Paradisuaren bila
Adrenalinea
Asian, ganera, arrisku handiko kirolak prezio eskuragarrian egiteko aukerea be badago. Berton, rafting-a da jaun eta jaube, baita ur-bizietan egiten diran beste hainbat kirol be. Tailandian, Indonesian, Filipinetan eta Vietnamen hainbat leku dagoz kirol honeek arriskurik barik egin ahal izateko preparauta.
Kulturea maite dabenek Nepal, Laos, Camboya edo garatzeko bidean dagoan beste edozein herrialdetako leku ezezagunetan trekking egiteko aukerea daukie. Indonesian eta Filipinetan antolatutako expedizinoak suzko garrikoa osotzen daben sumendiak ikusteko aproposak dira. Hori bai, Pinatubo, Mayon edo Semeru lako sumendiak ikusteko ibilaldiek egunak irauten dabez, eta fisikoari jagokonean, egoera onean egotea oso garrantzitsua da. Baina paisajea eta bertako jentea ezagutzeko modu bikaina dira.
Junglara bisitatxua egitea be interesgarria da eta harrituta ixten zaitu haren edertasunak. Merezidu dau horrenbeste ordu oinez emotea, bertan dagozan animaliak euren inguru naturalean zelan bizi diran ikusteko -beti hezetasun handiko lekuetan-. Indonesian, Sumatra eta Borneo leku aproposak dira bertako landaredia eta fauna zoragarriak ikusteko. Orangutana eta Rafflessia, planetako lorarik handiena, nabarmendu beharreko ezaugarriak dira.
Ibilaldi eta ekintza honeek guztiak edonoren esku dagoz; prezioak 600 eta 1500 euro bitartekoak izaten dira, denporearen eta ostatu hartuko dozun lekuaren arabera. Bidaidetik, biajea ahalik eta modu libre eta independienteenean egiteko kontsejua emoten deutsuegu. Ganera, hoba da leku zehatz bat ondo ezagutzea leku askotatik arin pasetea baino. Biajea eta lo egiteko lekua eskaintzen daben pakete turistikoak ardurarik barik eta kondizino onetan bidaiatu gura dabenentzat aukera onak dira. Baina Asian danetarik dago, eta mundu guztia konforme geratzeko moduko lekuak dagoz. Azken baten, Kariberen alternatiba parebakoa da, Europako edozein lekutara bidaiatu geinken prezio berean. Momentu aproposa astebeteko oporrak hartu eta gure eguneroko bizimodua ahaztuteko.
Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Negua hortxe bueltan dago eta beragaz batera hotza, euria eta errutinea. Halan da be, askok opor egunak hartu eta planetan zehar biajeak egiten dabez, eguzki bila. Karibera joaten dan jentetzea ikusita, Asia leku aproposa dala esan geinke. Lasaitasuna eta abenturea, exotismo dosi on bategaz. Goazen ba, kontinenteko leku idilikoak topetan.
Harea zuriak, ur gardenak, okertutako palmondoak eta, batez be, eguzkia, eguzki asko. Pozik joango zinateke, ezta? Gagozan sasoian, lortu ezineko amesa dala emoten dau, baina ez dau zertan holan izan. Errealidade atsegin bihurtu leiteke. Ekuadorretik eta hego hemisferiotik hur dagozan lekuak bisitetako momentu aproposa da orain. Deskantsua hartu eta udan labeak emoten daben herrialde honeek bisitetako aukera parebakoa da sasoi hau. Edo ugerlekuak. Edo milaka turista erakarten dabezan imanak.
Asiako estadu askotan tenperatura atseginak dagoz orain, argi beroak, ur epelak eta batez be, deskantsua hartzeko balio daben hainbat leku trankil. Eta ez da Himalaiara igon behar hori lortzeko. Kariben turista taldetxuak edonon ikusten diran bitartean, Asiak askozaz be bisitari gitxiago jasoten dauz, eta gure kultureagaz zerikusirik ez daukan bertako kulturan bete-betean sartzeko aukerea emoten deusku. Leku aproposak dagoz egun trankilak pasau gura dabezanentzat, eta baita abenturazaleentzat be.
Hondartza zoragarriak
Arraroa emoten dauan arren, kontinenteko lekurik zoragarrienak gitxien ezagutzen diran herrialdeetan dagoz. Horren erakusgarri Ekialdeko Timorreko hondartzak dira. Planetako herrialderik gazteena da Ekialdeko Timor eta baita turismorik gitxien daukana be. Naturaz gozau gura daben guztiek leku parebakoa topauko dabe berton: ozeano urdina timondar lur gorri ia zapaldubakoagaz batzen dan lekua. Mobimentu apur bat gehiago gura dabenek, beste turista batzuk ezagutu eta hondartzetan jaiak egin berbarako, Filipinetan eta Indonesian topauko dabez leku aproposak. Mendebaldarren gustura atondutako leku ugari dagoz herrialde honeen geografia guztian zehar. Seguru antzean, Bali da ugartetik ezagunena, baina arrazoi horregaitik be, jentez ganezka dagoana be bada. Lombok ugarte auzokidean, Balitik barkuan ordu bi eskasera dagoana, errazagoa da deskantsua lortzea, giroa exotikoagoa eta trankilagoa dalako. Hori bai, urteko sasoi honetan sarritan egoten dira euri zaparradak.
Tailandian, klimea aproposagoa da. Baina atzerritarren pilaketak dirala eta, hobe da Pattaya eta Koh Samui lako lekuetara ez joatea. Duda barik, askosaz be atseginagoa da Phuket hegoaldeko uriaren pareko leku trankiletara joatea. Bertan, barkua hartu eta ‘bungalow’ tipikoak dagozan hainbat ugartetara salto egin geinke, eta Internet, eskuko telefono edo gure eguneroko bizimodua gogora ekarten deuskun tramankulurik ez ikusteko aukerea eukiko dogu, astebetez baino ezpada be.