Gotzon Garate: 'lexikoak ez dau sekula hizkuntzea hondatzen'
Gotzon Garate Elgoibarren sortu zan 1934an. Filosofian doktorea da Madrileko Unibersidade Complutensean. Teologian lizentziaduna Insbruckeko Unibersidadean. Filologia Erromanikoan lizentziaduna Deustuko Unibersidadean. Marxismoan espezializatua Friburgoko Unibersidadean urte biz. Euskal Literaturan katedraduna Deustuko Unibersidadean. Soziologian, Komertzialean eta Historian marxismo-irakasle. 1978an Euskal Filologia karrera sortu eban Deustuko Unibersidadean
Hogeita hamarretik gora liburu idatzi dituan elgoibartarrak New Yorken azken berrogei urteotako bizipenetan oinarritutako liburua argitaratu dau oraintsu: ‘New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk’. Munduko bazter guztietan ibili arren, New York uria eta uda sasoian 'Counseling Center' horretan egiten dauan beharra asko maite ditu eta etxean legez sendiduten da etxeorratzen urian.
1.- Ezer baino lehen, makalik egon zarala jakinda, zelan zagoz?
Bai. Baserritarrek esaten dabe legez, txizakotik, hau da, prostatatik operau ninduen eta hor topau eustien holako handitxu gaizto bat; hori kendu egin eustien eta oraintxe hasiko naz onkologikora joaten ia tratamentua behar dan ala ez zehazteko. Oraindino ikusteko dago, baina bien bitartean esperantzea ez da galdu behar, aurrera beti.
2. Duda barik, gatxari gogor egin behar jako. Liburuaren gaiari helduta, non zabiz gustorago, New Yorken ala Euskal Herrian?
Bietan oso gustora nabil, jakina, nik New Yorken hilabete bi eta erdi emoten dodaz udan eta esperientzia oso aberasgarria da baina nire lana eta nire eginkizuna Euskal Herrian dago, nik 12 urtetik aurrera beti garbi euki dot nire lana izan behar zala euskerearen eta euskal kulturearen alde lan egitea; orduan, New Yorkeko esperientziak osogarri edo hornitze legez hartzen dodaz, gero Euskal Herrian lan egiteko, han eta munduko bazterretan ikusten eta ikasten dodazanak beti euskerearen eta Euskal Herriaren alde lan egiteko hartzen dodaz; Suitzan be sei bat urte emon nebazan eta irakasleak alemanez berba egiten ebanean, nik euskeraz idazten neban.
Elgoibartarra izan arren, han batxilergoa egiteko aukerarik ez egoanez, Durangora joan nintzan kolegiora eta han jaubetu nintzan euskalduna nintzala eta inori kalteri egin barik nire helburua izango zala euskerearen eta Euskal Herriaren alde lan egitea. Bizitza osoan zintzo jokatu dot horretan.
3.- Errealidadean oinarritu zara testuak idazteko, kronikak gehienbat baina ipuinak be bildu dozuz liburura. Hilketak, ustelkeria, drogak, bahiketak... hain gogorra eta basatia da bizimodua New Yorken?
Bai. New Yorken mundu osotik joandako jentea dago eta arazo ugari dagoz: paperik bako etorkinak, drogak, prostituzinoa...; paperik bakoentzat eta abogaduak be badaukaguz egoera horreek bideratzeko; bestetik, gure auzoan, Washington Heights-en, droga asko dabil, trafikatzaileen arteko burrukak eta hilketak be ugari dagoz, senar-emazteen % 70 bananduta bizi dira eta egoera horrek arazo gogorrak dakarz seme-alabentzat. Arazo sikologikoak be ugari ikusten doguz, familiak euren lurraldeetan itxi eta bakartasunak eragindako estrés eta depresino egoerak, etsipenak jota dagoz asko eta asko. Asko ugaldu dira era horretako kasuak bai han eta bai hemen Bilbon be. Sarritan hurreratzen jakuz Counseling Center-era lagunak eta zer behar daben itauntzen deutsegunean, berba egin behar dabela esaten deuskue bakarrik sentitzen diralako.
