'Demokrazia dolu-aldian' eta 'Espainian delitua da isilik egotea'
Argentinatik
Demokrazia dolu-aldian
Espainiako gobernuaren epai-besoak, Baltasar Garzon epaileak Batasuna euskal alderdi politikoaren jardueren etena xedatu dau. Erabagi hau bat dator eskuineko PP alderdiko espainiako gobernuko presidenteak gidatutako eraso politiko mediatikoagaz. Aznarren gobernuak Batasuna legez kanpo ixteko asmoagaz alderdi politikoen lege barria jarri dau indarrean. Lege barriagaz bidezkoa da alderdi politikoak ilegalizetea alderdien ekintza eta adierazpenak delitu ez diranean be. Ideiak zigortzea, intoleranteen betiko helburua gauzatu egin da gaur egun espainiako erresuman.
Aznarren jarraitzaileentzat Batasunaren eta ETA erakunde armatuaren ideologia bardin antzekoa da: 'ETAk herritarrak hil eta Batasunak ekintza horreek txalotu egiten ditu' adierazo eban oraintsu PPko bozeroaleak Diputaduen Kongresuan. Arrazoi horreek faltsuak dira. Batasunaren ideiakaz bat ez etortea aukera bat da, baina Francisco Franco diktadorea hil ostean zabaldutako transizino politikoaren hasikeratik, legearen barruan beharrean dabilen euskal alderdi politikoa da. Ordutik honako hauteskundeetan euskal herritarren % 12-18 bitarteko botuak jaso ditu. Ordezkariak daukaz Euskal Legebiltzarrean eta Nafarroakoan, eta euskal udalerri askotan alderdi horretako alkateak dagoz. Kontua ez da alderdi politiko baten alde egitea, espainiako agintariek aukeratutako totalismora eroango gaituan bide arriskutsuaren kontra egitea baino. Aznar neofrankistea buru dauen 'espainiar nazionalismo' barria, oposizinoan oso ahul dabilen PSOE alderdiaren laguntzinoagaz gero eta urrunago dago aniztasun demokratikotik. Terrorismoaren kontrako burrukearen atxakia ezin hobeto jatorko Aznarri euskal arazoa larregi zabaldu ez daiten. Aznarren benetako arerioa ez da ETA, Euskal Autonomia Erkidegoan nagusi diran euskal alderdi abertzaleen ideiak baino. Norgehiagoka eta deskalifikazino politikeak huts egin dau Euskal Herrian. Argi geratu zan azken hauteskundeetan; izan be, PPko hautagaiaren, Jaime Mayor Orejaren porrota sekulakoa izan zan, espainiako gobernu indartsuak kanpaina erraldoia preparau arren. Porrot horren aurrean, Aznarrek espainiako parlamentua erabili dau erasoakaz jarraitzeko, foro horretan gehiengo osoa dauela aprobetxauz. Talde batek indarkeria erabilteak ezin dau hankaz gora ipini herritar gehienek gura daben Euskal Herriaren autodeterminazino eskubidea. Demokraziaren paladin horreek zergaitik ez ditue benetako konponbideak bilatzen eta euskaldunei zergaitik ez deutsee eurei jagoken etorkizunaz kontsultea eskatzen?
Euskal Herriak bakea gura dau, baina horretarako nahitaezkoa da sektore guztien arteko alkarrizketea. Orain, ostera, Batasunaren ilegalizazinoagaz, Aznarrek konfrontazinoa berotu dau eta konponbidea baztertu. Inkesten arabera, herritarren gehiengoaren ustez espainiako presidentearen erabagiak ez dau balioko ETAren indarkeriagaz amaitzeko. Oraintsu Cesar Arrondok, FEVA, Euskal-Argentinar Erakundeen Federazinoko agintariak, ondokoa adierazo eban: 'Inuzente hutsak gara; ETA atxakia ezin hobea da espainiako nazionalismo konstituzionalisteak aurrera egin daian. Errealidadea, barriz, argia da: gaur Batasuna eta bihar, beharbada, EA, Aralar, Zutik, EAJ edo beste alderdi abertzale batzuk izango dira; aurrerago, autonomia estatutuaren aldekoen bila joango dira'.
Kontuak kontu, danok gagoz mehatxupean. Bere burua euskalduntzat daukan edozeinek edo euskaldunakaz bat datorren edozeinek salaketea jaso leike, hau da, terrorismoaren konplize edo lagun izatea. AEBetako presidentearen, George Bushen, pentsamendu bakarraren dotrineagaz bat etorriz, kasuan kasuko agintariakaz bat ez datorrenak sekulako deskalifikazinoak entzun beharko ditu. Euskal gizarteak gogor egin dau espainiako estaduaren gehiegikeria honeen aurrean, baina ziur nazinoartea be kontra azalduko dana; Europako Batasunean, esaterako, Giza Eskubideen ganeko Hitzarmena zeozertarako dago, eta alderdi politikoen debekuaren kontrako dotrina baketsua indarrean dago.
