengo taldea izan zan, eta mundu honetan sartzeko lehenengo pausua. Oso ondo pasetan gendun, eta gauzak beste modu batera egiten ziran. Orain serioago jokatzen dogu, profesionalago, eta hori onerako izan da. Sasoi hareetan, dana egiten gendun inozentziaz.

Pentsetan nagoala, konturatzen naz orduan be sekulako subertea euki gendula ze Broken Bihotzen maketea atara eta handik gitxira diskoa grabetako aukerea euki gendun. Orain, disko bat grabetea errazagoa dala esango neuke, baina garai hareetan ez. Horregaitik, aukera parebakoa euki gendula uste dot, eta urteak pasau ostean konturatzen naz esperientzia ha balorau beharreko modukoa dala. Bolada polita izan zan.


8.- Rocka albo batera itxita, pop estiloari ekin eutsazun barriro ‘Kea’ bakarkako lanagaz 2003an. Estilo barriak buztartu guran ala aldaketen bila?

Biak. Nik pop estiloa betidanik euki neban gustuko, eta taldetik aparte zeozer egiten baneban, taldeagaz zerikusi gitxi eukan zeozer izan behar zan, bestela ez eukan zentzu handirik eukiko aparte egiteak.

Disko hau grabau baino hiru bat urte lehenagotik nengoan pentsetan holako zeozer egin behar nebala. Ikusi nebanean PLTgaz deskantsua hartu eta denpora librea neukala, proiektu horretan buru-belarri sartu nintzan.

Taldetik aparte estilo barri bat lantzeko bai, baina baita nire gurari personalagaz aurrera egiteko be egin neban diskoa. Hor bai, ni neu naz buru eta neuk hartzen dodaz erabagiak, ez taldeak. Bakarka lan egitea be aberasgarria da eta uste dot, musikea ixten dodan arte behintzat, bakarkako proiektuakaz segiduko dodala. Ganera, oraintxe hasiko naz lan bat preparetan, urte honen amaierarako edo hurrengoaren hasierarako.

9.- Kirmen Uribegaz, Mikel Urdangarinegaz, Bingen Mendizabalegaz eta Mikel Valverdegaz ‘Zaharregia, txikiegia agian’ emonaldia eskaintzen ibili zara bai berton eta baita kanpoan be, AEBetan, Alemanian, Irlandan... Zelako esperientzia izan da?

Oso polita. Talde hori kasualidadez sortu zan. Gu, musikaz edo literaturaz aparte, askotan batzen gara afaltzeko edo trago batzuk hartzeko. Holako batean, Kirmenek komentau euskun New Yorkera poesia-irakurtaldi bat egitera joateko aukerea eskaini eutsiela. Orduan otu jakun musikea eta literaturea alkarregaz buztartuko ebazan emonaldia preparetea, eta aste bitan sekulako ‘mobidea’ montau gendun. Oso kimika ona dago gure artean eta bat-bateko kontu batetik sortu zan ‘Zaharregia...’. New Yorken egon ginan lehenengo biderrean egundoko arrakastea euki eban emonaldiak, eta hor sortu zan diskoa grabetako ideia.

Oihartzun itzela euki dau lan horrek, eta batez be bertotik kanpora. Esperientzia oso polita izan da. Ohituta egon nazan giro naturaletik urten eta proiektu honetan sartzea sano aberasgarria izan da niretzat.

10.- Mikel Urdangarinegaz be ibili zara zuzenekoetan, Madrilen, Berlinen... zelako erantzuna euki dozue?

Erantzuna oso ona izan da, baina ez ‘Zaharregia...’ lakoa. Hemen jentea bardintsu etorten da literaturea eta musikea ikustera. Baina kanpoan literatur-giroak musika-giroak baino jente gehiago erakarten dau. Horregaitik uste dot literatureak musikeak baino bide errazagoa daukala beraren sorterritik urtetako.

Halan da be, Mikelen kontua oso ondo joan jaku. Urteak daroaz Urdangarinek musikearen munduan, eta jenteak ezagutzen dau. Erantzuna ona izan da, baina desbardina.

11.- Horrenbeste saltsatan sartuta egonda, badaukazu astia lagunakaz egon eta zerbeza batzuk hartzeko?

(Barreak) Gitxi. Mungiako lagunakaz hile birik behin edo egoten naz, baina badaukadaz beste lagun asko be, musikearen eta literaturearen mundukoak, eta horreekaz ibilten naz gehienbat. Emonaldiak edo kontzertuak aprobetxetan doguz parrandak egiteko, baina egia esan, libre daukadanean Mungiako taberna pare baten gau osoa zerbezak edaten eta betiko lagunakaz berbetan emotea gustetan jat.

12.- Euskal Filologian lizentziaduna izan arren, musikeari lotuta egon zara beti. Gagozan garaiotan, eta pirateoaren kontua zelan dagoan ikusita, emoten dau bizitzeko beste?

Ni honetaz bizi naz, bai, baina gauza pilo bat egin behar dira horretarako. Musikan, proiektu bakar bategaz bizitzeko nahikoa ataratea oso gatxa da. Horregaitik, hemendik horra eta handik hara ibili behar dozu, beti be zeozer egiten. Halan da be, badagoz batzuk euren proiektutik bizi diranak, Mikel Urdangarin berbarako.

Musikatik bizitzeko, bokazinoa euki behar da. Ni musikatik bizi naz ez dakidalako beste ezer egiten. Euskal Filologia ikasi neban, bai, baina dokumentetako eta hizkuntzea hobeto ikasteko batez be, ez klaseak emoteko. Argi neukan musikan bete-betean sartuko nintzala, eta gogoa badaukazu musikatik bizitzeko, lan eginez lortzen dozu, jenteak uste dauan baino errazago ganera. Baina hori bai: mila proiektutan sartuta. Musikearen industria dagoan moduan egonda eta ‘pirateoak’ egiten deutson kaltea ikusita, lan asko egin behar da aurrera urtetako. Gizartearen ohiturak aldatzen doaz eta esango neuke kultureak ez daukala ia lekurik eboluzino horretan.

13.- Zer eskatu deutsazu urte barriari?

Beti eskatzen dot gauza bera: poztasuna, zoriontsu izateko pausu gehiago emotea eta hanka-sartze gero eta gitxiago egitea. Hori besterik ez.

Saioa Torre Gereketa