Egoera benetan gogorrak dagoz; bederatzi urteko neskatila bat hurreratu zan gurera etxetik alde eginda eta amak ez ebala maite esaten euskun. Gu holakoetan maitasunez entzuten ahalegintzen gara eta ahal dan neurrian egoera horreek bideratzen. Horrek poz handia emoten deutsu.
4.- Kronika eta ipuin laburrak dira eta alkarren arteko loturarik ez dagoan arren, hasi eta amaitzeko moduko liburua da. Ez dozu jazoera zehatz bategaz narrazinoa luzatzeko tentazinorik euki?
Bai, istorio laburrak dira, erraz-erraz leiduteko modukoak eta lehen esan deutsudan legez, errealidade gordina islatzen dabe. Sarritan leporatu deustie hilketak eta sarri-sarri erabilten dodazala testuetan eta egia da, gaiztokeriak danak dira gogorrak baina hilketea da azkena, horrek ez dauka atzera bueltarik; ganera, han New Yorken eta AEBn sarri pasetan dira holakoak eta interesanteak diranak jaso egiten ditut, irakurleentzako be interesgarriak izan daitekezalakoan.
Kronika honeekaz ez dot euki tentazinorik luzatzeko baina askosaz luzeagoak izango diran pare bat istorio hasita ditut, nobela izango diran testuak; horreetako bat Deustuko Unibersidadeko irakasle baten hilketearen ganekoa, bestea John gezur, Santurtzitik New Yorkera doan itsasontzian ezkutuan sartzen dan Euskal Herriko mutil aberats baten istorioa. Bilbo, Deustu, New York eta inguruetako gorabeherak ezagutzen dodaz eta hurreko kontuen ganean idaztea gustetan jat; ikastetxeetan berbaldiak emoten dodazanean, beti esaten deutset ondo ezagutzen dabezan gaien ganean idazteko, egiantza handiagoa emongo deutsiela istorioari hurreko gaiak jorratuz.
5.- Liburu arin eta ulerterraza da baina euskera aldetik aberatsa, urteetako ikerlanen adierazgarri...
Bai. Literaturea idazterakoan, inportanteena hizkuntzea da. Idaztea bibolina jotea lakoa da; berbarako Cervantes, Cela eta Muñoz Molinaren testuak musikea dira. Axular, Txomin Agirre, Zamarripa eta Mikel Zarate irakurtea gozamen ederra da, gure gurasoen euskerea erabilten dabe eta hor musikea dago eta ez lexikoagaitik bakarrik, : ‘bajau’ edo ‘bentanie’ lakoengaitik euskalki bat hankaz gora jaurtitea ez da zentzunezkoa edo ‘s’ eta ‘z’ ez bereizteagaitik. Gehiago esango deutsut, bizkaierea da euskalkietan onena; zazpi probintzietako baserrietan nabil azken 37 urteotan eta deiptikoak, erakusleak zoragarri erabilten dozuez: ‘anai maiteok’ (‘anai maiteak’ Gipuzkoan) edo ‘nik neure ama maite dot’, ‘zu’ eta ‘zeu’ bereiztea galdu egin da ganerako euskalkietan. Lexikoaren aldetik, mendebaldeko euskereak badaukaz aberastasunak: ‘sai ‘putre esateko, ‘doban’, ‘doan’ edo ‘dohainik’ esateko, ‘posible da’ esateko ‘egin leiteke’...; esan gura dot, inoren euskalkia gitxietsi barik, bizkaiereari eutsi behar deutsagula.
