Musikea  III. urtea // 89. zenbakia

Surfin Kaos taldeak eta Fredi Paiak egin dabe Euskal Herrian Euskeraz-en 25. urteurreneko kantua


‘Hogeita bost urte eta gero Euskal Herrian Euskaraz’

Horixe da urteurrena ospatzeko erabiliko dan leloa. Mende laurena pasau danean, oraindino be EHE lako erakunde batek hor jarraitzen dau eta zoritxarrez esan behar da ze horrek gaur eguneko egoerea oraindino be ez dala gurako geunkena adierazoten daualako.

Euskerearen ofizialtasuna lurralde osoan eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko bidea da aurrerantzean be landu behar dana.

1979an EHEk esaten eban legez, ‘Euskerea barik Euskal Herririk ez!’ leloak inoiz baino zentzun handiagoa dauka gaur egun.

EHEren 25. urteurreneko ekitaldi nagusia abenduaren 18an egin zan Iruñean Anaitasuna aretoa ganezka egoala.

Bizkaie!

Hogei ta bost urte bete dituala eta, ospakizun giroan bete-betean dabil EHE, Euskal Herrian Euskaraz taldea. Okasinorako kantu berezia be argitaratu eta aurkeztu dabe oraintsu: Surfin Kaos talde donostiarrak eta Fredi Paia bertsolari bizkaitarrak egin dabe urteurren horretarako kantua. Beren beregi gazteentzako egindako abestia dala zehaztu dabe egileek eta antolatzaileek.

EHEko arduradunek azaldu dabenez, alkartea gazteek gidatu dabe 25 urteotan eta, era berean, gazteakan ikusten dabe euskerearen geroa; horrexegaitik erabagi dabe urteurreneko kantua batez be gazteentzako izatea.