♫ Abendu santu honetan...♫
Abendu mutilak, Marijesiak, Joenikuak eta Gabonetako errondako kantak
Noizkoak dira kopla honeek? 1691an Nikolas Zubia Durangoko abade batek idatzita Donostian argitaratzen da “Doctrina Christiana en Basquence” eta bertan agertzen dira gaur abesten diran estrofetariko batzuk. Zubiak idatzitako liburua galduta badago be, haren barri José Lezamizek, Durangoko beste abade batek, “Coplas a la Encarnación y Nacimiento de Nuestro Señor Jesu Christo” Mexikon 1699an idatzitako beste liburu baten bitartez emoten deusku. Kontuak kontu, Zubiak ez dino beranak diranik liburuan batutako abestiak, beraz pentsau behar dogu herritik hartutakoak izango zirala eta beraz arinagokoak.
Nahiz eta hurrengo urteetan ahaleginak egin bertsoak papelean argitaratu eta mantentzeko, hurrengo mendean nagusituko ziran Ilustrazino ideiak ez eutsien herriko kulturako ezaugarri horreei garrantzi larregirik emon. XIX. mendeko Erromantizismoagaz berreskuratu zan gabon kanta honeen ospea, herrien ezaugarri eta ondarearen adibide modura.
Barriro be gabon erronden barri Azkuek emoten dau 1898an “Euskalzale” aldizkarian idatzitako artikuluan. Azkueren esanetan, ohiturea da Lekeition Jesusen jaiotzaren barri emonaz kalerik kale koplatxuak abestea.
Ordutik hona herri askotan gorde da ohiturea eta beste batzutan galdu egin da. Eta gitxi batzuetan, nahiz eta galduta egon, berreskuratzen ahalegindu dira. Bien bitartean, gerrak zein euskal kultureagazko errepresinoa izan dira: berbarako, Gernikan gerra sasoiak eta herri honek sufridutakoak urte batzuetan abestu barik egotea ekarri eban. Ganera, ordurarteko taldearen bakarlaria zan Estebanillo be Gerran hil eben. Baina, zorionez, badogu oraindino gure kaleetan ohitura hau ikusi eta disfrutetako aukerea, eta datozen egunetarako aukera aproposa izan daiteke.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Egun bereziak jatorkuz eta badira gure herrietan egun honeetan beteten diran ohitura eta usadioak, euretariko asko abestiakaz lotuta.
Hurrengo lerroetan, gabon egunetan zehar herri batzuetan ohiturea diran errondako abestien usadioaren nondik norakoak azaltzen ahaleginduko gara. Abendu Mutil, Joeniku edo Marijesiak dira, izen desbardin horreekaz baitira ezagunak abeslariak herri bakotxean.
Ezer baino lehen ohiturea bera azaltzea komeniko da. Erronda abesti honeek hainbat herritan mantentzen dira gaur egun, esate baterako Ea, Gernika, Larrabetzu, Muxikako Areatzan edo Arteagan.
Gabon eguna ospatu baino bederatzi egun lehenago, abeslariak urteten dira kalerik kale Jesukristoren etorrerea iragarri eta abestuz. Taldeka joaten dira abeslariak baina euretariko batek bakarka kantetan dau. Taldekideak ehun inguru izaten dira Gernikan eta Ean, barriz, sorreran behintzat bederatzi ume ziran. Edadeari dagokionean be badagoz aldeak: Gernikan edo Areatzan (Muxika) nagusiak abesten badabe, Ean edo Arteagan abeslariak 8 eta 14 urte bitarteko gazteak izaten dira. Beste alde batetik, abeslariak bardin izaten dira gizonezkoak zein emakumezkoak. Ean esate baterako oraintsura arte mutilak baino ez eben kantetan baina azkenengo urteotan eta mutilen faltan ziralako neskei be lekua egin eutsien abeslari taldean. Abesteaz aparte dirua, antxina jatekoak be eskatzen ziran, gehienetan azkenengo egunean, hau da, abenduaren 24a aprobetxauta.
Antza danez, ohiturea Eleizearen menpean sortu zan: Arana Martija ikertzaileak dinoanez, eleizetan, erlijinoa eta Jesukristoren jaiotzea azaldu guran, abadeek antzerkitxuak asmau ebezan. Gaur egungo Iparraldeko Pastoralen antzera, abestutako antzerki horreetan historia kontetan zan. Antzerkiak ataletan banatzen diran modura, Pastoral horreek be atalez osotuta egozan eta horren erakusgarri geratzen dira gaur egungo ohituretan, errondako bederatziurrenan zehar erabilitako soinu desbardinak; berbarako Gernika edo Ean, hiru soinu desbardin gorde dira eta Arana Martijaren eretxiz, datu honek, gaur egungo errondako abestiak eta antxinako partoralak lotzen ditu.
Baina urteak aurrera joan ahala, abadeek ez ebezan begi onez ikusi antzerkitxu horreek. Beharbada Eleizearen errito eta aginduak euki behar eben seriotasuna ez ebelako beteten. Holan ba, bertan behera ixtea erabagi eben. Baina herrian hain errotuta egoan ohitureari eusten ahalegindu ziran herritarrak eleizetatik kanpo. Lehenengo eta behin eleizen inguruetan, hau da, eleizpetan, baina azkenik leku horreetatik be alde egin behar izan eben. Ordutik geratuko litzakez ohitura honeek gaur egun ezagutzen doguzan moduan. Eleizeagaz loturea oraindino ez da guztiz galdu, eta errondatan abeslariak kalerik kale joateaz aparte, eleiza eta leku sakratuetan geratu eta belaunikatuz Jesukristoren aitamenak egiten dabez.