Barriketan  I. urtea // 9. zenbakia - 2002ko irailaren 1a - Hamaboskaria

Alain Salterain: 'Durango TB eta eskualdeko jentea oso lotuta egongo dira'

Durango TB, irailaren erdialdean hasiko da emitiduten


Durangoko eskualdean, toki telebista baten preminea ikusita, aspaldi hasi ziran proiektua mamitzen eta orain azkenengo ukutuak emoten dabilz. Uda sasoia tarteko, azken txanpako lanak zelan doazen jakin guran, Alain Salterain, Akom Astola Komunikazino Taldeko eta Durango TBko Burua prest agertu da gure itaunei erantzuteko.

1. Telebistaren egoitza atonduta, programazinoa nahiko zehaztuta, platoak eta dekoratuak prest, beharginak be buru-belarri guztia preparetan...; abuztuan ez zenduen opor egun askorik hartuko?

Buru belarri ibili gara beharrean. Egia esateko, orain gehiena eginda badago be burukominak handiak izan dira, aurtengo abuztua guretzako nahikoa desbardina izan da. Kontuan izan behar da irailean beharrean, emitiduten hasteko oso gitxi falta dala eta era honetako proiektuak sano korapilatsuak izaten dirala; ezustekorik ez badago, irailaren 18an hastea da gure asmoa. Durango TB telebista digitala izango da eta beharginok ordu asko behar izan doguz guztia behar bezela ikasteko. Gauza asko dira ondo eta zehatz lotu beharrekoak eta beharginetako batzuk programazinoko kartak eta bestelako gorabeherak egiten makinatxu bat ordu eta egun egin dabez. Oso konplikatua da telebista bat ezerezetik abiarazotea baina egia esanda bagenkian holan izango zala eta pazientzia handiagaz ekin geuntson beharrari, denpora asko behar izan dogu guztia preparetan. Pentsaizu, proiektu honetan ezerezetik hasi gara eta azpiegitura eta alde teknikoaz ganera, uste baino gauza gehiago egon dira egiteko; Durango TB telebista lokala izango bada be, badakigu jakin, telebistaren aurrean jarriko dan lagunak zapping egingo dauela eta ganerako telebistakaz konparauko gaituala eta, beraz, kalidadezko telebista egin gura izan dogu.

2. Zeintzuk dira Durango TBren asmoak?

Hasteko, esan behar dot Durangaldeko Eskualdean jaioko dan lehenengo telebista lokala izango dala. Nik beti izan dot argi, herri komunikabide bat martxan jarten danean, nahitaezkoa dala zure ingurua ezagutzea, eskualdeko herriak eta, jakina, gizarte, politika zein kultura arloetan, herriotako errealidadeak; nik pentsetan dot horrexek emoten deutsola nortasuna herri komunikabide bati. Oso garrantzitsua da ikusleak bere inguruko errealidadea ikustea telebistan, izan be, telebista kate handietan ez dago tarte larregirik horretarako. Beraz, argi daukat Durango TBk eskualdeko informazinoa baino ez dauela emongo eta, ganera, Durangaldeko herritarrek zeresan handia izango dabena seguru nago, telebistaren parte izango dira; nire eretxiz, hortxe dago arrakastearen giltza. Kontu horreek guztiak gogoan hartuta, nire asmo nagusia Durango TB eskualde osora zabaltzea izango da eta eskualdeko herritarrak protagonista izatea.

3. Proba batzuk egin dozuez eta honezkero etxe batzuetan UHFko 54 kanalean Durango TBren seinalea hartzen da. Edozelan be, hasieran kable bidez emitidutea zan asmoa?

Bueno, aldaketak egon dira, 54 kanala aukeratu genduan probak egiteko eta kanal horretan geratu izan gara, Durangaldean ikusten da eta kanpora be heltzen da, esaterako Elgetara be heltzen da gure seinalea. Beste gauza bat da kable bidez emitidutea, asmoa horixe zan egia esateko; alde horretan, arazo asko izan doguz Euskaltel konpainiagaz; negoziazinoetan ibili gara baina arazoak arazo eta tirabirak tirabira, momentuz kable bidez emitiduteari uko egin deutsagu; halan da be, beste aukera batzuk aztertzen gabilz eta oraingoz aldaketea noiz egingo dogun jakiterik ez badago be, ahalik eta arinen egitea gustauko litzakit; bien bitartean, uhinen bidez emitiduko dogu.

4. Orain ia dana eginda dago baina azken hilebeteotako prozesuan zeintzuk izan dira momenturik onenak eta txarrenak?

Holako beharretan beti izaten dira momentu onak eta ez hain onak; urduritasuna be sarritan agertzen da baina momentu txar-txarrik ez neuke aitatuko; gurean be danetarik izan da, kontuan hartu behar dozu lehenengo momentutik oso garrantzitsuak diran gauza asko planteatu eta bideratu behar dozuzala: proiektua martxan ipintearen kostua, legearen aldetik egon daitekezan arazoak, antenak non ipini, leku egokiak aukeratu...; dinotsudan legez, oinarri-oinarrizko gauzak asko izan dira eta zelan ez programazinoa pentsetea eta zehaztea, telebistan behar egingo daben profesionalak aukeratu eta lantaldea osotzea edota alde teknikoa, telebistearen egoitzea, platoak, erredakzinoa atontzea burukomin handiak izan dira.