Argentinarra naz eta pozik eta harro nago herrialde honetan ez dalako alderdi politikorik ilegalizetan. Hori bai, askatasun zibikoen kontrako eraso honen aurrean, alkartasuna adierazo gura deutsat Euskal Herriari.
Federico Borras,
Urrundik, Euskal Elkarteko Presidentea.
PARANA-ENTRE RIOS-ARGENTINA
Espainian delitua da isilik egotea. Salbuespen egoerea
'Isilik dagoanak baietz esaten ei dau' esakera zaharra jurisprudentzia mailara jaso dabe espainian. Neurria salbuespenezkoa da, eta oraingoz alderdi ezkertiar independentisteari baino ez jako aplikau; zigortua Batasuna alderdi politikoa izan da eta arrazoia: ETAren atentaduak ez gaitzestea.
Egunkarietako lehen orrialdeetako titularretan sartzeko lehia horretan, Jose Maria Aznarren gobernu neofrankistea eta Baltasar Garzon epailea sutsu ibili dira erasoa lehenago emon guran. Garzonek aurrea hartu eta abuztuaren 26an alderdi politikoaren jarduera guztiak eten edo geldituarazo egin zituan, baina egun horretan bertan, Aznarrek bere arerioaren arrakastea arintzea lortu eban ilegalizazinoa abiatuarazoteko legegintzazko Osoko Bilkurea eginaz.
Batasunaren jarduerea eteteko epai-arrazoia enpresa eta alkarte pribatuetarako pentsautako Zigor Kodearen 129. artikuluan oinarritzen da. Artikulu horretan, alkarte, enpresa edo fundazinoen jarduerak bertan behera ixteko aukerea baino ez da aitatzen. Halan da be, instrukzinoko epaile batek auziperatuta ez dagozan milaka laguni euren oinarrizko eskubideetako bat ukatu deutsee, alkartzeko eskubidea hain zuzen be eta, hori guztia, pribatuan baino ez bada be, ilegalizazinoaren neurria zentzunbakoa dala onartzen daben espainiar epaile eta legelariak isilik geratu diran bitartean.
Arrazoi politikoak ETAren atentaduen aurrean Batasunak erakusten dauen isiltasunean oinarritzen dira. Espainiako presidentea, PPko agintariak eta PSOE ezkertiar alderdi independentistea ilegalizetearen alde azaldu dira, ETAren ekintzak salatzen ez ditualako. Ideiak kriminalizau ditue. Isilik egotea delitua da.
Espainiako botere politiko eta judizialaren artean ondo zehaztutako plangintzek helburu argiak ditu hauteskundeei begira. Erabagi honegaz Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua desestabilizau gura dabe eta Euskal Herriko politika eta gizarte arloetan zatiketea eragin. Gehiengo osoaren babespean, konstituzinoaren kontrako erabagiak bildur barik apliketan ditue.
Gaur egun, Euskal Herria hiru zatitan bananduta dago: Euskadi, Nafarroa eta Iparraldea; horrezaz ganera, Irlandaren ondoren, Europako erreginorik militarizatuena da. Euskal preso politikoak 700dik gora dira. Espainiak, hirugarren urtez jarraian, Amnesty International erakundearen salaketea jaso dau torturea modu sistematikoan praktiketeagaitik eta, gauzak holan dirala, Nafarroan gero eta traba gehiago ipinten jakoz euskerearen irakaskuntzeari eta ikurrinea ilegalizetako proiektua oso aurreratuta dago; PP, alderdi neofrankisteak eta PSOEk uko egin deutsie autodeterminazino eskubidea errespeteteari eta alkarrizketeari eta gogor jo dabe Euskal Herriaren eta euskal herritarrek euren etorkizuna erabagiteko daben eskubidearen kontra.
Daniel C. Bilbao,
Euskal Diaspora Elkartea, LA PAMPA-Argentina
Politika gaiak pil-pilean dagoz uda sasoiaren azkenengo txanpan eta 2002ko abuztuaren 26a (Baltasar Garzon epaileak Batasunaren jarduerea eten eta espainiako gobernuak Batasunaren ilegalizazino prozesua martxan ipini eban eguna), 2001eko irailaren 11a legez ondo markauta geratu dira hankaz gora dabilen munduaren historian. Batasuna alderdi politikoaren ilegalizazinoak bazterrak astindu ditu eta herri honek behar eta merezidu dauen konponbidea gero eta gatxago eta urrunago ikusten da.
Ilegalizazinoaren auzia munduko txoko gehienetara heldu da eta kontrako eta aldeko eretxiak ugaldu dira. Munduan zehar bizi diran euskal herritarrengana eta euskal herritarren ondorengoengana be heldu dira hemengo gorabeherak eta urrun dagozan arren, ardura bereziagaz hartu ditue.
Gaiaren harian, euskal jatorriko askoren bizileku dan Hego Ameriketako 3. herrialderik handienetik, egoera politiko, ekonomiko eta sozial larria bizi dauen Argentinatik pare bat e-mail jaso doguz gure erredakzinoan (bidebatez, gure aupadarik beroena Argentinan bizi diran euskal jatorriko guztiei); hona hemen idatziok: