Jan-edanak  III. urtea // 89. zenbakia

Gabon sasoiko janaurrekoak (I)


Zainzuriak (Esparragoak)

Esparrago landareak jatorriz Ekialdekoak dira baina aspalditik sortzen dira gure lurretan be. ‘Nafarroako Esparragoak’ Aspargus Officinalis muetakoak dira eta apirila eta garagarrila bitartean batzen dira. Esparragera deritzon landarearen lurpeko partea jaten dogu guk; lurpean hasten diralako dira zuriak (eguzkiak berde kolorea emoten deutso landarearen ganerako parteari).

Esparragoak ura eta zuntzean dira aberatsak, horregaitik otordua ez deuskue horren astuna egingo eta komunera joaten be lagunduko deuskue. Kaloria gitxi daukiez, 24 kilokaloria inguru 100 gramotan (berbarako, kalabazeak be 24 Kcal daukaz, letxugeak 18 eta azalorak 30). Karbohidratoak daukaz gehienbat (% 3,4), eta proteina eta koipe gitxi.

Mineralen artean potasioa, fosforoa eta zinka aitatu geinkez; latetan dagozan esparragoei sodioa botaten deutse eta horregaitik, sodioa kontrolau behar daben personek latako jateko kantidade gitxiago jan beharko dabez.

Bitaminen artean azido folikoa, azido nikotinikoa eta A bitaminea be aitatuko doguz; esparragoak freskoak diranean, C bitamina ugari be daukie, baina konserbazino denporea aurrera joan ahala, bitamina honen kopurua gitxitzen doa (C bitaminea barazki freskoetan dago batez be).

Betiko moduan, eurekaz batera binagreta eran jango dogun orio kopurua kontuan euki behar dogu (binagrearen kaloriak ez doguz kontuan eukiten normalean), gehienetan zainzuriak osorik jan edo ontzitik hartzeko moduagaitik orio askotan bustiten ez doguzan arren.

Ahate patea (ogi txigortuagaz)

Pateak gibelagaz egiten dira. Holan ba, mantenugaietan aberatsak dira. Mantenugaion artean neurria kontrolau beharreko mantenugaiak be badagoz, gantz aseak eta kolesterola hain zuzen be. Ahate pateen koipe kopurua % 25-45 bitartean dago, pate hori egiteko erabili diran osogaien arabera. Ahate pateek gantz azido monoasebako ugari be badaukiez (berbarako, oliba orioa), baina halan da be, daukien gantz azido aseen kopurua eta eragina garrantzi handikoa da, horregaitik neurriz jan behar dira.

Pateek proteina, burdin, zink, potasio, B taldeko bitaminak eta A bitamina ugari daukiez.

Pateek daukien gibel kopurua desbardina da markearen arabera. Gibela pato okeleagaz nahastetan da proportzino desbardinetan eta hainbat markek beste hegazti batzuren okelea edota txarri okelea be erabilten dabe. Okeleaz gan, ahate edo beste animaliaren baten koipea, arrautzak, esnea, espezieak... ganeratu ahal jakez. Osogai guztiak irakinarazotako uran nahastau eta txikitu egiten dira pateak lortzeko.

Ahate pateen proteina kopurua % 10-16 bitartekoa da, okeleak baino gitxiago (okelearen % 20 inguru izaten da proteinea) eta hau pateek koipe gehiago daukielako izaten da.

Zainzuriei legez, pateei sodioa gehitzen jakie eta horregaitik sodioa kontrolau behar daben personek kontu handia euki beharko leukie mueta honetako jakiakaz.

Pateak neurriz jan beharreko elikagaiak dira eta, oro har, aperitiboak lantzean behin eta kantidade txikian jan beharko geunkez.

Ogi txigortuak karbohidrato ugari daukaz eta patea bertan igurtzita gusturago jaten laguntzeaz gan, otordu honetako mantenugaiak orekatzen lagunduko deusku.

Ardaoa

Norberaren gustukoa edo gura izan ezkero, Mikel Garaizabalen edo Imanol Sarasolaren aholku onen arabera aukeratu geinke. Eta on egin.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nurtizinoan diplomaduna

Bajatorkuz aurton be gabonak, zoriona opatuz eta tripea betetako gogoa be biztuz, ze gauza jakina da gure artean gabonak tripeagaz be ospatzen doguzana. Sarritan aitatu dogu lantzean behin apur bat gehiago jan ezkero ez dala ezer pasetan hurrengo otorduetan normal jaten dogun artean. Baina gabonetako ‘arriskua’ hori da hain zuzen, behin baino gehiagotan pasetan dirala persona asko eta ez otordu nagusietan bakarrik, bitartekoetan be bai. ‘Danetarik jan’ eta ‘danetarik gehiegikeria barik’ printzipioak segidu ezkero, gabonetan be nahiko orekatuta jatea lortu geinke. Garrantzitsua izaten da, baita, janari ‘berezietatik’ kanpoko otorduetan barazki gehiago, fruta gehiago eta koipe eta azukera gitxiago jatea, holan astean zehar orekea lortu ahal izango dogu.

Ikusi daiguzan ordu tartean hartzen dan janaurreko edo aperitibo horreetako adibide batzuk eta horreek emoten deuskuezan mantenugaiak zeintzuk diran. Menua hauxe dogu: zainzuri (esparragu) zuriak binagreteagaz, ahate patea ogi txigortuagaz eta ardaoa.