Zinea  III. urtea // 90. zenbakia

El Lobo


Michel Courtois frantziarrak pantaila handira eroan gura izan dau ETAren kontrako polizi ekintzarik handienetariko bat eragin eban Mikel Legarza infiltrauaren istorioa. Zuzendariak “thriller” baten bideari jarraitu deutso, filmari entretenigarritasun handiagoa emotearren edo. Edozelan be, asmoak asmo, ikuspuntu ideologiko, politiko eta formal batetik ikusita, film hau guztiz azalekoa da. Inork ez dau garbi ulertuko zeintzuk diran “El Lobok” ETAn infiltretako daukazan benetako arrazoiak edo zeintzuk diran ganerako personaien motibazinoak.

Gidoiak agiriko hutsuneak daukaz, lar sinplea da eta topikoz beteta dago. Euskaldunok irudikatzeko azentuak eta bizipenak gehiegi puztu eta handitu dira, gehienetan guztiz barregarriak izateraino.

Antzezpen lanak, ostera, nahiko txukunak dira. Eduardo Noriegak ondo bete dau bere lana eta Coronadok zuzen jardun dau polizia “fatxaren” rol gogorrean. Era berean, Santiago Ramosek egindako lana aitatu behar da; izan be, frankismo gorrian personaia honen jokabidea bape sinesgarria izango ez bazan be, antzezle honek txukun jarduten dau polizia onaren papelean.

Gidoi eskasaz hornidutako azaleko film erdipurdikoa izan arren, Courtoisek zelan edo halango tensinoari eutsiko deutso, “thriller”-aren egitureari esker. Beste kontu bat da zelan oratu deutson ETAren eta diktadura frankistearen gaiari edo Euskal Herria irudikatzeko bideari, baina, zuzendariak berak adierazo dauan lez, pelikula honen helburu bakarra entretenigarritasuna baino ez da izan, sator baten polizi istorioa ardatz hartuta.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Miguel Courtois.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 122 minutu.
- Antzezleak: Eduardo Noriega (Txema, El Lobo), José Coronado (Ricardo), Mélanie Doutey (Amaia), Silvia Abascal (Begoña), Santiago Ramos (Pantxo), Patrick Bruel (Nelson), Jorge Sanz (Asier), Manuel Zarzo (Matías), Fernando Cayo (Txino), Juan Fernández (Palacios komandantea).
- Gidoia: Antonio Onetti.
- Musikea: Francesc Gener.
- Argazkia: Néstor Calvo.
- Muntaia: Guillermo S. Maldonado.