2001eko irailaren 11, mundua hankaz gora
New Yorkeko atentaduen eragina Interneten
Kontuak kontu, ez dago ziurtatzerik gure e-maileko datuak gordeta terroristen ekintzak ebitauko diranik. Ez ete da izango gobernuen atxakia guztia kontrolpean izateko? Arazoa hasi baino ez da egin eta internautek ekin deutsie bai euren burrukeari: e-mailak bialtzeko orduan, izkutuko kode eta kode zifratuen bidez bialduz eta 'Echeleon' lako sareak kokoteraino betez, miloeka mezu 'terrorista' edo ta 'lehergailu' lako berbakaz bialduz; era horretara, gobernuaren sare sekretu hori miloeka mezu ustelez ganezka geratuko dalakoan dagoz internautak eta (besterik ezean, gobernuaren beharrean traba edo enbarazu egitea da asmoa). Oraindino ikusiko doguz ikustekoak.
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Orain urtebete izan ziran New Yorkeko atentaduak eta makina bat gauza aldatu dira mundu guztian azken urte honetan. Mundu guztiko gobernuek euren politikak goitik behera aldatu ditue terrorismoaren eta seguridadearen atxakia aurretik ipinita. Hau da, estadu gehienetan, terrorismoa dala-eta legeak aldatu dira, estaduaren seguridadea babesteko asmoagaz: legeak gero eta zorrotzagoak dira gu guztiok kontroletako.
Mundua kontrolpean
Jentea kontroletako bideetako bat Internet sarea da eta ideia hori gobernu guztien buruan sartuta dago argi eta garbi. Atentaduen ondorioz eta AEBek munduan daben jarrera eta jokabidea kontuan hartuta, azken urte honetan diseinautako legeak eraso gogorra izan dira gu guztion eskubideen kontra; hori ez dago ukatzerik, legeek biztanleen askatasuna mugatzen dabe arlo askotan eta, horrezaz ganera, Internet kontroletako be ahalegin handiak egin ditu hango gobernuak emoitzak lar onak izan ez badira be. Bertako gobernuaren esanetan, teknologia barriak eta Internet gaurko terroristen baliabideak dira eta euren artean komuniketako eta taldeak hartu-emonetan ipinteko erabilten daben bide nagusienetarikoa. Horregaitik, sarean izaten diran komunikazinoak kontrolau egin behar dira terrorismoari aurre egiteko eta seguridadeaa babesteko. Dana dala, AEBetan kontrako eretxiak be entzun dira: erabiltzaileen eskubideak argi dagoz, norberaren komunikazinoak pribatuak dira eta epaileak be horregaz bat datoz.
Halan da be, Europa zaharrean, gauza batzuetan behintzat, AEBetako jentearen pentsakera zaharkituaren aurrean barre be egiten dogu; hori bai, beste arlo batzuetan badaukagu zer ikasi. Europan sarri esaten dogu AEBetako jentea baino askozaz 'liberalagoak' garala baina laster ikusiko dogu noraino heltzen dan askatasunaren eta seguridadearen artean dagoan lehia hau. Hona hemen, Europako Batasunaren helburu berezia eta guztia gure seguridadea atxakitzat hartuta: Europako Batasuneko daniar presidenteak aurkeztuko dauen proposamen bat kontuan hartuz, europar biztanle guztiok egingo doguzan e-mail edo korreo elektroniko eta baita telefonoz egingo doguzan dei guztien zerrenda bat egin eta ondo gordeko da. Gauzak holan dirala, Internetera konektetako dagozan zerbitzaileek (eta honeen jabeak diran konpainiek) eta, zelan ez, telefoniako konpainiek be, gorde egin beharko dabez epe zehatzean egingo diran telefono bidezko komunikazino guztietako grabazinoak eta bialdutako eta jasotako e-mail guztiak.
Informazino multzo erraldoi hori europako gobernuen eskura egongo da bai terrorismoari aurre egiteko eta bai bestelako iruzur batzuei aurre egiteko: diruaren zuriketea, kontrabandoa, arrazakeria, drogen trafikoa, pedofilia...
