Zinea  III. urtea // 88. zenbakia

Les choristes


Christophe Barratier zuzendariaren lehenengo film honi harrera ezin hobea egin deutsie Frantzian. Eta egia esan, pelikula honek ikus-entzuleek bizitzearen ganeko ikuspuntu positibo eta baikorraz gozetako aukera ezin hobea emoten dau. Zuzendariak esandakoaren arioan, istorioa umezaroan bizi izandako esperientzietan oinarrituta dago; orain arte jadetsitako arrakastearen giltzarrietariko bat egiatasun horretan topau leiteke.

Batzuen eretxiz, milikia eta lar sentimentala izan daiteke. Barrutik eginda dago, barru positibo eta itxaropentsu batetik; ikuspegi gizatiarra emoten dau, gaur egun nagusi dan zine ozpintsu, nihilista eta eszeptikoa albo batera itxiz. Zuzendariak ez dau inor engainau gura eta pelikula zintzoa egin dau, personen bihotza bigunduko daualakoan edo.

Emozino eta xarmaz beteko filma da, edonor hunkitzeko modukoa. Gidoi on batez horniduta dago eta interesgarritasunari eusten deutso beti be. Frantzian ikaragarrizko arrakastea lortu dau eta herrialde hau Oscar sarietan ordezkatzeko aukeratua izan da. Beharbada, gurean film honetako protagonistearen antzeko personen hutsunea agiri-agirian dagoalako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Christophe Barratier.
- Herrialdeak: Frantzia eta Suitza.
- Iraupena: 95 minutu.
- Antzezleak: Gérard Jugnot (Clément Mathieu), François Berléand (Rachin), Kad Merad (Chabert), Jean-Paul Bonnaire (Maxence), Marie Bunel (Violette Morhange), Paul Chariéras, Carole Weiss, Philippe Du Janerand (Langlois jauna), Erick Desmarestz (Dervaux doktorea), Jean-Baptiste Maunier (Pierre).
- Gidoia: Christophe Barratier eta Philippe Lopes-Curval; Jean Dréville-ren "La cage aux rossignols" filmean oinarrituta.
- Argazkia: Carlo Varini eta Dominique Gentil.
- Muntaia: Yves Deschamps.