Andres Urrutia, euskaltzainburu barria
Andres Urrutia, euskaltzainburu barria
Andres Urrutia Badiola bilbotarra da, 1954ko abenduaren 21ean jaioa. Batxilergo ikasketak Indautxuko Jesuitetan egin ebazan. Deustuko Unibersidadean Zuzenbide ikasketak amaitu eta 1976an lizentziau zan abokatu-ekonomista sailean. Ondoren, notarioa izateko oposizinoak preparau ebazan eta, gainditu ostean, Ondarroako notarioa izan zan, 1981etik 1994ra arte. 1994tik Bilbon notario dihardu. Bestalde, Deustuko Unibersidadean Zuzenbide Fakultadeko irakasle da.
Deustuko Unibersidadean Euskara Juridikoa Mintegia sortu eban, eta, gaur egun, horren eta Zuzenbide Fakultadeko euskara koordinatzailea da. Bestetik, 1984tik 1988ra bitartean, Euskerearen Aholku batzordeko kidea izan zan. Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu eban legelarien batzordean parte hartu eban.
Aldi berean, arlo juridikoan ondu ditu hainbat lan lexikografiko eta terminologiko euskerearen inguruan, batez be, UZEI elkartean (Administrazio Hiztegia, Zuzenbide Hiztegia, Hirigintza Hiztegia...). Horrezaz gan, Labayru ikastegiko kolaboratzailea da eta udako ikastaroetan irakasle.
Literaturearen arloan, euskerazko autore klasiko batzuen edizinoak preparau (Eguzkitza, Eusebio Erkiaga...), eta narrazinoak eta itzulpenak egin ditu.
Testu juridikoen itzulpenak be egin ditu, eta, Gotzon Loberarekin batera, Deustuko Unibersidadeak argitaraturiko euskarazko zuzenbide eskuliburuak koordinau (zuzenbide zibila, merkataritza zuzenbidea, zuzenbidearen historia, lan-zuzenbidea....) eta lege-testuen bersino elebidunak, gaztelaniaz eta euskaraz, berbarako, 2003an, Espainiako Konstituzinoaren euskerazko bersino eguneratua, Euskaltzaindiak egina, Deustuko Zuzenbide Fakultadeko hainbat irakaslegaz batera.
Bide beretik, 2004an, argitaratu da hainbat urtetan zehar eginiko lana, hau da, Kode Zibilaren euskerazko bersinoa, historian lehenengo aldiz. Deustuko Unibersidadeko Zuzenbide Fakultadeak, Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egin dabe lan hori, eta Andres Urrutia lan-talde horren buru izan da.
Oro har, Zuzenbidearen alorreko euskara teknikoa lantzeko egin eta egiten dauan lana azpimarratzekoa da, besteak beste, ondoko bi liburu honeen bitartez: Euskara legebidean eta, Gotzon Loberagaz batera, Euskara, zuzenbidearen hizkera. Era berean, antxinako testu juridikoak ikuspegi juridiko-linguistikoetatik berreskuratzeko eta aztertzeko ahalegin berezia egin dau, oraintsu argitaratu dauan Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833–1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa. Bertara batu dira XIX. mendeko hainbat testu juridiko-administratibo euskeraz, hiztegi eta bestelako zehetasunakaz.
Literaturearen alorrean be zeresan handia dauka, bai sorkuntzan, bai eta itzulpengintzan be. Gauzak holan, Idatz & Mintz aldizkarian argitaratu ditu hainbat idazlan. Sorkuntzearen ikuspegitik, bi narrazino-liburu argitaratu ditu: Orrialdeak eta, oraintsu, Berbondo. Itzulpengintzeari dagokionean, barriz, galizieratik Mutiko baten oroitzapenak eta Méndez Ferrínen Tagen Atarako itzulera liburu klasikoak aitatzekoak dira. Hainbat autoreren testuak be euskeratu ditu: Percival eta Marisorgina, Méndez Ferrínenak; eta Hareazko erlojua, Alvaro Cunqueirorenak; Tolkien-en Silmarilion; eta James Joyceren Ostatua.
1991n Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban eta sei urte geroago, 1997ko martiaren 21ean, euskaltzain oso. Alfonso Irigoienen ordez aukeratu eben eta sarrera berbaldia Bilbon egin eban, “Legearen zirrikituetatik barrena: ahozkotik idatzizkora” izenburuko berbaldia. Jose Antonio Arana Martijak erantzun eutson. Akademiaren barruan Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoaren batzordekide eta buru izana da. Gaur egun Jagon sailburua da, bai eta Argitalpen Batzordeko kidea eta Lege-Ekonomia Batzordeko kidea be (Lege Azpibatzordeburua).
Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kidea da, bai eta Euskal Idazleen Elkartekoa eta UZEIko Zuzendaritza Batzordeko kidea be.
2004an eratu den Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakariordea da.
EAEko autonomia-estatutuak arauturiko Ebazpen Batzordearen kidea da, Bizkaiko Foru Aldundiak holan izentauta.
Euskal kultura eta herriko gaiez artikulu ugari argitaratu ditu Labayru Institutuaren Idatz & Mintz (aldizkari honetako erredakzino-kontseiluko kide da) Karmel, Ondarroa, Jakin eta Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarietan. Bestalde, Euskal Herriko egunkari zein agerkari digitaletan argitaratuak ditu bere artikuluak.
Sariak:
- Bizkaiko foru-zuzenbidea berritzeko lege-testua atondu zuen legelari-batzordearen partaide moduan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Andres Mañarikua y Nuere Saria. 1992
- Euskal Jaiak ehun urte. Iurreta. Narrazio lehiaketa, lehen saria. 1991
Argitaratutako lan nagusiak:
A) Bakarka
- Euskara legebidean. 1990
- Orrialdeak. 1992. Idazlan bilduma
- Mutiko baserritar baten oroitzapenak. Galizierazko literaturaren klasiko baten itzulpena 1988.
- Hainbat autoreren narrazio-itzulpenak (Méndez Ferrín, Alvaro Cunqueiro, J.R. Tolkien, James Joyce)
- Eguzkitza, Juan Bautista: Gizarte-auzia. Ugazaba ta langile arteko goraberak. 1991. Euskal Klasikoak bilduman
- Berbalauaren kulunkan. Eusebio Erkiagari omenaldia. 2001
- Legeen Tratatua. Jean Domat. 2004. Itzulpena.
- Frantziako Kode Zibilaren atarikoa. Portalis. 2000. Itzulpena.
- Berbondo. Ipuinak. 2004
- Euskara, Zuzenbidearen hizkera. 1995. Gotzon Loberagaz batera.
B) Taldean:
- Administrazio Zirkulazio Hiztegia. 1983
- Zuzenbidea Hiztegia. 1984
- Euskaldunaren Hizkuntza Eskubideak: gida liburua. 1990
- Hirigintza Hiztegia. 1994
C) Koordinatzaile eta arduradun gisa:
- Practicum. Derecho Civil Foral del País Vasco. 1995
- Zuzenbide Zibila. 5 liburuki. Itzulpena
- Administrazio Zuzenbidea. 3 liburuki. Itzulpena
- Merkataritza zuzenbidea. 1998. Itzulpena
- Zuzenbide politikoaren hastapenak. .2001. Itzulpena.
-Zuzenbidearen historia. 2003. Itzulpena.
- Lan-zuzenbidea. 2004. Itzulpena.
-Zigor Kodea / Código Penak. 2004. Lege-testuak.
- Kode Zibila / Código Civil. 2004. Lege-testuak.
- Foru-lege zibilak / Leyes civiles forales. 2002. Lege-testuak.
- Espainiako Konstituzioa / Constitución Española. 2004. Lege-testuak.
- Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833–1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa. 2003.
Bizkaie!
Jean Haritschelharren lekua beteko dau Bilboko euskaltzainak. Andres Urrutia da euskaltzainburu barria hilaren 17an, Bilbon egindako ohiz kanpoko barrengo batzarrak holan erabagita. Andres Urrutia da Akademiako lehen euskaltzainburu bilbotarra eta Jean Haritschelharren lekua beteko dau.
Euskaltzainburua ez eze, Zuzendaritzako kide guztiak be aukeratu dabez euskaltzainek gaurko bilkuran, hau da, buruordea, idazkaria, diruzaina, Jagon sailburua eta Iker sailburua. Hauxe da gaurtik aurrera, eta datozen lau urteotarako, Euskaltzaindiak izango dauan Zuzendaritza barria:
Euskaltzainburua: Andres Urrutia.
Buruordea: Beñat Oihartzabal.
Idazkaria: Xabier Kintana.
Diruzaina: Jose Luis Lizundia.
Iker sailburua: Henrike Knörr.
Jagon sailburua: Andres Iñigo.