Iñaki Mendizabal: ‘Rio de Janeiron danetarik dago’
Rio de Janeiro: Brasil kosmopolitea
Baina Rio de Janeiro favelak baino askosaz gehiago da. Zer dauka horren uri erakargarria izateko?
Hondartzak, uria eta mendia. Rio uri zoragarria da, leku zoragarrian ganera, oihanaren erdian dago eta. Mendiz inguratuta dago eta horrek xarma berezia, berak bakarrik daukana emoten deutso. Hori bai dala ‘botxo’ bat. Riok danetarik eskaintzen deusku, eta Maceiók, barriz, ez. Harea mueta guztietako hondartzak dagoz, Copacabana eta Ipanema berbarako, eta baita uri guztia ikusteko aukerea eskaintzen deutsuen mendi berdeak be. Ezaugarri berezi honeen adibide argienak uriko bi erreferentzia ezagunenak dira: Pan de Azucar eta Cristo Corcovadoren mendia.
Hain ikusgarriak dira?
Bai. Bistak ederrak dira, deigarriak. Corcovadotik uriaren eta badiaren panoramika zoragarria ikusten da; Pan de Azucar-etik, barriz, bistea estuagoa da, eta horrek sakontasun sentsazinoa emoten dau. Merezidu dau leku bietara igotea. Ganera, 40 euroren trukean helikopteroan egin zeinke ibilalditxua.
Asfaltoaren maitaleei be, arkitektura berezia eskaintzen deutse Riok.
Bai horixe. Eraikin izugarriak dagoz, Petrobras-en egoitza, katedrala edo arte modernoaren museoa berbarako. Arkitektoei asko gustetan jake Brasilera joatea, 40 urtetan zehar probak egiteko erabili izan daben herrialdea da eta. Uriburuak badauka alde zaharra, Hegoameriketako eraikin tipikoakaz, estilo koloniala eta kolore biziak ahaztu barik.
Eta hondartzak?
Danetarikoa dago. Hondartzak urunezkoak, azukerazkoak, harrizkoak dira. Hori bai, ura hotz dago, Kantauri Itsasoan baino hotzago esango neuke. Leku ederra da denpora tartetxu bat pasetako, Copacabana lako leku batzuk turistakaz beteta egon arren.
Mueta horretako leku asko dagoz?
Rio, akaso, Brasileko leku turistikoena da, baita kosmopolitena be. Halan da be, ez dago ezelako turista-pilaketarik. Nik esango neuke herrialdea bisitetan daben turistetatik, bitik batek bisitetan dauala Rio, baina hori miloe bi baino ez dira. Bartzelonak hiru miloe jasoten dauz. Jentea, ganera, ez da horren kantsagarria, Kuban eta Vietnamen legez. Batera eta bestera gustora ibilteko modua dago. Aleman asko ikusi dodaz, georgiarrak, argentinarrak, italiarrak... Uri oso interesgarria da, eta ez da karua. Bikote batek gaua 36 euroren truke pasau leike, eta personako egunean 10 eurogaz oso ondo jan zeinke. Baina beti hondartzatik urrun, txosna turistikoetan itzelezko zaplastekoak emoten dabez eta...
Hondartzea aitatuta, bikini-tangak be burura etorri jataz...
(Barreak). Bai, bai. Brasilen oso ohikoak dira, edonon eta ugari dagoz. Uste dot herrialdea munduko bikini esportatzaile handiena dala, eta gehienak tangak dira. Oso tela gitxi daukie, eta behar dana baino ez dabe tapetan. Jente nagusiak be erabilten dau tangea, ez bakarrik neska gazteek. Normala da bertan. Gorputza goraipatzen dabe, baita gizonek be...
Zenbat denpora behar da uria ikusteko eta zeintzuk dira bisitariak derrigor ikusi beharreko lekuak?
Uria goitik behera ondo ikusteko bost egun nahiko dira. Hori bai, egun onak egiten badauz. Horregaitik, badaezpada aste osoa hartuko dogu. Interes-lekuei jagokenez, orain arte aitatu dodazanaz gan, Santa Teresa auzoa leku polita da ikusteko. Tranbian joan zeinke bertaraino, Lapa ubidetik, eta emoten dau oraindino kolonialismoaren garaian dagoan auzoa dala; Castro Maia museoa be ikusgarria da, txikitxua izan arren, eta Santa Teresan bertan dago; Tijuca parkea uri baten barruan munduan dagoan parkerik handiena da; ni futbol-zalea ez izan arren, Maracaná futbol-zelaia ikustea interesgarria da, kirolaren katedrala dalako eta 180.000 personentzako lekua eukita, ikusgarria dalako; lakua eta lorategi botanikoa leku trankilak dira, oso egokiak goiz edo arratsalde trankil bat pasetako.
Turistearentzat kontsejuren bat?
