The Incredibles
Disney eta Pixar enpresen arteko alkarlanak film onak sortzen jarraitzen dau animazinoaren munduan: lehenengoak pelikulak banantzen dauz eta bigarrena produkzinoaz arduratzen da gidoi sendoak aukeratuz eta teknologia gero eta hobeto jagonaz.
Animazino film honetan ona eta gaiztoa kontrajarten dira, komunidadearen aldeko betebeharrak eta nork bere familia jagoteko ardurea, alkarlana eta indibidualismoa... Pelikula honetan persona bakotxaren izakera bereziaren balioa azpimarratzen da, baina taldeari egiten deutson ekarpenaren barruan sartuz.
Bestalde, beste animazino film eta fikzinoko personaia batzuei egiten jakezan keinuak erabiliz eta super-heroien komikietan agiri dan literaturearen oinarriaz ederto baliatuz, Bird istorio konplexua eregiteko gauza izan da: olgetarako jokaera bizi-bizia daukan umea, lehenengo maitasuna lortu gura dauan neskatilea, familia babesteko ardura larregi daukan ama eta heldutasun krisian bete-betean dagoan aita. Ikus-entzuleen arretea bereganatzeko beharrezko elementu topiko guztiak.
Ganera, gidoian ez da arrakalarik azaltzen; erritmo, bizitasun eta aditasunari eusten deutse eta ikus-entzuleen taupadak neurtzen dauzala emoten dau, akzino eta emozino eszenak ederto tartekatuz. Azkenik, diseinu informatikoa aitatu behar da; izan be, uleari, giharrei edota hazbegiei benetako etxurea emoteko egindako beharra bikaina izan da benetan. Pelikula entretenigarria eta ondo egindakoa, seguru antzean gazte eta helduei umeei baino gehiago gustauko jakena.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Brad Bird.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 121 minutu.
- Produkzinoa: John Walker.
- Musikea: Michael Giacchino.
- Argazkia: Janet Lucroy, Patrick Lin eta Andrew Jimenez.
- Muntaia: Stephen Schaffer.