Txutxu-mutxuan  III. urtea // 89. zenbakia

Lurraren tenperaturea gora eta arrain tropikalak Bizkaiko itsasoan


Osasuna

Azaleko bizien kasuak handituko dira ozonoko geruzearen zuloa dala eta. Sikateakaz batera, edateko ura urritu eta horrek osasun publikoari mehatxu larria ekarriko deutso. Malariaren moduko gaixotasunak eta orain arte tropikoan besterik agertzen ez ziran beste batzuk beste lurralde batzuetara zabalduko dira.

Espezieen desagerpena

Landare eta animalia espezieen % 15etik % 37ra bitartean desagertuko dira 2050erako. Artikoko lurraldea urtuko dan ezkero, hartz zuriak, kasu baterako, desagertu egingo dira mende honen amaieran. Zetazeoen hainbat espezie urrituko dira. Tenperaturen aldaketen ondorioz, animalia asko lekualdatu eta beste batzuen kontra lehiatu beharko dabe bizirauteko. Sikate eta suteakaz batera basoak desegingo dira.

Nekazaritzea

Udak beroagoak izango diran ezkero, nekazaritzeari ataraten jakon etekina % 30 inguru murriztuko da. Aldaketa klimatikoak eremu askotako laborantzak desagertu eragingo dauz.

Euskal Herria

Atunak eta antxoak gero eta iparralderago mobiduten hasi dira, ura berotzen hasi dalako. Arrain tropikalak Mediterraneo eta Bizkaiko Golkora ailegetan hasi dira. Animalia askok babeslekua topauko dabe berton, bero bila Afrikara joan beharrik eukiko ez dabelako. Aurreikuspenik txarrenak beteten badira, elaiak eta zikoinak Euskal Herrian igaro ahal izango dabe negua.

Begiluzea

Industria Iraultzea izan zanetik, herrialde aberatsek oraindino ez dabe astirik euki euren teknologiak moldatzeko eta berotegi efektua sortu eragiten daben ibilgailuek nahiz enpresek hainbeste kutsatzea ebitetako. Hori baizen larria da AEBak, CO2 emisino guztien % 25en arduradunak, Kiotoko Protokolotik kanpo egotea, gizateriak aldaketa klimatikoa eragiten daben gasen kopurua murrizteko daukan sistema bakarretik kanpo, hain zuzen.

Abenduaren lehenengo astetik 189 herrialdetako ordezkariak Argentinan batu dira negutegi efektu bildurgarria gelditzeko neurriak bultzatu eta, bide batez, estadubatuarrak hitzarmen honen barruan sartu daitezan konbenziduteko asmoz.

Sikateak, uriolak, goseteak, gaixotasunak... Planetari ekarriko deutsaguzan ondorioak sekulakoak izango dira hain asao ez dagoan etorkizun baten, gobernatzaileek arazo honen kontzientziarik bereganatzen ez badabe.

Tenperaturea eta urtzea

Zientzialariek sarri adierazo dabe Lurraren batez besteko tenperatureak 3,5 edo 4 gradu egingo dauala gora 2100erako, aldez aurretik konponbiderik ezartzen ez badogu. Berotze prozesu horrek poloak urtzea ekarriko dau. Antartidako glaziarrek urtean-urtean 1,2 metroko lodierea galtzen dabe eta Ipar Poloa 2050etik 2080ra bitartean guztiz urtuko dala pentsetan da. Holan izan ezkero, mendegarrenean itsasoaren maileak metro bat egingo dau gora; ondorioz, itsasoari eusteko obra itzelak egin beharko litzatekez. Horrek kostaldeko 4.500 kilometro koadrutan uriola arriskua ekarriko leuke. Maldivak, Niloko Delta, Bangladesh eta Adriatikoko itsasertza ur azpian geratu daitekez. Are gehiago, mundu osoko itsasertzeko 74 uri urpean geratzeko arriskuan dagoz, esate baterako Venezia, Rio de Janeiro, Lisboa, Dakar, San Francisco eta Kopenhage.

Himalaiako glaziarrak urtu eta bertako lakuak lehertuko dira, mendi magaletako herrietan uriola ikaragarriak sortu eraginez. Kilimanjarokoak 2015etik 2020ra bitartean desagertuko dira.

Airea berotzeagaz batera, lakuak eta errekak sikatuko dira. Edateko ura gero eta urriagoa izango da. Leku batzuetan euri gehiago egingo dau, baina ur hori lehenago lurrunduko da. Sikateak luzeagoak izango dira. Uriolak sarriagoak. Australia, Afrika eta Hegoamerika beroagoak izango dira; Europako Iparraldea eta Sortaldea, Iparramerika eta Asiako zati bat, ostera, hotzagoak, itsasoko korronteen aldaketen ondorioz.