Eider Rodriguez: 'Ez dot mesederik gura emakumea eta idazlea nazalako'
Gatazka politikoaren ganean idazterakoan eroso sentidu zara?
Sano eroso. Batez be ipuin horreetan sentidu naz eroso. Berbarako 'Politika albisteak' ipuinean, eta, orokorrean, gai horretako ipuin guztietan.
Giza hartu-emon gatazketan, barriz, hirukoteak dira nagusi.
Askotan, bikoteetan agertzen dan hirugarren presentzia zeloak dira: ez da persona erreala, presentzia imajinarioa da, baina horrek sortzen dau triangelua. Jente askok esan deust hirukoteen kontu hori, baina ni ez nintzan konturatu idaztean. Azken baten, baliabide literarioa da, kontakizuna antolatzeko. Joxe Azurmendik esan eustan liburu hau 'gai beraren gaineko bariazinoak' zirala.
Ipuinetako batzuk sano zinematografikoak dira.
Bai, zineak gaur egun danongan dauka itzelezko eragina, eta ez literaturan bakarrik: artean, pinturan, janzteko moduan... asko igarten da danean. Lehen be igarten zan, zinean XIX. mendeko nobeletako egitura narratiboa erabilten ebenean. Gaur egun feed-back handia dago zinearen eta literaturearen artean, eta niri zineak asko eragiten deust, ipuinen egituran batez be. Berbarako, berridazketetan gehien landu dodana, zineako terminoak erabilita, montajea izan da: parrafoak lekuz aldatu, banandutakoa lotu, lotutakoa banandu... Zineak berak be horretan euki dau aldaketa nagusiena, egiturearen forman. Izan be, personaiak, istorioak, dramak... beti dira bardinak. Azken baten, gorrotoa, maitasuna... gaiak hiru edo lau baino ez dira.
Beste alde batetik, egiturei begiratuta, esperimentazinorako gogo itzela ikusten
jatzu.
Nik hori landu gura izan dot ze doktorego ikastaroa egin nebanean, Madrilen, tesina gai horren inguruan idatzi neban: kontakizun narratiboaren hausturea. Urte biz ibili nintzan gai hori aztertzen, literaturan eta zinean apurketa hori zelan emoten dan aztertzen, eta igarten da. Hori bai izan da kontzientea. Egitureak erritmoa marketan dau eta, gainera, personaiak albo batera itxita, egitureak istorio bat kontetan dau.
Azken aldion kritiko agertu zara 'emakumeen literaturea' etiketeagaz.
Emakumeen literaturea existiduten da. Nik ez dot etiketa horren parte izan gura eta, izan be, ez naz horren parte. Emakumeen edo gizonezkoen literaturea epaitu behar da literatura legez. Baltzak be, balztasunaren fenomenoa emon zanean, askatasuna lortzeko eta literatura ona egiteko asmoz hasi ziran idazten, baina azkenean ghetto bihurtu dira, eta orain ezinezkoa da literatura hori epaitzea balztasunaren fenomenotik abiatu barik. Gauza bat da baltzen gainean berba egitea eta beste bat literaturea egitea, eta emakumeen kasuan gauza bera jazo da, eta egin geinken gauzarik txarrena emakumeen literaturea egitea da. Egitekotan, literaturea egin behar dogu. Badakit komertzialki zer dan emakume idazlea izatea, eta, momentu honetan, idazten daben gizonezko zuri heterosexualak dira diskriminauta dagozanak. Duda barik, gizarte honetan sekulako desbardintasunak dagoz emakume eta gizonen artean, baina gauza bat da feminismoa eta beste bat autobazterketea. Ni horren oso kontra nago, oso kritikoa naz horregaz. Hori ez da bardintasuna. Nik ez dot mesederik gura emakumea eta idazlea nazalako.
Julen Gabiria
Durangoko azokea pasauta, eta balantzeak egiteko garaian, betiko legez nobedadeak izan dira begirada guztiak bereganatu dabezanak. Halanda be, Eider Rodriguezen 'Eta handik gutxira gaur' (Susa) ipuin-liburua urte osoan dabil begirada guztiak bereganatzen, eta Durangon be ez da atzean geratu, nobedadea izan ez arren. Bizkaie!-k Eiderregaz egin dau berba beraren lehenengo lan horren gainean.
Nondik sortu jatzun idazteko grina?
Pentsetan dot irakurle amorratua nazalako izango dala. Karrerako 4. mailan hasi nintzan idazten, euskereagazko loturea apur bat galduta neukala, nigaz bizi zan neskak ez ekian-eta euskeraz. Gero drogeagaz moduan pasetan da: hasi zaranean, ez dakizu zergaitik hasi zaran baina ordurako guztiz atrapauta zagoz. Eta atrapauta segiduten dot.
Zelakoa izan da 'Eta handik gutxira gaur' liburuaren idazketa prozesua?
Orain dala bost urte hasi nintzan ipuin honeek idazten, eta Joseba Jaka bekea eskatu nebanerako ipuinen erdiak eginda neukazan. Gero denpora piloa emon dot berridazketa prozesuan. Liburua goitik behera berridatzi dot: egiturea aldatu, denporea aldatu, perspektibea aldatu, personaiak kendu eta gehitu, geografia aldatu... egia esan, nazka-nazka eginda amaitu dot liburuagaz. Berridazketa prozesuan, horretan bakarrik, urtebete pasau dot.
'Eta handik gutxira gaur' liburuko ipuinak idaztean, zer itxi bertan dozu zeuretik?
Errealidade eta sentimentuak berba barik dagozanean, zuk beste perspektiba batetik ikusten dozuz, eta sentimentu horreek esalditan ipinten dozuz, narrazinoaren formeagaz. Eta, hori egitean, zure barruko gauza asko ikusten dozuz bertan. Ez da kontzientziazko jokaerea, ez da neurosia neukala eta barruko zeozer bota behar nebala: gura barik izan da dana. Istorio guztiak dagoz distortsionauta, baina sentimentu guztiak errealak dira, eta horixe izan da nire abiapuntua: sentimentuak eta egunerokotasuna.
Idazle legez plazaratu zara, baina editorea zara ofizioz. Lanbidea eta afizinoa ondo buztartu dozuz liburu hau idaztean?
Barruan daukadan zentsorea eten barik agertu jat. Autozentsurea itzela izan da, eta horregaitik egin jat hain gogorra berridazketa prozesua. Liburua idaztean gozau egin dot, baina berridazketan sufridu. Tira, sufridu, modu erromantikoan esanda, ze sufridu, idazten ez da sufriduten: sufridu beste egoera batzutan egiten da.
Liburuaren gaia gatazkea da: gizartekoa eta norberan barrukoa. Material literario legez balio dau gatazkeak, antza...
Ni gatazkatsua naz, izatez. Eta gatazka alde guztietan dago: ez bakarrik gatazka politikoa, ezpada giza hartu-emonetan be bai. Batzuk modu sinple edo pragmatikoagoan egiten deutsie aurre gatazka horri, baina nik oraindino ez dot ikasi. Pentsetan dot horregaitik agertzen dala hainbeste bider gatazkearen gaia: hartu-emon barruko gatazka eta gatazka politikoa, azken hori oso hurretik bizi izan dodalako.