Oraindino dudak. Zer atarako ete?
IƱaki Atxutegi
Datorren eguaztenean Eusko Legebiltzarrean izango dan botazinoa azken urte honeetako garrantzitsuena izango da. Estatutu Politiko Barria, Ibarretxe Plana edo dana dalako horreen azken urratsa emongo da Osoko Bilkuran izango dan eztabaida eta botazinoan.
Arnaldo Otegik esaten eban Gernikako Estatutuaren funerala ospatu zala orain aste bi komisinoaren aldeko botua emon ebanean. Ez eban esaten Otegik hildakoa berpiztu leitekela Osoko Bilkuran gehiengo osoa ez bada lortzen. Eztabaidea erraztu eta posible egin gura izan eban Ezker Abertzaleak komisinoko aldeko botuagaz. Ez da nahikoa, ostera, mobimentu hau beste marko barrira pasetako.
Jende askok esaten dau, arrazoi osoz, nire eritxiz, prozesua lar luzea izan dala, eta gai bakarra izan dala euskal politikeagintzan legealdi honetan. Joan dan astean Jaurlaritzeak berak kaleratutako inkestea baten esaten zan uritarren zati handi batek ez ebala jakiten ezta bestelako legeak eztabaidatu eta onartu ete diran. Estatutu Politikoaren ganeko eztabaideak monopolizau egin dau euskal bizitza politikoa.
Lanak amaituta dagoz, testua guztiz borobilduta eta atarateko prest. Zehetasun bat falta da. Gobernuko alderdien legebiltzarkideak ez dira nahikoa egitasmoa euren kabuz atarateko. Hogeita hamasei baino ez dira eta gehiengoa osotzeko botu bi gehiago behar dabez. Botu honeek Ezker Abertzaletik baino ezin dira etorri.
Prozesuan zehar hamaikatxu izan dira Alderdi Sozialisteari zuzendu jakozan keinuak. Ez daigun ahaztu prozesua bera eten egin zala sozialistek euren ekarpenak egiteko denporea eukiteko. Komisinoko botazinoaren egun berean Josu Jon Imazek eskaini eutsen sozialisteei Gebararen egitasmoa Legebiltzarrean sartzea bertan eztabaidatu ahal izateko. Baina argi dago sozialistak ez dagozala eztabaida honetan interesauta. Protagonismo arazoak ala eztabaidearen bildur? Ez bata ez bestea. Arrazoia sinpleagoa da. Euren hauteskunde kanpainako programa izatea gura dabe. Halan, abertzale “moderatuen” botuak eskuratu ahal izango dabezala uste dabe.
Gauzak holan, egitasmoa aurrera atarateko Ezker Abertzalearen botuak ezinbestekoak dira. Honeek ez dagoz bape eroso Legebiltzarra euren azken euskarri parlamentarioa dalako. Anoetako egitasmoan dagoz sartuta ta honek oraindino ez dauka, itxura guztien arabera, Legebiltzarreko eztabaida honegaz bape zerikusirik. Politikoki hondora joateko bidean dago Ezker Abertzalea. Oraindino ez dago ETAren su etenaren arrastorik (nahiz ta batzuen eritxiz, edozein momentutan emon leiteken) eta su etena eskaini barik ez dau izango barriro aurkezteko aukerarik. Abstenzinoak eta kontrako botuak ondorio bardina eukiko leuke egitasmoan: bertan behera geratuko litzake.
Askok uste dabe ezker abertzaleak barruratu egin dauala hurrengo hauteskundeetan ezin izango dabela aurkeztu eta ez dautsela bildurrik prozesua blokeau ezkero, urnetan jasan leikien zigorrari. Besteok esaten dabe Alderdi Sozialistea eta Ezker Abertzalea berbetan dagozala eta zeozelako alkarlanean dabiltzala egitasmoa pikutara bialtzeko. Saria argia izango litzake: birlegalizazinoa. Eritxi intereresatu larregi dagoz.
Nire ustetan, oraindino ez daki inork zer pasauko dan hilaren 30ean. Asko dago jokoan eta interesak guk uste baino kontrajarriagoak eta nahasiagoak dira. Botazinoa izan eta berehala danok esango deuskue esandakoaren zergaitia eta ondorioa, baina, oraingoz, gustau ala ez, itxaron egin beharko dogu.