Txutxu-mutxuan  III. urtea // 90. zenbakia

Gabon laikoak jaio dira


Heriotzearen mitoa

Gotzainen protestak gorabehera, gabon laikoek etorkizuna daukiela emoten dau. Adituek, behinik behin, hori uste dabe. Izan be, gabonak kristinautasunaren zentzua galdu eta kontsumoaren jai eta ospakizun bihurtu dira. Jenterik gehienak gabonen barri dauka kalean iminten diran apaingarriak dirala eta, baina ez daki zeintzuk izan diran jai honeetako orain arteko edukinak. Kristinauak be gabon tradizionaletako baloreak galtzen dagoz arian-arian.

Estadu Batuetako zine industria indartsuan ikur kristinauak aspaldi desagertu eta horren ordez Noel jauna, edur oreinak eta arbolea sartu deuskue mundu osoko pantailetan. Hollywooden ez dago jaiotzen arrastorik be. Hori bai gabonetako espirituaren ganeko mezua jorratzen dabe behin eta barriro, baina kristinautasuna behin bakar baten be aitatu barik.

Hori guztiori dala eta, Aita Santuak be adierazo dau ez dala Gabonetako benetako zentzua galdu behar, erredentoreari harrerea egiteko zentzua, hatan be. Eta Erroman daukan bikarioak, Camilo Ruinik, fededunei dei egin deutse gabonetako ikurrei eusteko eta zintzotasunaren aldeko tradizino kristinaua ez baztertzeko.

Esanak esan, sartaldeko kultura honetan urteko kontsumo mailarik handiena gabonetan sortzen da. Kontsumoak aspaldi hil eban fedea.

Begiluzea

Ez jaiotzarik ez gabon kantarik. Euskal Herrian jaiegun honeetako erlijino sinbologia desagertzen doa apurka-apurka. Sinismen guztiak errespetetako preminearen izenean, gabon laikoak sortu dira. Eleizea hasarre bizian parau eta beraren fededunei dei egin deutse gabon kristinauetako ikurren alde egin daien.

Jaiotza eta gabon kanta bako ospakizunak

Jazokizun honen adibideetariko bat Nafarroako Castejonen be sortu da. Erriberako herri honetako ikastetxean gabon jaialdia ospatu ohi zan eta horren barruan jaiotza bizia. Aurten, zuzendariak ospakizun hau eta kristinautasunari lotutako sinbologia galarazo egin dauz, beraren eretxiz, eskolea eremu publikoa dalako eta bertan era guztietako bereizkeriak albo batera itxi behar diralako.

Antzeko zer edo zer pasetan da bestelako ikastetxe eta ume eskola publiko askotan; zentrootan gabonetako jaiotzea imini beharrean, ez da ezer preparau edo neguko paisaje hutsen alde egin da, hau da, urrezuri koloreko errekak, goroldioz beteriko mendi lepoak eta kortxozko mendiak. Betiko paisajea, baina jaiotza barik.

Dana dala, jazokera honek mugak zeharkatzen dauz joan-etorriko biajean. 2004ko gabon laikoetako beste ikonoetariko bat Londresko Madam Tussauds Museo ospetsuan iminitako zerazko jaiotzea izan da, harik eta ezezagun batzuek ostikoka apurtu eben arte. Jaiotza honetan San Joseren ordez David Beckham agiri zan eta Ama Birjinearen ordez futbolariaren emaztea, Victoria Adams. Mundu osoak Beckham gurtzen dau, publizidade ikonorik ezagunetariko bat.

Itxaroten zan lez, eleizeak gogor eta sutsu egin dau jokabide honeen kontra. Iruñeko gotzainaren eretxiz, “eredu laiko eta kontsumitzaileak dan-dana iruntsiko dau. Bizitza publikotik erlijino erreferentzia guztiak ezabatu eta gizarte laiko bat egin gura dabenen erruz, ez dago Jaikoarentzako lekurik ez denpora tarterik be”.