Bertsotan  III. urtea // 88. zenbakia

Bizkaieraz, baietz ba! (II)


Domekan finala

Abenduaren 19a hur dago. Bizkaiko bertsolaritzaren egun handietako baten bezperatan gara. Euskalduna Jauregian da hitzordua. Arratsaldeko bostetatik aurrera, bertsozalez izarretaraino betetako aretoan, zortzi baliente igoko dira oholtzara: Igor Elortza, Etxahun Lekue, Xabier Paia, Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes, Igor Muniategi, Iratxe Ibarra eta Fredi Paia. Txapel bakarra. Zaleon artean zenbat-gura kiniela. Durangarrak osterabe faborito izan arren, oreka handiagoko finala izan leiteke aurtengoa. Larrabetzuko dotorezia, Markinako goxotasuna, Galdakaoko lotsabakokeria, Bermeoko zuzentasuna eta Algortako kasta parea. Durangoko gorentasuna dudatan jartzeko beste? Ikusiko dogu, entzungo dogu eta gozauko dogu. Baietz ba!.

IƱaki Aurrekoetxea

Aste bi lehenago hasitako gogoeteagaz segidu daigun. Orduan esan neban bizkaieraz kanteteak lehenengo eta bat erabagia hartzea dakarrela, eta ostean lanketa bat eta gitxieneko koherentzia erabilteko orduan. Txapelketa honek erakutsi dau badirala erabagia eta lanketea egin daben bertsolariak, baina baita erabagia hartu bai eta gero lanketa faltea agirian itxi dabenak. Kontua ez da barria. Orain urte bi, 2002ko Bizkaiko finalaren atarian, gai bardinaren ganean idatzi neban txoko honetan, eta urte biko ibilbideak orduan ikusitako jokerak berretsi baino ez dauz egin. Bertsolariek gero eta naturalago hartzen dabe egunerokora gehiago hurreratzen dan berbakerea bertsotarako. Beste alde batetik, jokera natural horrek lanketearen preminea azpimarratu dau. Azkenik, epai erispideak errepasau eta egokitzapenaren beharraz gogoetea egitera behartzen gaitu.

Orduan esan neban bildurra galdu dogula bertsotan bizkaierako aditzak eta berbak erabilteko. Hurrekotasunean irabazi leitekela. Gure barrutik hurrago eta entzulegotik hurrago. Ondorioz, komunikazino zuzenagoa lortu geinke. Ondo eginda, hori guztia igarri egiten da. Adibideak gura dozuezala? Ekarri daigun Etxahun Lekuek Getxoko finalaurrekoan botatako bertsoa, bikotekidearen gurasoakaz bizitzen gogaituta dagoanaren narruan:

Baina nik zure amari ezin
deutset beti egin jaramon
dana agintzen daust: hona etorri
hau hartu ta hori igon
zenbat galdera erantzun behar
zer, zelan, nogaz eta non?
Beragaz baino gurago dot nik
zubipean trankil egon.

Edo saio berean Unai Iturriagak atxilotuta daroen gazteari botatakoa:

(...)
lagundu gura geunskio
ondo ezin jakin zertan
(...)
nire buruaz berbetan
bildurrak lotu nauen betiko
horixe nabil pentsetan.

Honeetan adibideetan naturaltasuna eta hurrekotasuna, bietatik dago. Beste modu batera: zuzena da, jatorra da, eta egokia, ezelako dudarik barik. Ene! Hau ete da adituen ardureari urtenbidea? Gazteak bertsotan jarri, etxeko euskerea indartu eta komunikazino gaitasunean irabazteko? Ia ba, ez naiten lekutako puntara joan. Xabik lagunduko deust hortik haritik tira egiten, behin Euskalduna konkistau eta lar harrotuta ez bajatorku behintzat! Paiatar gazteenak ez dauala bizkaieraz kantau finalaurrekoan? Egia. Azaldu euskuzan arrazoiak. Eta ondo egiten ari da. Oraingoz bizkaieraz ez kantetako erabagia hartu dau, badaki-eta pausua emoteak lanketea dakarrela beragaz. Baina dudarik ez daukat hemendik bi urtera bestela izango dala, eta bertsoak idazten itxi dau honezkero zantzurik. Aurreko astean hemen ataratako bertsoak, kasurako, bidea ezagutzen dauala erakusten dabe.

Xabiren kasuan asko dira. Arkaitz Estiballes, Igor Muniategi, Ugartetxeatarrak, Gorka Ostolaza... Bizkaieraz tarraz edo nahaskeriatan ibili beharrean, batuan kantau dabe txapelketan. Ondo. Bata ala bestea. Eta onartu daigun bizkaieraz alfabetau bakoak, eta hori da bertsotan ari diranen gehiengo ia absolutua (aiko hor hari barria tira egiteko), traba haundiak daukazala ahozko berbakerea jentaurreko berbakera jazoagora eroateko. Horregaitik lanketearen beharra. Fredi jatort gogora. Aurreko txapelketan bizkaiereagaz lorrinean ibili ostean, aurton, Bermeoko finalaurrekoan finago, aberatsago sumatu neban horretan. Gustau jatan, eta landu dauanaren seinale izan daiteke hori. Erabilpen kontzienteagoa egiten ari dala, gitxienez. Eragiteko bitartekoa dan neurrian, berbakerea be egoki erabili behar dalako.

Finalean zortzitik bostek kantauko dabe bizkaieraz (Igor Elortza, Unai, Iratxe, Etxahun eta Fredi). Finaletik kanpo geratu diran hurrengo bostetatik lauk erabili dabe bizkaierea modu koherentean. Kontuan izateko moduko datua. Bai honeek, bai batuan kantetan dabizenak, eskertuko leukie aitatu lanketea bideratzeko ekimen zabalak antolatzea. Eta bertsolarien artean bada erregulazinoa eskatzen dabilenik be. Arrazoi faltarik ez dago. Azken txapelketatan ez da gai honetaz gogoeta bateraturik egin bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaileen artean eta hau izan daiteke garaia batu, 96ko ekimenetik honako ibilbidea aztertu, bizkaiereak gaur bertsogintzean daukan lekuaz gogoeta egin eta aurrera begirako pausuak finkatzeko. Egin beharrekoetan, berbarako, bertsoak epaitzeko erispideak zehaztea edo egokitzea.