5. Toki telebistea izan arren, aurrekontu handia erabiliko zenduen; Durango Telebista ekimen pribatua da; zein izango da finantziazino bidea?

Danetara, 50 miloeko aurrekontua dogu eta ondo esan dozun legez, ekimen pribatua da gurea; guztia publizidadearen bitartez finanzietea da gure asmoa eta pentsetan dogu posible izango dala. Antzeko beharretan ibilitakoak gara, hamaika urteko esperientzia dogu, izan be, gehienok Durango irratitik gatoz eta horrek esan gura dau, Durangaldeko errealidade komertziala ondo ezagutzen dogula; gauzak holan dirala, konfiantza handiagaz gagoz, bezeroen beharrak ezagutzen doguzalako eta ez deuskuela hutsik egingo pentsetan dogulako.

6. Durango Telebisteak euskeraz ala erderaz emitiduko dau?

Inguruko beste herri eta eskualdeen antzera, Durangaldeko errealidadea elebiduna da; azken ikerketen arabera, herritarren % 60 euskalduna da eta ganerakoa ia euskalduna edo erdalduna. Datu horreek gogoan hartuta planteau eta zehaztu dogu telebistearen programazinoa; errealidadea ikusita, gaur egun ezin dogu euskera hutsezko programazinoa egin, gehienbat, publizidade iturria askozaz txikiagoa izango litzatekelako eta, era horretara, proiektua urtekerarik bako kalera bideratuko geunkelako hasiera-hasieratik. Kontuak kontu, errealidadeari uko eginez, gaur egun Durangaldea ez dago prest zehatz euskalduna izango dan herri komunikabide bat izateko eta, ganera, ez daigun ahaztu euskera hutsean emitidu gura izan ezkero, diru laguntza asko beharko geunkezala. Aitatutako arrazoi horreengaitik, oraingoz programazino elebiduna egingo dogu eta, jakina, apurka-apurka, euskaldunen portzentajeak gora egin ahala, programazinoa egokitzen joatea da asmoa ze badakigu herri komunikabide bat oso garrantzitsua dana herri bateko hizkuntzearen normalizazinorako.

7. Lantaldean zenbat jente zabilze?

Momentuz hamar behargin izango gara, lau errealizazinoan eta kamara moduan eta ganerakoak kazetariak. Lantalde txikia baina danok be behar egiteko gogo handiagaz gagoz. Gero gerokoak.

8. Hasierako programazinoa ondo zehaztuta egongo da. Zelako saioak egingo dozuez?

Honezkero prest dogu programazinoa. Arin eta hankaz gora ibiltea ez da gauza ona izaten eta geldiro-geldiro ekingo deutsagu, lehenengo pausuetan, lau orduz emitiduko dogu eta uhinen bidez etxeetara helduko diran saio guztiak guk geuk egindakoak izango dira. Lau orduko tarte horretan albistegi bi izango dira bata euskeraz eta bestea elebiduna, kirol tarte bat be aurreikusi dogu eta, azken ordurako, magazine berezia preparau dogu politika, gizarte zein kultura gaiak jorratzeko.


9. Programazino osoa zeuok egindakoa izango da ala programak erostea be aurreikusi dozue?

Ez, lehen be esan deutsut Durango TB eta herriko edo eskualdeko jentea oso lotuta egongo dira, izan be, herritarrakaz kimika ona sortzea da gure asmoa arrakastea hortxe dagoala pentsetan dogulako; horrek esan gura dau, herria eta herritarrak gogoan hartuta, programazino guztia guk geuk egin behar dogula, izan be, ez deutsagu zentzurik ikusten programak erosteari; telebista handiakaz ezin gara lehian hasi, guk erosi geinken film edo dokumental bat nork ikusiko leuke gaur egungo konpetentziagaz? ganera, herri komunikabide bat bere inguruan oinarritu behar da eta ez, ostera, kanpoko produkzinoan.

10. Hasieran, emisino orduak zenbat izango dira?

Oraingoz behintzat 4 izango dira emisino orduak; hori bai, gauzak ondo doazela ikusten badogu, emisino orduak eta lantaldea bera bape lotsa barik zabalduko doguz. Dana dala, ezustekorik ez bada, irailaren erdialdean hasiko gara emitiduten eta ikasturte osoan arratsaldeko 20:0etatik gauerdira bitartean emongo doguz saioak.

11. Publizidadeak zelako lekua iznago dau Durango TBn?

Handia. Pentsaizu, finanziazino iturri bakarra izango da publizidadea. Hori kontuan hartuta, argi dago publizidadeari sekulako garrantzia emongo deutsagula eta mimo handiz aztertu eta landuko dogun arloa izango dala. Durangaldeko zein kanpoko etxeen publizidade eskariak aztertzeko asmoa dogu.

12. Toki telebistak beharginak edo profesionalak trebatzeko leku onak dira, izan be, asko eta asko dira telebista 'txikiak' telebista 'handi'-etara salto egiteko erabili dituenak...

Bai, egia da, ni Durango Irratitik nator eta adibideak piloa dira, berton hasitako jente asko irrati handietara pasau diralako. Beste herri komunikabide batzuetatik komunikabide handiagoetara salto egin dabenak be asko dira eta, besteak beste, profesional onak diralako izango da hori. Ni neu, asko poztuko nintzateke Durango TBko profesionalakaz be horixe pasauko balitz, seinale ona izango litzateke hori.

Koldo Isusi Zuazo