Antxina-barri  III. urtea // 88. zenbakia

‘Interes’ bako Monzon

Telesforo Monzonen agirien gaineko bitxikeria


Esan dogun moduan, asko dira berak idatzitako antzerki, ipuin zein abestiak. Betidanik egon zan oso lotuta euskereagaz eta euskal kultureagaz. Berak idatzitakoen artean be, asko dira euskeraz idatzitako agiri eta kartak. Hain zuzen be, datu honen gainean bitxikeria bategaz gura dot amaitu artikulu hau: jakina danez, Bilbao Francotarren eskuetan jausi eta gero, ‘Euzkadiko Jaurlaritzea’ Santanderren eta batez be Bartzelonan egon zan. Baina gerrea ez egoala bape argi eta, egoitza nagusia Pariseko Av. Marceauko eraikinean imintea erabagi eben euskaldunek. Lehendakari eta sailburuakaz batera, Parisera eroan ziran hainbat agiri eta karta, euretariko asko Arroxelan edo Flissingenen bahituta egon eta gero. Agiri horreen artean Monzonenak be baegozan.

Baina Espainiako Gerra Zibilia amaitu eta ia berehala hasi zan II. Mundu Gerrea deitutakoa, 1939ko irailean hain zuzen be. Gerrako lehenengo hilabeteak nahiko lasaiak izan ziran Frantziarrentzako, baina 1940ko maiatzetik aurrera gerrea gogortu egin zan, eta alemanak ikaragarrizko abiadea hartu eta atoan Parisera heldu ziran. Agirre Lehendakaria bera be ezustekoan hartu eben Belgikan, ama eta neba-arrebak bisitetan egoalarik. Orduntxe hasi zan berarentzako gero ‘Gernikatik Nueva Yorkera, Berlinetik pasatuz’ liburuan labur batuko eban ‘pelikulako’ ibilaldia.

Parisen egozan euskaldunek Frantziako uriburutik arrapaladan alde egin behar izan eben, Ingalaterrara, Ameriketara zein eskura egozan beste herrialde batzuetara. Alde egin ezinean geratu ziran asko Iparraldeko herritxuetan ostendu ziran.

Kontua da ze, Francotarrek Espainian gerrea hasi zanetik Berreskuratze Batzordea deitutako erakundea eukiela sortuta. Ospetsua egingo zan Urraca Rendueles poliziaren gidaritzapean, batzorde honen egin beharra Errepublikarrek atzerriratutako ondasun guztiak berreskuratzea zan, behin Francok gerrea irabazi eta inguruko gobernuen oneretxia lortu eta gero.

Holan ba, Jaurlaritzearen egoitzan sartu eta alemanek hango agiriak Francoren polizien eskuetan itxi ebezan, hain zuzen be Berreskuratze Batzordeko buru zan Urraca poliziaren eskuetan. Agiri eta paper guztiak goitik behera begiratu ebezan, baita irakurri be. Esaten gendun moduan, interes gehien eukienak ondasunakaz lotutako papelak ziran. Pariseko egoitzan lortutako agiri honeei esker hainbat ondasun berreskuratu ebazan Francok. Baina interes handikoak ziran, baita be, personen gaineko agiriak, gero Hego Euskadin errepresinoa bideratzeko. Helburu honegaz, Parisetik urten eben hainbat euskaldun kartzeletara bialtzeko edo fusiletako balio izan eben datuek, berbarako hildako Luis Alaba, ‘Alaba’ informazino-sarearen burua.

Hau holan izan da, agirien artean personen kontra egiteko interesgarrienetarikoak Gobernazino edo Barne Sailekoak ziran. Monzonen sailekoak. Baina agiri honeek ukutu barik geratu ziran, edo ukutu barik baino, aztertu barik hobeto esanda. Zergaitia erraz ulertu geinke: gehienak euskeraz idatzita egozan, poliziek irakurri ezin eta alde batera itxi ebezan dokumentuok. Urraca Renduelesek danak batu eta gainean esaldi adierazgarria imini eutsien ‘Casi todo en vascuence. Sin interés’.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria


Urte guztietan ospakizunak izaten badira, euskaldunontzako, eta batez be abertzaleentzako, aurtengoa berezia da, Agirre lehendakariaren jaiotzearen mendeurrena ospatu dalako. Baina Agirre, belaunaldi oso baten ikurra izan zan, eta beragaz batera, momentu gogorretan gure herriaren gidaritza lanak egin eben hainbat personaia be bere adin berekoak ziran.

Horreen artean Telesforo Monzon dogu. Bergararra, 1904ko abenduaren 1ean jaio zan, beraz, bere jaiotzearen mendeurrena be ospatzen dogu aurten.

Gizon nahiko ezaguna dogu Monzon: gaztetatik abertzaletasunaren aldeko burrukan, 30eko hamarkadako urteetan Euskal Herriko herrietan zehar sarri ibili zan mitinak emoten, euskeraz benetan mitinlari oparoa eta beroa zalako. Gerrea heldu zanean, Agirrek berak eskatuta, Barne Saileko ardurea hartu eban eta gudariek euki ebezan lehenengotariko armak be berak egindako erosketen bitartez heldu ziran. Gero erbestera joan behar izan eban.

Gazte denporatatik kemen berezia erakutsi eban Monzonek euskera bera eta euskal kultureagaz batuta egozan ekintzetarako. Abesti, antzerki zein ipuin eta liburu asko idatzi ebazan ganera. Gerrea amaituta be ez eutson uko egin lanari eta horretan jarraitu eban bergararrak. Lan honeen testigu: EKA, Euskal Kulturearen Alde eta ‘Gernika’ erakundeetan izandako partehartzea.

1960tik aurrera, behin Agirre lehendakaria hil zanean, Monzon erabat aldendu zan orduko EAJren agintariakandik. Gero eta agirikoagoak ziran honeekaz eukazan tirabirak eta 60ko hamarkadatik aurrera belaunaldi abertzale barrietako gazte batzuk beste aukera eta bide batzuk jorratzen hasi ziranean, Monzonek bat egin eban eurakaz, EAJ alderdiagaz loturak erabat apurtuta. Geroko urteetan, historiarako geratzen dira Piarres Larzabal abadeagaz batera Burgoseko Epaiketa ospetsuaren sasoian ETAk bahituta eukan Behil Kontsula askatzeko biak egindako bitartekaritza lana eta bardin be, ETAko kideak laguntzeko sortutako Anai Artea alkartearen eragina.

Behin Franco hil eta gero, Monzon abertzale guztien batuketea lortzen ahalegindu zan, Xibertako batzarren bitartez berbarako, baina ezin izan eban. Azkenik, sortu barri zan Herri Batasuna koalizinoaren kidea izan zan, Madrileko Diputaduen Kongresuan lekua be lortuz. Urte honeetan, behin baino gehiagotan tokau jakon kartzelak bisitetea. 1981eko martiaren 9an hil zan Baionan.

Horrexek dira ba, labur batuta, Monzonen bizitzaren gauzarik azpimarragarrienak. Baina gaur hona ekarri gura genduana Monzonegaz zerikusia daukan bitxikeria bat da. Monzon euskaldun eta euskaltzaleagaz.