Sarean  III. urtea // 89. zenbakia

Urteko barririk zaratatsuenak


Gotzon Plaza,
informatikoa

Urtebete joan jaku ia-ia konturatu barik eta beti pasetan dan legez, gauza ugari eta batzutan nabarmenak pasau dira, sarritan behar daben garrantzia emoten ez badeutsegu be. Teknologiaren mundu honetan badago bai zer aukeratu baina bakar batzuk aitatzekotan honexek esango neukez ezelako lehentasunik barik:

1.- Google-k plazaratutako Gmail eskaintzea. Ondorioz, beste enpresek be (Yahoo!, Hotmail) dobaneko korreo kutxatilak eskaini behar izan dabez derrigor, internauton gozamenerako.

2.- Googlek burtsan kotizetan dau. Balioa: 2.700 miloe dolar.

3.- Nabegatzaileen artean, FireFox 1.0 bersinoa agertu da. Microsoft Explorer indartsuari aurre egiteko kapaz izango ete da? Momentuz behintzat indarrez sartu da.

4.- Birusen ugalketea. Hor izan doguz MyDoom eta Sasser izenekoak eta euren bersino desbardinak. Eskuko telefonoetara be zabaldu da izurritea, Cabir izeneko birusa zabal ibili da. Zorioneko telefonoen arloa oraindino lar jorratu barik dago eta kalteak ez dira handiak izan baina laster izango dira larrialdiak eta estutasunak. Erasoaldia gogorragoa izango da eskuko telefono aurreratuenetan.

5.- Microsoft-ek Service Pack 2 (SP2) paketea atara dau. Batez be, seguridadearen arloa indartzea izan da helburua. Atzeratu eta atzeratu baina azkenean agertu da, ez da behin betiko konponbidea baina baina sasoia zan merkaturatzeko.

6.- Soft librea gero eta indartsuago dabil. Orain arteko enpresa “tradizionalak” (Microsoft gehienbat) urduritzen hasi dira. Bide horretan jarraituz, datorren urtea interesgarria izan daiteke.

7.- Euskal Herriari dagokionean, barriz, hor daukaguz Windows XP eta Office 2003 produktuak euskeraz. Internet-en be gero eta orrialde gehiago daukaguz eta guk geuk be ahaleginak egiten doguz horretarako.

8.- IBM enpresa ia sagraduak ordenadore personal gehiago ez dauala egingo azaldu dau egunotan. Abendu honetako lehen egunetan teknologia munduari astindu ederra emon deutso barriak: IBMk bere negozioaren zati bat Lenovo enpresa txinatarrari salduko deutso. Guretzat guztiz ezezaguna da enpresa hau baina Hurreko Ekialdeko herrialdeetan oso ezaguna; orain hogei urte sortutako enpresea da eta urtero ia 3.000 miloi dolarreko diru sarrerak daukazana. Gure inguruan be, Dell eta HP enpresen atzetik, hirugarren postuan kokatuko da ordenadore personal egileen artean eta hau ez da bromea, lehen urtean sei miloe ordenadore personal eta beste lau miloe ordenadore eroangarri egiteko prest dago enpresa hau eta.

1981ean ordenadore personalen negozioan sartu eta orain 1.750 miloe dolarretan saldu deutsie txinatarrei. Lenovo enpresak momentuz bere akzinoen % 45 kontrolauko dau eta IBM enpresa txinatarren % 18,5aren jaube izango da. Akordioaren beste puntu batzuk: Lenovo enpresearen egoitzea Pekin uritik New York-era aldatuko da eta Nasdaq burtsan bere akzinoak ipintea be leitekeana da. IBMk, barriz, mikroprozesatzaileak eta soft libreko teknologia eskainiko deutse txinatarrei.

Ordenadore personalen atalak IBMren negozioaren % 12,8 hartzen dau (pasa dan urtean, 319.000 lagunez osotutako enpresa honek 66.990 miloe dolarreko fakturazinoa izan eban, horreetatik 7.600 miloe dólar etekin garbia) eta hemendik aurrera enpresa mitiko honen helburua zerbitzariak izango dira. Zergaitik? Ordenadore personalak gero eta merkeagoak izanda hortik ataraten dan etekina gero eta txikiagoa da eta, ganera, konpetentzia gero eta gogorragoa da. Bestalde, zerbitzarien mundu honetan oraindino IBM da jaun da jaube eta duda barik bide horretatik jarraitzeko asmoa dauka.

Horrezaz gan, beste enpresa txinatar bategaz, Great Wall Computer izenekoagaz akordio bat sinatu dabe Txinako Shenzhen probintzian zerbitzariak egiteko; enpresa misto bat sortuko dabe bien artean: International Systems Technology Company (ISTC) eta IBMrena izango da % 80.