Oraintxe bialdu behar dot artikulu bat Karmelera; gaia: ‘zer da euskera ona egitea’; hiru ezaugarri nabarmentzen dodaz: euskera hutsik bakoa, euskera erraza eta euskera aberatsa. Duda barik, euskera aberatsa euskalkietan dago. Euskera artifizialik ez dogu behar.
6.- Euskeraz gero eta gehiago egiten ei da eta azken aldion euskerearen kalidadeagaz arduratuta gabiz. Oro har, euskera ona, aberatsa darabilgu?
Gero eta gehiago egiten ete dan? Ez nago seguru. Euskaldun barri asko dago baina euskeraz dakiten guztiek ez dabe egiten; jakin bai baina eskola eta ikastolatan be umeak erderaz ibilten dira, giroa, oro har, erdalduna dalako. Kontzientziatu egin behar doguz euskeraz egin dagien. Erabilereak arduratzen nau baina kalidadeak be bai eta euskera aberatsa, lehen be esan deutsut, euskalkietan dago; gaur egun ‘siesta’ esateko emoten dau ez daukagula berbarik baina 1596ko Refranes y Sentenciasen ‘biao egin’ agiri da eta berba hori bizirik dago gaur egun Aramaion; horrezaz gan,‘damutu’ esateko ‘garbatu’ erabilten dabe Aramaion. Holakoak irakurri, entzun, ikasi eta erabiliz aberastuko dogu euskerea.
Kalidadezko euskerea erabilten ete dogun? Alde edo gorabehera handiak dagoz. Interesa edo gogoa da giltza, izan be, milaka modu dagoz norberaren euskerea aberasteko (irakurri, aztertu, ikasi...); zoritxarrez, askok pentsetan dabe dana dakiela.
7.- Kroniketako batzuk filmeetarako oinarri izan daitekez. Filmeetarako gidoiren bat idaztea ez jatzu bururatu?
Lehen be esan deutsut beste lan batzuk hasita daukadazala (nobelak, ipuin barregarriak) eta oraingoan gurago izan dot kronika labur eta zehatzak idatzi, ganera, asti barik nabil. Filmeetarako gidoien oinarri legez hartzea aukera bat izan daiteke baina ez daukat holako amesik.
8.- Azken 37 urteotan bildutako esapideak noizko?
Esapideen liburua da nire amesa orain baina osasun arazoak tarteko, ez dakit amaitzeko gauza izango nazan. Baserrietan jasotako milaka eta milaka esamolde daukadaz; erderaz sarri-sarri erabilten diran esapideen parekoak euskeraz be badaukaguz eta Zeanurin ez bada, Zuberoako Larraiñen topauko doguz. Espainola Espainia osoan berdintsu egin da beti eta kontua da ze gure herrian bakotxa bere aldetik ibili dala eta herri batetik bestera alde handiak egon dirala (fonetikea, lexikoa, atsotitzak, esamoldeak...) eta hortik bakotxaren aberastasuna jasoten jakin behar da.
Nire asmoa hemendik bi urtera argitaratzea da eta nik ezin badot, bateren batek amaitu eta argitaratuko dau; altxor hori ez da galduko.
9.- Gabon giroan bete-betean sartuta gagoz eta bolada honetan, familia, bihotza sentibera eta asmo onak eukiten doguz baina konsumismoa, alkartasunik eza, indibidualismoa dira nagusi egunotan...
Bai. Izakeraz optimistea naz, beti ikusten dot argia baina ekologismoaren eta familiaren arloetan ez dot gauza onik ikusten. Geure lurra hondatzen gabiz eta gure bizimoduaren aldaketeak be ez deutso bape mesederik egin familia ereduari. Beste mentalidade bat dago gaur egun, bikoteak erraz apurtzen dira, indarkeria... eta gehien sufritzen dabenak umeak dira, kasu askotan bizi guztirako traumatizauta geratzen dira. Gauzak holan, gabonaldia bolada ona da maitasuna eta senideen arteko hartu-emonak garatzeko.
Koldo Isusi Zuazo