Igor Elortzaren laugarrena
Atzo kantautako bertso batzuk gogoratuko doguz. Zortziko nagusian Elortzak eta Estiballesek batera kantau eben. Bilbotarrak dira biak, Igor oso gustura dago Bilbok azkenaldian hartu dauan etxura aldaketeagaz eta Arkaitzek gurago dau lehengo Bilbo.
Elortza:
Erreka buelta lehenik barriztu
Abandoibarra atzen
zure jarrera ulertzea da
niretzako Arkaitz gatxen
gustokoa dot zelan dabilen
gure hiria aldatzen
oin zapatilak zikindu barik
urten leike paseatzen.
Estiballes:
Lehen zapatilak zikintzeko zen
bidean txakur korotza
ta Euskalduna edo Guggenheim,
ez al du ematen lotsa?
Urte birik behin entzuten baita
euskaldun baten ahotsa
azala polit jarri diote
baina hil zaio bihotza.
Elortza:
Zure ustean bihotzik barik
gure hiria dago grabe
nire ustean hau da etorkizun
bateko hiriko zutabe
Guggenheim eta Euskaldunagaz
gara europeoen pare
eta zulako nostalgikoentzat
tranbia be jarri dabe.
Estiballes:
Bai jarri dabe metro polit bat
eta tranbia ederrik
baina ez dago garai bateko
amets edo zubi zaharrik
triste nago bai baina ez dut gaur
hemen egingo negarrik
denontzat Bilbo nahi dugu ta ez
aberatsentzat bakarrik
Elortza:
Aberatsentzat ei da Bilbo hau
hori bai berba ustela
ez dozu maite Azkuna haundiak
ipini daben nibela
edozer egin ta esango dozu
dana txarto dagoela
bizarrean be igartzen jatzu
batasunoa zarela.
Estiballes:
Abertzale ta ezkertiarra
neure bizitza guztian
izan nahiz eta arriskutsua
al dugu hori agian
barneko aldaketa bat dauka
gaur gure Bilbok premian
gero ta jende gehiago dago
bizitzen zubi azpian.
Bakarreko lanean bertso bi botateko gai hau imini eutson Bernar Mandaluniz gai-jartzaileak Elortzari: “Egunokaz bete dira ehun urte Telesforo Monzon abertzale ezaguna jaio zala”. Manu Chaoren doinuaren aldaera ezaguna erabili eban barriro Igorrek:
Aristokrata jaio zan baina
izan zan gizon noblea
gerra garaiko ministroetan
besteak baino hobea
kontzientzi ta adorea
ta batez be ohorea
gerra ostean lotu ebazan
hego ta iparraldea
eta zein dogun bidea
lortzeko libertadea
hemengo inork jakin nahi badau
bera da adibidea.
Gerra ostean abertzaleen
artean hamaika kaos
gaur egunean pentsatzen jarri
ta geu be antzera gagoz
ni bertsotan nabil ahoz
Telesfororen altaboz
baina alperrik doaz puntuak
igaroz eta igaroz
bat hor egon leike ados
bestea aurpegi arraroz
Telesfororen berbak hor dagoz
nireak soberan dagoz.
Azken buruz burukoan, hurrengo kartzelako gaiari kantau eutsien bi bertsolariek: “Azkenaldian gure herrian izan diran gertakizunek esperantzarako bidea zabaldu dabela esan geinke. Bideratuko ete dogu oraingo honetan?”. Unai Iturriagak habanera doinuan botatako hiru bertsoetatik bigarrena hemen, saioko bertsorik borobilena:
Gure arazoak deuko
errorea oso sakona
txistea egin leike baina
gurea ez da ez broma
zenbat biderrez jo dogun
jakin arren zuzen horma
zenbat bider ahaztu dogun
sufrimenduan dagona
oin sukalde ordua da
ja hartu dogu aroma
zerbait egin dagiela
ta izan daitela ona
tortilla bada be euko dau
mereziko dauan sona
baina danon arraultzekaz
ta izan daitela danona.
Txapeldunaren agurragaz amaitu daigun. Berea izan zan Euskaldunako azken berbea eta halan izango da atal honetan be. Zorionak Igor!
Doinua: 'Haizea dator ifarraldetik'
Zer dala eta igon ete da
Bizkaian bertso nibela?
Zein joan izan da, zein joaten da
ikasgelaz ikasgela?
Zeinek atontzen deuskuz saioak
komeni jakun bezela?
Txapelketan be nok ipini dauz
oholtza eta kartela?
Zein, Txiplas, Peru edo Txapina
baino hobea kartzela?
Nortzuk zarie zale fijoen
hirurehuneko tropela?
Topikoetan topikoena
badakit izan leikela,
baina gaur kendu egin behar dot
zuen aurrean txapela.
Iñaki Aurrekoetxea
Jon Lopategiren markea bardindu eban atzo Igor Elortzak Bilboko Euskalduna Jauregian, Bizkaiko Txapelketea laugarren biderrez irabazita. Bertsozalez goraino betetako areto nagusian, Bizkaiko bertsolaritzearen egun handia ospatu zan. Saio dotorea baina distira larregi bako lehenengo atalaren ostean, Igor Elortza eta Unai Iturriaga pasau ziran buruz buruko azken atalera. Arean gora egin eban saioak bi durangarren arteko lehia daborduko klasikoagaz, eta azkenean Igor Elortzak jantzi eban txapela. Epaileek emondako puntuak honeek izan ziran:
Igor Elortza: 853
Unai Iturriaga: 835
Arkaitz Estiballes: 437,5
Fredi Paia: 437,5
Igor Muniategi: 430
Iratxe Ibarra: 429
Xabi Paia: 420,5
Etxahun Lekue: 401,5
Elortza hasikeratik nabarmendu zan eta saio guztiak txukun baino txukunago beteta, aldea batzen hasi zan, ganerakoen gorabeherak lagun. Unaik buruz burukoan Igorrek baino lan hobea egin eban, baina ezin izan eutson aurretik ekarren desabantailari aurre egin. Hurrengo postuetan parekotasun dezentekoa. Arkaitz dotore, eta bakarreko bigarren bertsoan egindako potoagaitik ez balitz, bigarren postutik oso gertu ibiliko zan. Fredik, Muniategik eta Iratxe Ibarrak saio polita osotu eben, aurrekoen antzean distira askorik barik baina. Xabi Paiak eta Etxahun Lekuek espero baino gitxiago emon eben, baina finala finala da, eta bertsotan ez da erraza beti asmetea. Zortzi bertsolariek merezidu dabez zorionak, finaleraino heldu eta 2.200 bertsozale gozarazoteko egindako ahaleginagaitik.