Txutxu-mutxuan  III. urtea // 88. zenbakia

Euskal herritarrak gero eta zaharrago

2020an EAEko euskal herritarren % 25 hirurogeita bost urtetik gorakoak izango dira


EAEko osasun gastua

Gizartearen aldaketa honen ondorioek Osakidetzaren arlo ekonomikoari be eragingo deutsie. Txostenak emondako datuen arabera, EAEko osasun gastuak Europako hainbat herrialdetan egiten dabezanen azpitik dagoz. BPGri jagokonez, EAEk % 6,1 inbertiduten dau; zerbitzu hau ondo be ondo jagoten dauan Alemaniak, ostera, % 10,5 eta Italiak % 6,8. Ganera, azterlanak zehazten dau arlo publikoak finantzaketa osoaren % 76 hartzen dauala eta ekarpen pribatuak oso zati txikia, hau da, Europako beste herrialde batzuetan baino zati txikiagoa.

Edozein kasutan be, agiriak adierazotakoaren harian, biztanleen zahartzeak ez dau Osakidetzaren fakturea asko karutuko; antza danez, % 2 besterik ez dau gora egingo. Dana dala, argitu beharreko duda bat dago: zelan buztartuko dira gora doan prestazino kopuru handia eta pentsinodunei zuzendutako osasun publiko eta debaldekoa?

Azterlan hau 2004ko garagarrilean egin zan arren, ez da orain dala gitxira arte kaleratu; datuak Eusko Legebiltzarrean laguntza gerontologikoaren ganeko gaia jorratzean emon ziran argitara; txostenetik hiru ondorio nagusi atara daitekez: batetik, gure gizartea gero eta zaharragoa izango dala eta, horrenbestez, edadeko personen pisua handiagoa; bestetik, osasun laguntzinoa hobetu eta handitu beharko dala; eta, azkenik, oraindino ez dala zehaztu edadeko personek osasun arloan eragingo daben gastuari aurre egiteko neurri zehatzik.

Begiluzea

Aurtengo garagarrilean egin eta orain dala gitxi kaleratu daben azterlan batek aurreikusten dau 2020rako EAEko biztanleen lauren bat baino gehiago 65 urtetik gorakoa izango dala.

Hobetu beharreko osasun zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzeak biztanleen zahartzeak ekarriko dauzan ekonomi eta gizarte ondorioen ganeko azterlan bat egin dau; azterlanean argi eta garbi azaltzen da 1981etik 2001era bitartean edadeko biztanleen taldea bikoiztu egin dala eta hurrengo bost urteetan be batez bestekotik gora egingo dauala.

Bizi itxaropenaren arian ariko hazkundeak eta, beraz, biztanleen zahartzeak hainbat aldaketa eragingo deutsoz osasun laguntzarako sistemeari; izan be, zerbitzuen eskari handiagoari egin beharko jako aurre, baina beti be kalidadea ziurtatuz. Horrek hainbat defizit sortu eragin leikez, txostenak dinoaren arabera.

Izan be, gaur egun sorospena behar daben edadeko personen % 90i laguntzeko eredua familian oinarrituta dago (kasurik gehienetan emaztea edo alabea arduratzen da) eta eredu hau ezinbestean aldatuko da, emakumea lan merkaduan sartu dalako eta edadeko herritarrek bakarrik bizitzeko gero eta jokera handiagoa daukielako.

Etorkizunean familiaren laguntzinoa makaldu eta babes mueta horren preminea handituko dan ezkero, gaur egungo zerbitzuen gaitasuna kolokan dago. Hori dala eta, osasun zerbitzuak nabarmen hobetu beharko dira: zerbitzuak gehiago profesionalizau, etxerik etxeko nahiz lehen mailako laguntzinoak indartu eta sorospen osoa be hobetu; azkenik, persona helduen bizimodu autonomoa luzatzeko prebentzino beharra indartu behar izango da.