Barriketan  III. urtea // 90. zenbakia

Igor Elortza: 'ez dot sekula nire nagusitasunik igarri'

Jon Lopategiren markea oraintsu bardindu dau Igor Elortza durangarrak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketea laugarrenez irabazi eban Euskalduna Jauregian, lau mila begi baino gehiagoren aurrean. Halan da be, aurten ez dauala txapel-gose berezirik autortzen dau.

Bertsoakaz behar nahiko eukiko ez baleu legez, hainbat saltsatan dago sartuta Elortza, tartean Bizkaiko bertsolaritzearen historia batzen daben pare bat liburutan, Xabier Amurizaren gidaritzapean. Datorren udagoienerako lanak argitaratzea da helburua, baina tartean egiteko ugari daukaz Elortzak. Horreen ganean eta zelan ez, Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen ganean berba egiteko alkartu gara Durangon goiz euritsu eta hotz baten.

1.- Lehenengo eta behin, zorionak Igor, laugarrenez Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela jantzi dozu eta. Pozik egoteko arrazoi nahikoa daukazula esan leiteke.

Egia esan, bai. Finalera bertsotan ondo egitera joan nintzan, gustura ibili nintzan, bertsotan erraz eta... pozik nago.

2.- Azken hamalau urteotan egin diran Bizkaiko Bertsolari Txapelketa guztietan hartu dozu parte, eta azken lauretan jantzi dozu txapela. Txapelketan jaun eta jaube zarala uste dozu?

Ez, eta aurten gitxiago, eta... aurrekoetan be ez. Egia da Bizkaian orain arte, eta oraindino be (lehengo egunean ikusi zanetik), koska bi dagozala. Nire lehenengo buruz-burukoa Unai Iturriagagaz egin neban, hurrengoa Aritz Lopategigaz eta azkenengo biak barriro Unaigaz. Horreek beti ikusi dodaz hur eta ez dot sekula nire nagusitasunik igarri. Aritzegaz jokatu nebanean, berak oso txapelketa ona egin eban eta gauzea ondo estu egoan. Aurten, akaso nerbioak dirala eta, finalean gehiago erakutsi ahal eben eta erakustea toketan jaken beste batzuk be egon dira hor, semifinaletan bertsotan oso fin ibilitakoak ganera, Etxahun Lekue, Xabier Paia, Arkaitz Estiballes eta beste asko... Hor, gutandik oso hur dagoan taldetxua dago.

Halan da be, Unaik eta biok askotan kantau dogu plazatan eta horrek konfiantzea emoten dau, txapelketan bertan be bai. Finaletan egotera ohitu egin behar da, Euskalduna, 2.000 lagun zuri adi, txapela jokoan... Horretara ohitzeko denpora apur bat behar da eta normala da labankada batzuk egotea bitartean, jente barriagoen artean batez be. Nahiko maila antzekoan dagoan taldetxua dago eta aurtengo finalean betiko eskemea errepetidu arren, joan aurretik ez neban ezelango nagusitasunik sentidu, eta egia esan, ondo dator finalera bildur apur bategaz joatea.

3.- Fredi Paiak oraintsu zutabe batean idatzitakoaren arabera, etorkizunean mendebaldeko bertsogintzearen erreferentzi izango diran hainbat bertsolari batu ziran domekako finalean. Holan dala uste dozu?

Bai, baina uste dot jente horrek plazan be euren aukerea eukitea falta dala erreferentziatzat jo ahal izateko. Txapelketeak oihartzun handia dauka, jenteak ezagutu egiten zaitu eta zure mailearen barri dauka, baina gero plazatarako aukerarik ez badaukazu, gatxa da erreferentzia bihurtzea eta zeure buruagaz konfiantzea eukitea. Ikusteko dago hemendik pare bat urtera horreek guztiek aukerarik eukiko ete daben. Euskal Herriko Txapelketan hartuko dabe parte eta seguru kanporaketetara Bizkaiko txapelketako finalera baino trankilago joango dirala eta eurena erakusteko aukerea eukiko dabela uste dot. Orain arte, Aritzegaz batera Unai eta biok erreferentzia izan arren, argi dago bi baino gehiago garala.

4.- Bizkaiko bertsolaritzearen nibelak gora egin dauala be entzun da aspaldion.

