Jan-edanak  I. urtea // 9. zenbakia - 2002ko irailaren 1a - Hamaboskaria

Bilbo-Errioxa


Errioxako 30 upeltegi edo bodega egon dira karpan, egunero 4 ardao desbardin izan dira kartan eta, jakina, ez dogu guk orain Errioxako ardaoen kalidadearen ganean ezer barririk esango; Errioxako ardaoak ezagunak dira munduan zehar eta zeozergaitik izango da. Hori bai, upeltegi batetik bestera aldeak badagoz egon baina, oro har, Errioxako ardaoen ezaugarriak antzekoak dira. Bilboko karpan, kriantzak eta erreserbak izan dira aukeratutakoak eta, beraz, labur-labur baino ez bada be ardao honeen ezaugarriak aitatuko doguz.

Errioxako kriantzak tempranillo mahatsagaz eginda dagoz eta portzentajea % 70-90 izango litzateke. Tempranillo bariedadeak fruta ukutua emoten deutso ardaoari (okaranak, fruta baltzak...) eta bere ekarpen tanikoa oso fina da. Bariedade hau oso egokia da ardaoak zahartzeko. Ardao honeek beste mahats mota batzuekaz be osotzen dira portzentaje txikiagoetan, batez be, azkeneko nahasketa horreekaz ardaoaren kalidadea hobetzeko; Graciano muetako mahatsak garraztasuna eta gorputza emoten deutso ardaoari; Mazuelo mahatsak kolorea eta taninoa sendotzeko erabilten dira eta Garnacha, ostera, gorputza eta alkohol mailea handitzeko.

Mostoaren edo ardaoaren azken nahasketea egin eta gero, ardao honeek lehenengo upeletan eta gero botilan sartzen dira ardoa finduteko. Zahartze prozesuaren iraupena bi urtekoa izango da eta, gitxienez, 12 hilebetez egongo da upeletan sartuta. Zahartze prozesuaren ondoren, ardao honeek 2-5 urteko iraupena dabe. Hortik aurrera, ardaoak bere ezaugarriak galdu egin leikez eta, beraz, ez da komenidu luzaroan gordeta izatea.

Beste alde batetik, Errioxako kriantzen ezaugarri orokorrak ondokoak dira: kerezi kolorea, granate eta laranja arrastoakaz; usaimenari jagokonez, fruta helduen usaina hartuko deutsagu ardaoari, egur integratuaren ukutuagaz (torrefaktoak, tostatuak...). Ahoan, garraztasun egokia itxiko deusku kriantzak, tanizidade fin eta ez oso markatuagaz.

Errioxako erreserbak, kriantzen antzeko osoketea izaten dabe normalean baina upeletan sartzeko aukeratutako ardaoek kriantzak baino gorputz eta tanino sendoagoa izaten dabe, besteak beste, zahartze prosezua luzeagoa dalako. Prozesu honen iraupena hiru urtekoa izango da eta, gitxienez, 12 hilebetez gorde behar da upeletan. Ardao honeek kolore granatekoak izaten dira eta jakina dan legez, kriantzak baino eboluzionatuagoak dira. Kapa edo kolore kopuruari jagokonez be kriantzak baino sendoagoak izaten dira. Usaimenean, fruta pasak, balsamikoak eta egur ondo integratuak ekarten dabe gogora. Kopea ahora eroaten dogunean, probaukeran, barriz, garraztasun moderatua, inpresino taniko arina eta fondo tostatuak dira ezaugarri esanguratsuenak. Ardao honeen zahartze potentziala 5-10 urtekoa da, beti be, kasuan kasuko ardaoaren garraztasun, sendotasun eta kolorearen arabera.

Ivan Vega Alberdi,
Enologoa

Bilboko Aste Nagusian zenbat-gura ekitaldi egoten dira urtero eta, aurten, 25. urteurrena tarteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren atzealdean jarritako karpan, munduko bederatzi herrialdeetako ardaoak probetako aukerea egon da.

Karpea, Bilboko Merkataritza Ganbararen eta Itsasketa Etxearen babespean antolatu da, Bilbo-Errioxa 'Great Wine Capitals Global Network' sarean sartu dalako. Sare hau, nazinoarteko kooperazino proiektu bat da eta munduko mahasti garrantzitsuenak inguruan dituen metropoli ekonomikoek osotzen dabe. Sarearen helburuak, uri horreen garapen ekonomikoa, kulturala eta unibersidade mailakoa garatzea eta hobetzea izango litzateke baina, beti be, ardaoaren kulturea alkartasunaren zutabe nagusitzat hartuta.

Sare hori aitatutako Bilbo-Errioxaz ganera, Bordele, Ciudad del Cabo, Florentzia, Melbourne, Oporto, San Francisco eta Santiago de Chilek osotzen dabe. Esandako moduan, Bilboko jaien harian antolatutako karpa horretan, aitatutako urietako ardaoak probetako aukera ederra egon da. Zehatz esateko, 120 ardao desbardin eskaini deuskuez bederatzi egunetan zehar, egunero aldatu dan ardao kartak emon dauen aukera parebakoa aprobetxauta.

Artikulu honetan, ezinezkoa izango da ardao horreen guztien eta ardaogintzearen ganeko kontuak aitatzea baina geldiro-geldiro joango gara danak ezagutzen; oraingo honetan, Errioxako ardaoen ganeko aitamen batzuk egingo doguz gorago aitatutako sarearen ibilbideari hasierea emonaz.