Zinea  III. urtea // 90. zenbakia

Politiki kouzina (Kanela ukutu bat)


Zine gastronomikoaren tradizinorik onenari jarraituz, Tassos Boulmetis zuzendari greziarrak itxura, gustu eta zapore oneko platera eskaini deusku. Errealismo magikoaren ukutuak daukazan ipuin modura kontauta, (g)astronomo baten ibilbideari eta gomutei jarraituko deutsegu, orainaldiko izarretatik umetako sueteraino. Helburua ondokoa izango da: plateretan ikusten ez diran baina bizitzea ontzen deuskuezan gauza txikerrak topetako kapaz izatea. Espeziak eta maitasuna itxaropenaren zaporea emongo deutsie bizitza paketsu eta orekatuari.

Lan gozagarri honen eszenatokia ondo be ondo jagon da. Ikus-entzuleei amesetako mundu bat aurkeztuko jake eta ganera barre egiteko aukerea be izango da filmean azaltzen jakun familiaren pasadizo bitxi eta zelebreei esker.

Gidoia zehatz-mehatz landu da, baina beharbada handigura eta zorroztasun apur batez; izan be, kontakizunak denpora tarte guztiak itxi gura dauz filmaren bilbeetariko bat dan astronomiaren logikeari jarraituz. Halan, pelikulan lehenengo platerak, bigarrenak eta, amaitzeko, postreak eukiko doguz, guzti-guztiak gozotasuna emoten dauan kanelaz edota sendotasuna erakusten daben piperbaltzaz horniduta. Ildo beretik, objektu, ogibide edo koloreen zentzu metaforikoa edonon azaltzen da, pelikula honen zentzumen ezaugarriak indartuz.

Laburbilduz, film honek bizitza, maitasun eta politikearen ganeko ikasgaia emon gura deusku, beti be jatekorik gustukoenak probau barik gizondu baina adiskidetasun, sakrifizio eta leialtasunaren baloreak kontuan hartzen ikasi eban ume maitagarri baten bitartez. Batzuetan, beharbada, lar gozoa begitanduko jatzue, batez be postreak.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoilaria: Tassos Boulmetis.
- Herrialdea: Grezia.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: George Corraface (Fanis Iakovides), Ieroklis Michailidis (Savas Iakovides), Tamer Karadagli (Mustafa), Renia Louizidou (Soultana Iakovidou), Basak Köklükaya (Saime), Tassos Bandis (Vassilis), Stelios Mainas (Tío Aimilios), Markos Osse (Fanis umea), Thodoros Exarchos (doktorea).
- Musikea: Evanthia Reboutsika.
- Argazkia: Takis Zervoulakos.
- Muntaia: George Mavropsaridis.