Nik uste dot baietz. Ez dira goizetik gauerako aldaketak, baina nibelak gora egin dauala uste dot. Daborduko hamalau urte dira lehenengo txapelketan parte hartu nebanetik, eta ordutik hona desbardintasun garbiak dagoz. Esango neuke azkenengo zortzi urteotan emon dala aldaketa gehien, saioen erritmotik bertatik hasita. Gaia ipini eta lehenengo bertsolaria hasteraino pasetan dan denporea, alboko bertsolariak esaten dauanaren arabera norberaren bertsoa zelan egiten dan, neurri luzeetan bertsoa osotzeko eta ondo betetako kapazidadea... horreek danak ikusita, ez dago dudarik nibelak gora egin dauanik. Ganera, nortasundun jentea badagoala ikusi da aurten.

Beharbada aurtengo finalean penea izan da, guretzat baino, jentearentzat, buruz-burukora Unai eta biok heltzea eta beste bertsolariren bat ez sartzea hor. Ikusmin handia egoan eta nibel hori oraindino gauzatu barik egongo balitz legez geratu zan finalean. Baina hor gabizanontzako, Xabik, Etxahunek, Arkaitzek, Igorrek, Fredik... egin leikena ez da ezustekoa, badakigulako zein mailatan dagozan bertsotan.


5.- Euskalduna Jauregian aulki bat bera be ez egoan hutsik. Bertsozaleen kopuruak be gora egin dauala esango zeunke?

Lehenengo txapela 98an Arriaga antzokian lortu neban nik, 1.300 lagunen aurrean, eta ordurako pare bat txapelketatan jentea kanpoan geratu behar izan zan. Gero Euskalduna zabaldu eben eta momentu haretan apustu handia izan zan Euskalduna Jauregira saltoa emotea. Arriagan kanpoan geratu ziran batzuk, bai, baina 1.300etik 2.200era alde handia dago, eta antzokia hutsik dagoanaren sentsazinoa eukitea makala izango litzateke, bai bertsolarientzat, antolatzaileentzat eta baita publikoarentzat be. Baina txapelketea bertan egin zan lehenengo urtean ia beterik egon zan eta aurten be bete-bete egon da.

Finalaz gan, kanporaketatan eta semifinaletan egon dan jente kopurua be kontuan hartu behar da. Holan ba, Bizkaian bertso-maileagaz batera, publikoak be gora egin dau. Zaleak gero eta gazteagoak dira eta urte batzutarako esperantzeagaz egoteko moduan gagoz, eta zelan ez, beharrean.

6.- Unai Iturriaga, lagun handia izateaz gan, bertsotan ‘arerio’ be badala esan geinke. Finalean, biak zinien faborito. Saioan zehar, pentsau zendun momenturen batean Iturriagak berak txapela kenduko eutsula?

Alde horretatik, sentsazino arraroagaz egon nintzan finalean. Laugarren txapela zan eta egia esan, aurten ez dot euki txapel-gose berezirik. Horrek ez dau esan gura ez nebala gura irabazi, baina ez neukan ezer erakutsi beharrik. Lehenengo txapela erdi ezustean irabazi neban, bai niretzat eta bai jentearentzat be. Horregaitik bigarrena lehenengoa kasualidadea ez zala erakusteko irabazi gura izan neban. Eta hirugarrena irabazteko gogoa be baneukan, Euskal Herriko Txapelketan nahiko gris ibili ostean.

Oraingo honetan ez naz ezelako kalkulurik egiten ibili eta trankil egon naz, beti be normala dan ‘bildurtxuagaz’. Ganera, zortzitik birako saltoa emotea nahikoa izan zan niretzat, trankil geratu nintzan, eta uste dot Unairentzat be holan izan zala. Ondo ezagutzen dogu alkar eta bagenkian saioa polito joango zala handik aurrera, eta gero, gerokoak. Izatea izan behar zana, eta Unai izango balitz be, poztu egingo nintzake.

7.- Beragaz osotzen dozun ‘binomioa’ apurtzeko zorian egon dala sentidu dozu aurtengo txapelketan?

