Euskal Herriko Gazte Orkestreak kontzertuak emongo ditu Txinan
Antolatzaile txinatarrakaz adostutako musika-egitarauan Straussen polkak eta balsak dira nagusi. Gabonetako ohiko egitaraua da, Vienako Orkestra Filarmonikoaren Urtebarri eguneko kontzertu ospetsuan eskaintzen dabenerane antzekoa.
Straussen obrez gan, Bizet, Brahms, Mancini, Sarasate, Li Huanzhi, Aragues, Dvorak, Barbieri, Chapi, Vives, Granados, Txaikovski edota Bretonen piezak entzun ahal izango dira Txinako bira horretan.
Bizkaie!
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) presidenteak eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxako ordezkariek euskal orkestra gazteak Txinan zehar egingo dauan neguko birearen ibilbidea eta nondik norakoak aurkeztu ebezan oraintsu.
EGOko kideak abenduaren 23an abiatuko dira Txinarantz, eta 2005eko urtarrilaren 9rako bueltan izango dira. 30.000 kilometrotik gorako ibilbidea egingo dabe 18 egunetan, kontinenteen arteko bidaiak eta herrialde barrukoak kontuan hartuta.
Hogeita hamar gradu baino gehiagoko aldaketa termikoak biziko dabez biran, Guangzhou-ko 20 gradutik gorako tenperaturak eta Jinanen, barriz -10 gradukoak. Gauetako batzuk errepidean edo herrialde barruko hegaldietan igaroko dabez. Hasiera bizi-bizia izango bada be, birearen amaierea lasaiagoa izango da. Guztira, bederatzi kontzertu dagoz berbatuta eta segurutik Hong Kongen be emongo dabe beste bat.
Birearen leloa "Bene-benetako abenturea" da; esaldi horrek birako bizipenak baino gehiago jaso gura dauala azaldu eben aurkezpenean, kide askorentzat hegazkinez egingo daben lehenengo bidaia izango baita.
Musikari gazteek nazinoarteko bira profesional baten alde guztiak biziko dabez, kultura desbardina ezagutuko dabe eta benetan jakingo dabe zer diran etenik bako biajeak, nekea, deskantsurik ez hartzea, hizkuntza aldaketea, 'jet lag' izenekoa eta beste hamaikatxu gauza.
Danetara, 80 gaztek osotuko dabe espedizinoa, 42 mutilek eta 38 neskek. Batez besteko adina 20 urtekoa da eta lurraldeka ondokoa da banaketea: Gipuzkoako 26; Bizkaiko 22; Nafarroako 13; Arabako 9; eta Kantabria, Zaragoza eta Burgosko 10.
EGOren zuzendari artistiko Juan Jose Oconekin batera joango da Cesar Alvarez zuzendaria. Alvarezek ondo ezagutzen dau Txinako birea, lehenago be birritan egin daualako. Aurten, euskal orkestra gazteagaz abiatuko da.