Mingainen buru
Resurreccion Maria Azkue Aberasturi euskal idazle, hizkuntzalari eta folklore-ikertzaile bizkaitarra (Lekeitio, 1864 - Bilbo, 1951) izan zan Euskaltzaindiaren lehen burua. Euskaltzaindia sortu zanetik Azkue euskaltzain osoa eta lehendakaria izan zan. 'Real Academia de la Lengua Española'-ko kide izentau eben euskeraren ordezkari legez 1927an. Beraren lanen artean, 'Diccionario Vasco-Español-Francés' (1905) dalakoaren bi liburukiak dagoz; euskal aurrizki eta atzizkiak eta euskeraren kategoria gramatikalak batzen dauzan 'Morfología Vasca' (1923) eta beste hainbat lan be.
Inazio Maria Etxaide Euskal idazle eta injineru gipuzkoarra (Donostia, 1884-1962) Gipuzkoako telefono-sareko zuzendaria izan zan. Espainiako lehenengo telefono-zerbitzu automatikoa jarri eban. Elektronikearen ganeko lanak, euskerearen gramatikea, jatorri eta historiaren inguruko gogoetak eta olerki-bilduma batzuk argitaratu ebazan. Euskaltzain osoa izan zan 1942az geroztik eta euskaltzainburu 1952-62 bitartean.
Jose Maria Lojendio Irure abogadu eta euskal idazle gipuzkoarra (Donostia, 1910-79) Euskal Idazleen San Luis Elkartearen sortzailea izan zan. Euskal kulturearen eta gai juridikoen inguruko berbaldi eta artikuluak argitaratu ebazan euskal aldizkarietan. Euskaltzain osoa (1954-79) eta Euskaltzaindiako hirugarren euskaltzainburua izan zan berau (1963-66).
Manuel Lekuona Etxabeguren euskal idazle eta ikertzaile gipuzkoarra (Oiartzun, 1894-1987) Eusko Ikaskuntzako kidea zan eta, historia, antropologia eta artean aditua. Bertsoaren mundua ikertu eban; berbaldiak emoteaz gain, 'Métrica vasca (1918) eta 'Poesía popular vasca' (1930) lanak, eta bertsogintzearen formak eta baliabide poetikoak aztertzen dauzan 'Literatura oral euskérika (1935) obra bikaina argitaratu eban. Euskaltzain osoa izan zan 1949az geroztik, eta Euskaltzaindiako lehendakaria 1966-70 bitartean.
Luis Villasante euskal idazle eta gramatikari bizkaitar frantziskotarra izan zan. Berak Axularren obra sakonean aztertu eta ezagutzera emon eban: Euskaltzain osoa izan zan 1951z geroztik eta Euskaltzaindiako lehendakaria 1970-88 bitartean. EIZIEko ohorezko kide izentau eben 1996an eta Eusko Ikaskuntzako giza eta gizarte zientzietako saria jaso eban 1997an.
J. Haritschelhar jaunaren bizitzarik ez dogu aitatuko, izan be, ezaguna izan da orain arte egin dauan behar dana, eta auskalo oraindino be zenbat gauza egingo dauzan! Baina orain Andres Urrutiari tokau jako danon artzain izatea. Animo!
Xabier Paia
Ez daitela esan arbolak botatea dala aizkolariaren beharra, ondo baino hobeto dakielako berak noz zorroztu behar dauan aizkorea eta noz brilua atara. Kontua da Andres Urrutia legelaria arauak iminteko buru izentau dabela, eta komenigarria izango litzateke jakitea haren aurretik egondakoek zer egin daben eta zer izan diran. Baina horretarako hobe da abiapuntua hasierean imintea, hau da, Euskaltzaindia eta euskaltzainak zer diran argi ixtea.
Euskaltzaindia edo Euskerearen Akademia euskerearen babes eta zabalkundearen alde behar egiten dauan erakundea da. Espainia mailan Erret Akademia dogu (beste hizkuntza autonomiko danek daukien legez), eta iparraldean presentzia badauka, baina ez gura eta izan beharko leukena. Euskal Akademia hau euskaltzain osoek, euskaltzain urgazleek eta ohorezko euskaltzainek osotzen dabe. Lehenengoek osotzen dabe Erakundearen Osoko Bilkurea. Honeek euskaltzain barriak hautatzen dabez eta Erakundearen gobernuan boza eta botoa daukie. Euskaltzain urgazleek, ostera, lan-batzordetan parte hartu leikie.
Euskaltzaindiako partaideen artean honako izen danak topau ahal badoguz be (Patxi Altuna, Miren Azcarate, Jean-Louis Davant, Patxi Goenaga, Xabier Kintana, Henrike Knörr Emile Larre, Juan Mari Lekuona, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Pello Salaburu, Ibon Sarasola, Patxi Zabaleta edo Antonio Zavala, besteak beste), lehenago esan dodan legez, arreta berezia eskaini gura izan deutsegu Euskerearen Akademiaren buru izan diranei.
Euskaltzaindiak beraren historian zehar izan dauzan Euskaltzainburuen zerrendea honakoa da, bakotxari jagokozan kargu-datak emonaz: R. M. Azkue (1919-1951), I. M. Etxaide (1952-1962), J. M. Lojendio (1963-1964), M. Lekuona (1967-1970), L. Villasante (1970-1988), J. Haritschelhar (1989-2004) eta azkena, labatik atara barri dan Andres Urrutia (2004-…).