Txapeldun gaiak
Zerrendako bigarrena akaso ez da gaijartzaile legez horren ezaguna, baina ETBko aurpegi ezaguna da ezpairik barik; Jose Mari Iriondo euskal kulturearen irudiagaz lotutako personea da. Telenorten hasi eta ETBrako saltoa emon bitartean, oholtza ganeko edozein jardun baino lehen ohikoa izan da bere ahotsa entzutea aurkezpen legez. Horretan be, bertsolarien arteko kontuetan sarritan ibilitako gai-jartzailea da, txapelketa zein plaza, inprobisatzaile askoren domadore izan dana.
Aitatzen diran besteen artean, ezagunenak Bernardo Mandaluniz, Laxaro Azkune eta Mikel Taberna dira, Txapelketa Nagusietako aurpegi eta boz ezagunak. Lehenengoa sendagilea dogu ogibidez eta igarri be egiten jako; botikina eroaten dau saio gehienetara eta ondo baino hobeto zaintzen dauz beraren bezeroak, pazientzia handiz. Laxaro Loiola Irratiko ahotsa izan da urteetan, eta gatxa izaten da jakiten noz dabilen besterik barik berbatan eta noz ari dan gaia iminten. Azkenik, edanzaleen gustuko naparrak ospea eta sona irabazi dauz Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko saioetako puntuak emoten: hirutan hogei...
Gai-jartzaileek esaten dabe ez dagoala gai txarrik bertsolari onentzat eta bertsolariek esaten dabe ez dagoela bertsolari txarrik gai onentzat. Itauna ondokoa da: bertsolari eta gai guztiak gai ete dira?
Xabier Paia
Egun, ia bertso plaza danatan dauka lekua gai-jartzaileak: areto handietako jaialdietan zein lagun-arteko bazkari eta afarietan, txapelketetan zein sortzen joan diran saio mueta barrietan. Gitxi emoten dauan arren, ‘gai-jartzaile’ terminoaren itzulpenak berak erakusten dau zeinen gatxa dan azaltzea bertsolarien ondoko persona horrek zer egiten dauan: ‘topic prompter’, ‘emetteur de themes’, ‘conductor’, ‘señalador de temas’... izan be, gauza asko egiten dauz aldi berean. Gai-jartzaile handi bategaz behin komentau neban legez, ‘bertso-saio bat zugatz bat bada, gai-jartzaileak enborra izan behar dau: sendoa, bertsolari “adarrei” eutsiko deutseena eta saio osoa, ondo sustraitutako gaiakaz, gora altzauko dauana”. Eta hori bai, loreak eta frutuak adarretako kimuek emon behar dabez, ez mukuruak’.
Horreek oinarriak kontuan hartuta, abenduaren 22an, Algortako Bertsolari Eskoleak (ALBEk) eta Getxoko Euskera Zerbitzuak antolatuta, urtez urte itxurea hartuz doan AHOBI sari-banaketea egin zan Getxo Antzokian. Ekitaldiari arrastiko 19:00etan hasierea emoteko, bertso musikatuak entzun ziran eskolearen kontura, gai-jartzailetzaren inguruan jarriak. Ostean, bertsolari dirala erakutsi eben Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak; Peio Unzurrunzaga ibili zan gai-jartzaile lanetan. Izan be, gai-jartzailetzea saritu eban edizino honetan AHOBIen galeak, gai-jartzaile ibilbide luzea egindako personak hain zuzen be; Alfontso Irigoien zana, Jose Mari Iriondo, Jose Mari Aranalde, Bernardo Mandaluniz, Laxaro Azkune, Mikel Taberna, Joxepa Madariaga, Nikolas Zeberio eta horren gai-jartzaile ezagunak eta horrenbeste gai on emon dauan Mungiako Bertso Eskolea dira aurtengo sarituak.
Sakonago aztertu beharko geunke gorputzez ez baina arimaz bizirik dagoan gai-jartzaile handienaren bizitzea: ohorezko AHOBIa Alfontso Irigoien Etxebarria (Bilbo, 1929-96) filologo, idazle eta olerkari bizkaitarraren sendiari emongo jako. Irigoienek filologia klasikoko ikasketak egin ebazan Salamancan. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria berreregi eta indartu eban, besteak beste; era berean, liburu asko argitaratu dauz: Sorterriaren alde (1976), Herrian bizi gara (1979), Orbel eta orri (1980), Las lenguas de los vizcaínos: Antroponimia y toponimia medievales (1985), En torno a la evolución y desarrollo del sistema verbal vasco (1985), Hi ta ni garade zu, to ez date no (1989), Kultura-hitzak euskaraz (1995)... Lau poema-liburu idazteaz ganera, bertsolari-txapelketen antolatzaile, bultzatzaile eta epaimahaikidea izan zan. Gehiago esatearren, gaur egun ezagutzen dogun txapelketa estiloa beraren ideia izan zan; horrezaz gan, urtez urte informazino ugari batu eban berak eta jakituria iturri horreek fondo batean batu dira.