Kulturea  III. urtea // 90. zenbakia

Literaturearen eta filosofiaren uzta barriak liburu bitan


Literaturea albo batera itxita, eta hausnarketa filosofikora hurreratuta, beste lan interesgarri bat be argitaratu da egunokaz. Lan hau, barriz, euskera hutsean urten da kalera. Hain zuzen be, UEUko Filosofia Sailak “Filosofiako gida. Filosofian aritzeko oinarriak: gida bibliografiko eta metodologikoa” lan-tresna garrantzitsua plazaratu dau. Horrek ez dau esan gura oin arte euskeraz holakorik egon ez danik, baina bai egon dana oso urria izan dala.

Estatus akademiko, lanbide eta jatorri askotako personek osotu dabe liburua: ikertzaile eta irakasleak, lizentziadun barriak eta irakaskuntzan ibilbide luzea egindakoak izan dira lantalde horretako kideak. Testu guztiak beren-beregi liburura begira idatzi dabez, eta danak euskeraz. Hau guztiau biribiltzeko, irailean "Filosofiako terminoak euskeraz" deitutako mintegia antolatu eban UEUk, eta bertan batu ziran filosofia eta euskera gaietan adituak. Lan horren emoitzea da liburuari amaieran gehitutako terminologia hiztegia. Liburua oso baliogarria izango da filosofian jarduten dabenentzat, ikasleentzat eta interesa daukan edozeinentzat be bai. "Maila akademiko handikoa da eta atzerrian egiten diran liburuen mailan dago", esan dau Iñaki Sotok, UEUko Filosofia Saileko arduradun eta liburuaren sustatzaileak.

Julen Gabiria

Iñaki Aldekoak “Historia de la literatura vasca” (Erein) liburua argitaratu barri dau. Bertan, ikuspegi literarioari lotuta, idazkera modernoari leku berezia egin deutso.

Euskal literaturearen ganeko historia bat baino gehiago idatzi izan dira orain arte, Koldo Mitxelenak, Jon Juaristik eta Jean-Baptiste Orpustanenak, besteak beste. Lan horreek aintzat hartzeko modukoak dira, dala bidea zabaldu dabelako, bibliografía interesgarria erabili dabelako edo erreferentzia diralako; baina Iñaki Aldekoaren “Historia de la literatura vasca” obra orain arte egindakoetatik desbardina eta sano personala dala esan geinke. Bertan, Aldekoak 1970etik aurrera idatzitakoari beste askok emon ez deutsen garrantzia emon deutso, liburuaren herena garai eta literatura horreri eskainita. 1900. urtera arte idatzitakoari beste heren bat emon deutso. Ganerakoa, 1900-1970 urteen artean idatzitakoari. Testuinguru literarioari emondako garrantzia be azpimarratzekoa da; izan be, euskal literaturea nazinoarteko testuinguruaren barruan sartzen dau, Espainiako, Frantziako eta mendebaldeko literaturearen testuinguruan, egilearen arabera ezin da-eta “gure Euskal Herriaren eta gure literaturearen historia mendebaldeko historiatik kanpo ulertu”.

Autoreak adierazo dauanez, “liburu hau ez da dibulgazinokoa. Nire ezagutza guztiak erabili eta muinera heldu gura izan dot”. Ganera, kontuan euki behar da EHUko irakaslea dan Iñaki Aldekoak narratibotasunari heldu deutsola: “Jasota neukan informazino guztiagaz, argi neukan narrazino bat idatzi behar nebala, kontakizun bat eregi, eta kontakizun horretan neure burua topau behar nebala. Narratibotasun hori dala-eta, salto kronologikoak emon behar izan dodaz liburuan, eta datu batzuk albo batean itxi behar izan dodaz”.

Obra honen barrikuntzetako bat XIX. mendeko poeten eta bertsolarien arteko hartu-emonen azterketea da: literatura kultua eta herrikoiaren arteko mugea, noraino ziran bertsolari eta noraino poeta orduko bertsogileak, beste gai askoren artean.

Egilearen eretxiz, liburuaren azken atalean egongo dira irakurleen arteko desadostasunik handienak. Izan be, idazle bakotxaren testuinguru historiko estua sakrifikau egin dau, eta haren testuinguru kulturala eta literarioa, barriz, indartu. Hau guztiau egiteko dokumentazinoa eta horren gainean idazleak egindako errelatoak hartu dauz oinarri nagusi legez. “Literaturearen historia batzuk ikerketa filologikoan gelditzen dira, eta nik ulertzen dodaz filologoak, testuaren bersino ona egin behar izatea hain zuzen be; baina garai horreek ikuspegi filologikoan geratzen dira eta niri, barriz, intertestualidadea eta kontestualizazinoa interesetan jataz”.

Iñaki Aldekoak gaztelaniaz argitaratu dau beraren azken lan hau, idazten hasi zanean ez eukan-eta historia bat idazteko asmorik: “Euskal poesiaren inguruan Madriletik eskatzen eustiezan artikuluak idazten hasi nintzan, eta gero hartu dau liburuak forma hau”. Behin liburua amaituta, ikusi dau “euskaldunei be interesa leioela”.

Askoren eretxiz, balio handikoa da kanpora begira, ze “gaztelaniazko irakurle ikasiek euskal literaturearen gainean jakin beharrekoa liburu honen bidez ikasi daikie”, esan eban Ibon Sarasolak liburuaren aurkezpenean. Halan da guztiz be, eta askok pentsau ahal dabenaren kontra, ikastetxeetarako esku-liburu izateko baino, obrea konsultarako lan moduan ikusten dau Aldekoak. Horregaitik, momentuz euskerazko itzulpenik buruan ez badauka be, “irakurleek holan eskatu ezkero” euskeratuko dauala iragarri dau.