Hotela lehenengo egunerako bakarrik erreserbetea, eta gero leku desbardinetan lo egiteko aukerea aprobetxetea. Garraio publikoa erabiltea: metroa eta autobusak merkeak eta erosoak dira. Taxistakaz zur ibiltea, ahal daben guztietan engainau egiten zaitue eta behar ez dan lekuetatik eroaten zaitue gero diru gehiago kobretako. Eta ‘rodicio’-etan jatea. Bi lagunentzako jatekoa 8 euroren truke: lagartoa, aharia, oilaskoa, galeperra... mueta desbardinetako okelea jan zeinke, bete arte ganera, eta entsaladen bufete bategaz lagunduta. Leku tipikoak, erosoak eta merkeak izaten dira horreek. Azken kontsejua: ahal dan neurrian behintzat, tipikoak diran leku horreetara ez hurreratu.
Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Iñaki Mendizabal Elordi
Aurreko alkarrizketan Brasil trankilaz, Maceióz hain zuzen be, egin gendun berba Iñaki Mendizabalegaz. Handik lasterrera, Mendizabal barriro joan zan Brasil aldera, baina oraingoan leku guztiz desbardinera: Rio de Janeiro uri handira, duda barik, herrialdeko ezagunenera. Brasil kosmopolitea, zaratatsua, kontrastez eta desbardintasunez betetakoa ezagutu dau. Kazetaria dan legez, favelak bisitetako aukerea aprobetxau dau, herrialdeko errealidade gogorrenetarikoa eta aldi berean ezagunena. Halan da be, miloe bat persona batzen diran auzo hau (uri osoaren % 10) ez da ezta mapetan be agertzen. Eta harrigarriagoa dana: uri osoan ez dago seinale bakar bat bera be auzoa non dagoan adierazoten dauanik.
Bilbon beste jente bizi dan Roshina favelara heltzea aurretik non dagoan erakusten daben ezelako seinalerik ikusi barik harrigarria izango da...
Bai. Aireportuan eta turismo bulegoetan emoten deutsuen mapetan ez da agertu be egiten. Orban berde bat da, mendiko landaredia izango balitz legez. Halan da be, bertan 300.000 lagun inguru bizi dira. Ganera, mapatan agertzen ez diran askosaz be favela gehiago dagoz, hogei bat edo.
Istorio asko dagoz favelen ganean, indarkeria, mafiak, seguridade faltea... Egiak ete?
Favelak ez dira Brasilgo urietako lekurik seguruenak, baina uste dot kontu hau puztu egiten dala. San Paoulon, auzo batzutara egunez joatea be ez da gomendagarria, baina orokorrean ez dira hain arriskutsuak. Kontuan hartu behar da bertan bizi diran gehienek bizirauteko arazoak daukiezala. Hori edozein bazterretan igarten da. Baina jentea oso jatorra da, eta atsegina. Egunez arazorik egon ez arren, hobeto da gauez bertatik ez ibiltea, eta beti be harrokeria gitxigaz, modu apalean. Leku zoragarriak dira, bizi-biziak, janari-dendak edonon dagoz, orain urte batzuk gure herrietan egozanak lakoak; etxeak edonon eregita dagoz, eta asko, ganera, amaitu barik. Merezidu dau bertara bisitan joatea. Uri handien beste errealidade bat da, oso garrantzitsua ganera.
Komunikabideetan ikusten eta irakurten dogunagaz, emoten dau favelatan anarkia dala nagusi.
Ez, ez da anarkia, ordena desbardina baino. Egia da udalak ez dirala auzo honeetan sartu be egiten, eta ez dabe zergarik be pagetan, baina ordena eta jerarkia badagoz. Gehiago esatearren, lapurrak ez dira favelatan ibilten, eta urian, ostera, bai. Euren auzoan lapurtzeak ondorio gogorrak euki leikez. Egia da favela gehienak droga-trafikatzaileen esku dagozala, leku honeek kontrolau gura dabezan taldeen esku, arau zorrotzak jarten dabezanen esku. Egia da, baita, askotan gauez tiroketak egoten dirala, astean behin edo. Baina kontu honetan ez dot uste New York bera be segurua danik. Bala galduak dira faveletako arriskurik handiena. Hori bai, Rion badagoz oso arriskutsuak diran lekuak, Cuidade de Deus favelea berbarako (izen bereko filmeko protagonistea). Baina beste alde batetik, badagoz droga-trafikatzaileak ibilten ez diran favelak be. Behin, berbarako, favela bateko biztanleek euren auzoan droga-saltzailerik gura ez ebela erabagi eben, eta horretarako Defentsa Batzordea sortu eben. Poliziari kaleak ikuskatzen laguntzen deutse biztanleek eurek, eta bateren bat trafiketan sartzen bada, hil egiten dabe. Bizkorrak dira horretan.