Zinea  III. urtea // 89. zenbakia

Aste honetako estreinaldia: Ocean’s twelve


Aurreko filman egoniko antzezleen artean ondokoak daukaguz oraingoan be: George Clooney, Julia Roberts –azken hau lapurren taldean sartuta, ingeleseko izenburua Eleven (hamaika) horretatik twelve (hamabi) horretara pasetan da–, Matt Damon, Brad Pitt, Casey Affleck (Ben-en anaia), Scott Caan (James Caan-en semea), Don Cheadle, Andy García, Elliot Gould eta Carl Reiner. Horreekaz batera film honetan Catherine Zeta-Jones ederra eta Vincent Cassel frantsesa ikusi ahal izango doguz. Ikusten danez, antzezle bikainen jardunaz gozetako aukerea dago aurtengo gabonetako zine platerik gozo eta erakargarrienetariko batean.

Joseba Terreros

Steven Soderbergh zuzendariak ('Traffic', 'Erin Brockovich') orain dala hiru urte baino gehiago lagun talde ikaragarri bat batzeko gauza izan zan, ondo pasau eta bide batez film bat egiteko asmoz. Talde horren barruan, besteak beste, George Clooney, Brad Pitt, Julia Roberts, Andy García eta Matt Damon antzezle ezagunak izan ziran. ‘Ocean’s eleven’ filmak, ganera, 446,8 milioi dolar batu ebazan, hau da, irabaziek kostua laukoiztu eben.

Aurreko filman glamourrez betetako delinkuente talde bat batu zan Las Vegasko kasinoetan inoizkorik lapurretarik handiena egiteko. Oraingoan, ostera, dibertsinoa Europara lekualdatu da. Eszenatokien aldaketea ondo be ondo justifikauta dago gidoian. Izan be, aurreko pelikulan ostutako kasinoko jaubeak lapurrei ultimatum bat emon deutse lapurtutako guztia itzuli daien. Honeek euren herrialdean lar ezagunak dirala pentsauta, beste lapurreta bat preparau gura dabe Europan. Bilbea, aurreratu deuskuenaren arabera, ‘Ocean’s eleven’ filman baino korapilatsuagoa izango da, baina pelikula mueta honeetako txinpartak eta dohainak ez dagoz kontakizunean, ezpada legez kanpo diharduen profesional honeen trebetasunean eta etika berezian.