Proposamen horretan zehazten danez, datuok epaile baten aginduagaz baino ez jakez emongo segurtasun zerbitzuei. Sikeran, honako puntu hau maiatzean Europar Parlamentuak baieztatu eban informeagaz konparauta, aurrerapausu bat da ze aitatutako txosten haretan gobernuen esku geratzen zan datuak eskatu eta lortzea epaileen aginduen bildurrik barik.
Espainiako gobernuak zorrotzago jokatu dau eta pasa dan garagarrilean onartutako legean, hau da, garagarrilaren 11ko Informazinoaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren ganeko Zerbitzuetako 34/2002 Legearen 12. artikuluan, 'komunikazino elektronikoetako datuak gordeteko agindua' zehazten da. Lege honetan ez dira aitatzen telefonoz egindako deiak baina datuak gehienez 12 hilebetetan gordeko dirala adierazoten da.
Asmoak baino gehiago diran lege horreen aurrean zer?
Internet erabiltzaileek argi eta garbi adierazo dabe honako ekintza honeek norberaren askatasunaren kontra eta guztion pribatutasunaren kontra dagozala. Holan jarraitu ezkero, laster ikusi dogu gobernuak Orwell idazlearen 'Anaia handia' lakoak bihurtuko dirala. Ezinezkoa, pentsauezina izango litzateke, karteruak eskura dakarskuzan kartak zabalik egotea, gobernuak han idatzitakoa kontroletako atxakiagaz. Gogorra bada be, antzekoa jazoko da Interneten: non geratuko dira ba orduan norberaren askatasuna eta intimidatea?
Beste alde batetik, konpainiak be badagoz tartean eta honeen esanetan ez da bape erraza izango (ezta merkea be) informazino multzo hori gordetea: konpainiek egin beharko dituen gastuak sekulakoak izango dira, euren sistemak aldatu eta batez be handitu egin beharko dituelako.
Espainiako Internet Enpresen Alkarteak (ANEI) adierazo dauen moduan, Interneteko konpainia batek urtero 260 eta 300 terabyteeko datuak erabilten ditu (zer da 'tera' bat: ba gitxi gorabehera, 16 egun, 19 ordu eta 12 minutuko DVD formatuko pelikula luze baten datu multzoa). Espainiako Interneteko trafikoa kontuan hartuta, urtero 30.000 terakoa izango litzateke; horrek zer esan gura dau? besteak beste, enpresek urtero 400.000 euro gastau beharko dituela tera bakotxeko; ganera, Interneten nabegetan erabilitako informazino guztia be gordetan bada, urteroko gastua 700.000 eurotik gorakoa izan daiteke.
Aurreikusitako helburuak beteko ete dira?
Adituak ez datoz bat asmo horreekaz lortuko diran helburuen ganean. Gehienek pentsetan dabe ezinezkoa dala seguridadea ziurtatzea eta terrorismoari aurre egitea Interneteko komunikazinoak kontrolpean jarrita; horren adierazgarri: 'Echelon' sarea izango litzateke; AEBek, Bretainia Haundiak eta Australiak garatutako sare hau, mundu osoko komunikazinoak (bai elektronikoak eta bai telefonikoak) aztertu eta kontroletako asmau arren, ezinezkoa izan zan pasa dan urteko irailaren 11ko atentaduak ebitetea. FBI erakunde famatuak beste sare bat antolatu dau 'Carnivore' izenekoa hain zuzen be eta asmoa horixe da, hau da, Interneteko komunikazinoak kontroletea. CIA erakundeak be 'Promis' izeneko sistema informatikoa abiarazo dau, batez be, enpresen burtsako kotizazinoen aldaketa eta transferentzia susmagarriak kontroletako. Baina danok dakigunez, itxuraz behintzat hain garatuta eta hain karuak eta fidagarriak diran sistema informatiko horreek kale egin eben pasa dan urtean.