Euskerea berbagai  III. urtea // 89. zenbakia

2050. urterako euskerea normalizaturik ete?


Herritarrak euskerearen aldeko jarrerea erakutsi ohi dabe, baina, harago joanda, aldeko eretxia agertzeaz gan, euskereak aurrera egin daian zer egiteko prestutasuna dabe/dogu? Izan be, euskerearen aldeko agertzen dan eta euskerarik ez dakian heldu batek bere bizitzaren urte bi eta erdi euskereari eskainiko ete deutsoz? Egunero-egunero, hilez hilez (udako sasoia be bai), huts egin barik, euskaltegi baten, ordu bi euskerea ikasteari eskainiz. Gure bizitza arruntean zertan emoten dogu horrenbeste denpora? Edota, gazteleraz zerbitzuak eskaintzen dituan enpresa edo gizabanako euskaltzale hori, laguntzak tartean ez dagozala, ezelako arazo moralik barik, gazteleraz eskaintzen dauana euskeraz eskaintzeko prest ete dago? Oinak errealidadean jarri behar doguz, nik uste. Izan be, bizi garan gizartean bizi gara, itxurakerietan ardaztutako gizartea askotan. Edo itaundu daiotsegun, bestela, herritarrei etorkinei buruz, ia kontra ete dagozan, gehienek ezetz esango deuskue, izan be, kontra agertzea ez dago ondo ikusita, halan da be, euren eskaileran bizi daitezan prest dagozan itaundu, ia aldeko horrenbeste dozun!

Euskerearen indarbarritze ahalegina maratoia balitz moduan ikusten dot nik, epe luzerako beharlekua. Izan be, Euskal Herri euskalduna lortuko dogun, arian-arian gure lurraldean bizi diran herritarrek euskereari eusteko arrazoirik, heldulekurik eukiko daben ez dakit, baina, eurek erabagiko dabe hori. Bien bitartean, horretara ailegau ahal izateko, hiztunak eta erabilera-eremuak irabazi behar doguz euskerearentzat, hori dalako egin geinkena eta indarbarritze ahaleginean zentzu osoa daukana. Noranzko horretan, bakotxa dagoan lekutik, pausuak emotea behar-beharrezkoa da.

Nik 2050. urterako euskerea normalizauta egotea firmauko neuke, ikusteko esperantzea izango neuke, gitxienez!

Erramun Osa

Goazen bidetik goazela, 2050. urtera arte itxaron behar izango ei dogu euskerea erabat normalizauta ikusteko. Zenbait euskaltzale kexu agertu dira eta, egungo hizkuntza politikea aldatuz, askoz eragingarriagoa –euren eretxiz– litzatekeen hizkuntza politikea abiarazotea eskatu dabe. Begiztau dan urte hori ailegetan danerako euskerea normalizauta egongo dan ez dakit, lehenago jazo daiteken dudea daukat eta. Baina, holan balitz, sekulako lorpena litzateke, benetan dinotsuet, gizartean izaten diran aldaketak –gitxiengo baten hizkuntza gitxiagotua indarbarritzea barruan dala– ez diralako epe laburrean jazoten, holakoetarako denpora gehiago behar izaten dalako, euskereak kontra dituan faktoreak (biztanle kopuru urria, zenbait lurraldetan indarbarritzearen kontrako jarrerak, etab.) kontuan hartuta are gehiago.

Atzeraka joan dan eta zenbait toki eta eremutan atzera egiten segiduten dauan hizkuntza bat, hizkuntza komunidade bat hobeto esanda, indarbarritzeko ahaleginak oinarri nagusi bi behar ditu, neure ustez. Batetik, hizkuntza komunidadeak berak salbetako eta iraunarazoteko erabagia hartzea; bestetik, aukeraketea egin ostean, indarbarritze ahalegin horretan egiatan laguntzea eta, helburua lortu gura badogu, trabarik ez imintea.

Persona helduek euskerea ikasteko edo etxetik dakarrena hobetzeko egin daben ahalegina gitxietsi barik, euskerearen indarbarritze ahalegina batez be belaunaldi gazteenen esku itxi dogu, duda barik. Halan da be, sasoi baten ugariagoak ziran gazteak gero eta urriagoak dira gure artean, eta egun eskolearen bidez egiten ari garan ahalegina bazterretan ez da horrenbeste nabarmentzen. Are gehiago, Euskal Herrian etorkinen ugalketea dogu, eta honeek euren seme-alabak euskerea eskuratzeko aukerarik eskaintzen ez dauan A ereduan matrikuletan dabezana kontuan hartzen badogu, eta ganera, hurreko etorkizunean, etorkinen ugalkortasun indizea bertokoena baino handiagoa izango dala kontuan hartzen badogu, belaunaldi barrien ekarri hori be ahultze bidean dago.

Aiko hor! Euskerea lako hizkuntza bat indarbarritu gura bada, instituzinoen aldetik ez eze, gizartearen aldetik be, azken honen aldetik batez be, esku hartze handiagoa behar da. Gizartearen sostengurik ez dauan hizkuntza politika batek herritarrakandik aldentzeko eta porrot egiteko aukera guztiak ditu, ze kontua ez da hizkuntza politika ausartagoa egin dagien eskatzea (lagun hurkoaren erantzukizun pean lagatzea da kontu hori), hori egiteko zoru nahikoa dagoan da kontua! Bestalde, herritarren gurari eta konpromisoetatik aldentzen dan hizkuntza politika bat be ez da nahikoa. Bada, gure hizkuntzea indarbarritzeko ahaleginean herritarren eta instituzinoen arteko buztardurea behar-beharrezkoa da, bateko konpromisoak, besteko erabagiakaz lagunduz, biharko hizkuntza-errealidadera egokitzeko urratsak eginaz.