Kulturea  I. urtea // 9. zenbakia - 2002ko irailaren 1a - Hamaboskaria

Udagoienagaz batera zine izarrak dantzan

Donostiako Zinemaldiaren 50. edizinoa (irailaren 19tik 28ra)


Azken burukoa (gogoan hartzekoa)

Aurtengo irailaren 19tik 28ra bitartean 50 urte beteten dituen Donostiarrek sarrerea doban izango dabe edizino honetako ekitaldi guztietan.

Bonny


Zinemaldi beteranoa da Donostiakoa eta honezkero 50 urte joan dira lehen pausuetan, uda sasoia luzatzeko asmoagaz, Donostiako 10 bat merkatarik kultur ekitaldi berezia bultzatzeko egindako ahalegin hareetatik. Gaur egun, ostera, ondo sustraitutako zinemaldia da eta nazinoartean ezaguna.

Historia laburra

1953ko irailaren 21ean jaio zan eta ordutik hona eten barik egin da Donostiako Zinemaldia. Bokazino zinematografiko eta komertzialagaz, Nazinoarteko Zine Astea sortu zan baina lehenengo edizinoaren arrakasteari esker, arin lortu eban FIAPFk, hau da, Film Produktoreen Alkarteen Nazinoarteko Federazinoak emoten eban B mailea (lehiaketarik bako zinemaldia). Gauzak holan dirala, ondorengo urtean, Nazinoarteko Zinemaldi izentau eben eta 1955ean FIAPFk lehiaketarako aproposa eta koloretako filmetan espezializatua zala onartu eban; ordutik sari ofizialak emoten hasi ziran eta hortxe sortu zan Maskorra, sasoi haretan zilarrezkoa. Dana dala, 1957an A mailea lortu eban zinemaldiak eta urrezko Maskorra erabilten hasi ziran.

Berrogeita hamar urteko ibilbide horretan, zine ona eta izarren diztirea buztartu dira Donostiako Zinemaldian eta zerrenda osoa benetan luzea bada be, hona hemen, euren filmak Donostian aurkeztu dituen batzuk: Federico Fellini, Alfred Hitchcock, Kirk Douglas, Bernardo Bertolucci, Audrey Hepburn, Francis Ford Coppola, Fritz Lang, Orson Welles, Fernando Rey, Francisco Rabal, Pedro Almodovar, Joseph L. Mankiewicz, Peter O'Toole, Charlton Heston, Sophia Loren, Anjelica Huston, Mel Gibson, Matt Dillon...

Beste alde batetik, euren beharragaz zine munduari ekarpen handia egin deutsenei esker ona adierazoteko Donostia Saria sortu zan 1986an eta orain arte uriaren omenaldi hori ondokoek jaso dabe: Gregory Peck (1986), Glen Ford (1987), Vittorio Gassman (1988), Bette Davis (1989), Claudette Colbert (1990), Anthony Perkins (1991), Lauren Bacall (1992), Robert Mitchum (1993), Lana Turner (1994), Susan Sarandon eta Catherine Deneuve (1995), Al Pacino (1996), Michael Douglas, Jeremy Irons eta Jeanne Moreau (1997), Anthony Hopkins eta John Malkovich (1998), Fernando Fernan Gomez, Vanesa Redgrave eta Anjelica Huston (1999), Michael Caine eta Robert de Niro (2000) eta Francisco Rabal, Warren Beatty eta July Andrews (2001).

Zinemaldia 2002

Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren 50. edizinoan, 18 film izango dira lehian atal ofizialean. Guztiak urrezko Maskorraren bila.

Atal ofizialaren zabaltze ekitaldian Bretainia Handia, Frantzia eta Irlandaren arteko koprodukzinoa, Neil Jordanen 'The good thief' ikusteko aukerea izango da; thriller garbia da eta protagonistea Nick Nolte; Frantzia hegoaldeko kasino baten lapurretea egiteko ahaleginetan ikusiko dogu Nolte jauna.

Atal ofizialean eskainiko diran filmen artean, hona hemen batzuk: 'Auto Focus', Paul Schraderrek zuzendu eta Greg Kinnearrek eta Willem Dafoek protagonizautako AEBetako ekoizpena; 'Lubovnik' (The Lover), Valeri Todorovski Errusiarrarena; 'Hafid' (The Sea), Islandia eta Norvegiaren arteko produkzinoa; 'The winter song', Farhad Mehranfar Iraniarrarena; 'Han ni zai yiki' (Together), Chen Kaige Txinatarrarena; 'Uwi wa miteita' (The sea watches), Kei Kumai zuzendariarena.

Bestalde, gaztelaniazko filmak be ugari izango dira, besteak beste, Carlos Herrerak zuzendutako 'El Crimen del padre Amaro', Carlos Sorinen 'Historias minimas', Adolfo Aristain eta Federico Luppiren 'Lugares comunes' edota Fernando Leon de Aranoak zuzendu eta Javier Bardemek protagonizautako 'Los lunes al sol'.

50. urteurreneko ekitaldi bereziak

- Irailaren 21ean, Illunben:

Hiru zati nagusi izango ditu jaialdi honek; jaialdiari hasierea emoteko Carlos Rodriguezek zuzendutako 'Encadenados' dokumentala ikusiko dabe bertaratzen diran guztiek; 35 minutuko iraupena dauen dokumentalean Donostiako Zinemaldiaren 50 urteko ibilbidea errepasetan da; beste alde batetik, antzerkiak eta dantzeak be euren lekua izango dabe eta Donostiako dantza eta antzerki taldeakaz batera, Els Comediants talde ospetsuak '50 años rodando' ikuskizuna eskainiko dau; azkenik, musikea be ez da faltako eta antolatzaileek egitarau dotorea preparau dabe: Jabier Gurrutxaga, Victor Manuel, Ana Belen, Amaia Uranga eta 50. urteurreneko ereserkia preparau dauen Joaquin Sabina handia. Hortik aurrera be giro faltarik ez da izango eta diskoak ipinten, DJ beharretan Alaska ibiliko da.

- Irailaren 24an, Kursaal Jauregian:

Donostiako Zinemaldiaren 50. urteurrenaren atxakiagaz, antolatzaileek orain arte sarituak izan diran guztiekaz ospatu gura dabe aurtengo edizinoa eta, horregaitik, irailaren 24an hitzordu berezia preparau dabe Zinemaldiaren historian sariren bat jaso daben gehienakaz. Jakina, danak ez dira bertan egongo, batzuk lan konpromisoengatik eta beste batzuk ez dagozalako gure artean.

Francisco Rabal eta Julia Martinezek 1953an irabazi zituen lehen sari hareetatik hasi eta igaz sarituak izan ziran Jose Luis Guerin eta Pilar Lopez de Ayala bitarteko lagun guztiak izango dira gogoan.

- Atzera begirakoa:

Donostiako Zinemaldiaren 50. urteurren honetan, '50×50' atzera begirakoan, 50. hamarkadako 50 film ikusteko aukerea egongo da.