Musikea  III. urtea // 88. zenbakia

Entzun! musika aldizkariak 18 euskal talderen bideoklipak batzen dituan DVD bat kaleratu dau


DVDan dagozan bideoklipak ondokoak dira: Gari (Hil ez dena); Ruper Ordorika (Zaindu maite duzun hori); Doctor Deseo (Abrázame); La Buena Vida (Un actor mejicano); Afrika (Aparteko mundua); Atom Rhumba (Gone); Inoren Ero Ni (Aurrez aurre); Señor No (Llámame); Su Ta Gar (Bizitzaren borroka); Flyin' Freak (It's the time); Kudai (Ni naiz); Kuraia (Udaberri azidoa); Mermaid (I Rock); Neubat (Basamortu Motela); Audience (Over On fire in a song); Tanta + Xabier Erkizia (Ezer jakin gabe remix).

Ganera, Materia taldearen 'Marionettes (some day we will cut the threds)' kantua zuzenean grabatua Bilborock aretoan; Dropezframes + Dj Kreator-en 'I'm a terrorist', eta Iruñeko Kretator dj-ak eta Dropezframes kolektiboak bilduma honetarako berenberegi eginiko bideojockey saioa batzen ditu lanak.

Bizkaie!

Entzun! musika aldizkariak 'Euskal Bideoklipen bilduma bat' izenburuko DVDa plazaratu dau. Lan honek 16 euskal talderen beste horrenbeste bideoklip eta bi bonus-track batzen ditu, 18 ikus-entzunezko pieza guztira. Bilduma hau askotarikoa da edukinak kontuan hartuta, eta anitza izakeran, entzun daitekezan estilo eta hizkuntza desbardinak lekuko.

Egungo euskal bideoklipen produkzinoaren isla polita eta esanguratsua da, izan be, ahalik eta proposamen zabalena eskaintzen saiatu dira Entzun! aldizkariko arduradunak: berbarako, rock indartsua Mermaid edo Neubaten eskutik; Gari edo Doctor Deseoren heldutasuna; itsasertzeko popa La Buena Vidaren eskutik; Kudairen metala; Kuraiaren punka; edota abentura esperimentalagoak, Tanta eta Xabier Erkizia edota Dropezframes kolektiboaren eskutik.

Euskal musika aldizkariko iturriek jakinarazo dabenez, gehienbat arrazoi bi egon dira bideoklipez osotutako lan hau egiteko: batetik, gero eta kalidade handiagoko euskal talde eta artisten bideolanak batzea eta bilduma batean argitaratzea, sarritan oso gatxa izaten dalako bideoklip horreek ikustea, salbuespenak salbuespen.

Bestetik, Entzun! aldizkaria bultzatzea eta sustatzea izan da bigarren arrazoi nagusia. Gauzak holan dirala, 'Euskal bideoklipen bilduma bat' DVDa eskuratzen dauenak (15 euro aldizkariaren urte osoko harpidetza (sei ale) eroango dau etxera. Horretarako, DVD barruan txartel bat sartu dabe, kode bat daroana, bakarra eta besterenezina. Bertan eskatzen diran datuak bete eta Entzun!-era helarazoz, urte osoko harpidetzea eskuratuko dau erosleak.