Aurreko asteetako panoramea ikusita eta Unaigaz berba egin ostean, egia esan, bai. Unai ez egoan konfiantzaz, eta finalean Arkaitz eta Fredi, azken hau beraren estilo ekintzaile-suizida horretan, polito ibili ziran. Fredi, ganera, inoz baino hobeto ikusi neban. Saioaren tartean kafea hartzen gengozala, ‘zuk poto egin dozu, nik ez dot egin, harek egin dau...’ entzutean pentsau neban Unai eta biok sartuko ginala buruz-burukoan. Eta ez dot guzurrik esango: nik neuk hori gura neban. Badakit jenteak aldaketea gura dauala baina lotzen gaituan laguntasunagaitik batetik eta bertsotan be alkar ondo ezagutzen dogulako bestetik, maila ona emongo ebala banekian eta nik gurago neban beragaz egitea.

Buruz-burukora biok pasau ginanean pentsau neban: ‘eroan dagiala txapela etxera juezak emoten deutsienak eta egin daigun bertsotan’.

8.- Finalean emakume bakarra egon zan, Iratxe Ibarra. Halan da be, Durangoko Kafe Antzokian zortzi finalistak batu zinien egunean esan zendunaren arabera, zuk ez dozuz bertsolariak generoaren arabera sailkatzen.

Ulertzen dot jenteak horreri begiratzea, zein dan gazteena, zeinek kantetan dau lehenengoz Euskaldunan... estadistika kontuak dira horreek bertsolariontzat, umetatik ohituta gagozalako neskakaz batera kantetan. Polita izango da, egunen baten, final batean sei andrazko eta gizonezko bi ikustea, eta horrek bertsolaritzan eragina eukiko dau, gaietan eta gaiak jorratzeko eran batez be.

Bertso-irakasleek askotan esaten dabe umetan neskak gizonak baino finagoak izaten dirala, eta gehiago ganera, baina adinak aurrera egin ahala, nesken kopuruak behera egiten dau, plazara urtetako bildurraren eraginez batez be. Baina harritxu horreek bidetik kendu behar dira.

9.- Bizkaierea asko entzun da txapelketan, eta zuk zeuk be bizkaieraz kantau dozu.

Bai. Orain dala urte batzuk hasi nintzan bizkaieraz kantetan, Amurizaren eraginpean. Hasieran gatxa izan zan, batueraz ikasi dodalako batez be eta biak nahasteko arriskua dagoalako. Bertoko entzuleak bertsolaria hurrago sentiduten dau bizkaieraz kantetan badau eta tresna oso garrantzitsua da.

Beste alde batetik, norbera be norberakandik hurrago sentiduten da bizkaieraz kantetan, eta bertsotegi bera be aberastu egiten da. Jenteak eskertu egiten deutsu bizkaieraz kantetea, ez jako arrotz egiten.

Azken aldian Bizkaitik kanpora eta Euskal Herriko Txapelketan be bizkaierazko berbak erabiltea pentsetan nabil. Holan, batetik bertsoak aberastu egingo dira eta geure kolorea hartuko dabe eta bestetik, jenteak hurrago sentiduko gaitu.

10.- Gaur bertso-bazkaria, bihar bertso-afaria, etzi triki-bertso-poteoa... Zer dinoe horretaz neska-lagunak, familiakoek eta kuadrilakoek?

Daborduko ohituta dagozala uste dot. Orekea topetea da onena. Ez dira ingurukoak ahaztu behar eta ganera, norberak ez dau ingurukoak ahaztuteko gogorik eukiten. Kuadrilakoen kontua aldatzen doa edadearen arabera. Hogei urtegaz eurakaz gura dozu parrandaz parranda ibili asteburuetan, baina saioek ez deutsue ixten. Baina orain beste era batera ikusten dot kontua.

Familia askotan gogoratzen dot eta neska-laguna zaintzen ahalegintzen naz. Eta ez bakarrik eurakaitik, neugaitik be bai. Azkenengo urteotan egin dodan saio-kopurua baino gehiago ez dot gura, beste gauza batzuk be egin behar diralako, baita oportxuak hartu be.

11.- Zure hurrengo jomugea Euskal Herriko Txapelketea ete?

Bai, bada, baina oraindino asko geratzen da, urtebete, eta ez dot gura lar estutu. Orain hiru urte kantsauta heldu nintzan, tematuta. Lehenengo plazarik plaza ibiliko naz bertsotan, urte erdi edo, eta gero... egingo da egin behar dan lana.

Saioa Torre Gereketa