Nerea Mujika: alkarlanaren bidea jorratzea da nire asmo nagusienetakoa
Hogei urtetik gora Gerediagako bazkide izan ostean, alkarteko buru da pasa dan apiriletik eta beharra pilatu jakon arren, gustora ibili da durangarra.
Geografiako irakaslea da Deustuko Unibersidadean eta 1960 eta 1991 bitartean durangaldeak izan dauan eboluzinoaz doktore tesia aurten argitaratzea gura eban arren, azkenean ezinezkoa izan da.
Zehatz lanpetuta dabilen arren, tarte bat egin dau Bizkaie! aldizkarirako eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:
1.- Ezer baino lehen, egiguzu aurtengo azokearen balantzea.
Oso positiboa. Pozarren gagoz jentearen erantzunagaz eta pozik eraikuntzea bera oso egokia dala ikusi dogulako; obrak amaitu barik egozalako, igazko arazoak ahaztu eta lekuak eta azokeak bat egin dabela esan leiteke eta ahal dan guztia atara deutsagula pentsetan dogu. Tabernea kendu eta Berbaro alkartearen ardureagaz, umeen literartur aretoa berreskuratu dogu aurten eta hori sano positiboa izan da.
Egutegi arazoengaitik ikasleentzako eta profesionalentzako egunik ez da egon aurten baina berreskuratzeko ahaleginak egingo doguz datozan urteotan; akaso, horrexegaitik, azokako lehen egunean esperotako jentetzarik ez zan izan baina jentea bost egunetan banatu dala esango neuke eta horregaitik ez dala egon horrenbesteko pilaketarik. Igaz 130 mila lagun inguru hurreratu ziran azokara eta aurten be antzekoa izan da datua nahiz eta Gerediagak zenbaketa zehatzik egin ez.
Beste alde batetik, azokan gehien saldutako liburuaren izenburua emoteko ohiturea geunkan orain arte baina salmentei jagokezan datuak emotea argitaletxe eta disketxeen esku itxi dogu aurten; entzundakoak entzunda, igaz beste saldu dala esan geinke, guztira, miloe bat eta erdi euro.
2.- Oro har, aurten aurreko urteetan baino jente gitxiago ibili dala entzun dogu. Zuek jente gitxiago igarri dozue?
Oso gatxa da zehatz zenbat jente ibili dan zehaztea. Gitxiago ibili ete dan, ez dot uste, batzuen sentsazinoa da hori. Beharbada, datozan urteotan leku askotan egiten dan legez kontau egin beharko doguz personak datu zehatza emon ahal izateko. Duda barik igaz eraikuntza bera iman modukoa izan zan jentea Landakora erakarteko baina aurten leku ezaguna zan eta kontuan hartzekoa da datu hori. Horrezaz gan, bizimoduaren eta ohituren aldaketea be aitatuko neuke jentearen ustezko urritze hori arrazoitzeko, izan be, abenduko zubian eta ganerakoetan be kanpora joateko jokerea zabaltzen hasi da. Urtetik urtera jokera horrek eragin handiagoa izango dauala uste dot.
3.- Gerediagako bazkide zara urteetan baina apiriletik alkarteko buru zaitugu. Zelan bizi izan dozuz azken hilabeteak?
Behar eta behar ibili gara baina ilusino handiagaz eta giro ederrean. Gero, Jon Irazabal eta talde osoaren 25 urtetik gorako esperientzia nahitaezkoa izan da. Maila personalean, aurtengo azokea beste modu baten ikusi dot, eskilaratan gora eta behera ibili nazalako eta gauzak goitik ikusi dodazalako. Larritasunak azokako ateak zabaldu genduzanean amaitu ziran. Balantze personala oso ona izan da.
4.- Euskal Liburu eta Disko Azokea antolatzea ez eze, bestelako burukomin batzuk be badaukaz Gerediaga Elkarteak...
Bai. Azokeagaz lotzen gaitue baina Durangaldeko herritarrek ondo ezagutzen dabe Gerediaga, batez be, eskualdearen alde egiten dogulako. Ohiko jardunean, argitalpenak, berbaldi zikloak, ardi txakurren txapelketea eta erakusketak antolatzen doguz. Hemetik aurrera, barriz, ahalik eta eragingarrienak izateko eta herritarrei ahalik eta eskaintzarik onena emoteko, helburuak zehaztu eta Durangaldeko alkarte guztien arteko alkarlana zelan bideratu eta espezializazinorako aukerak aztertzen hasita gagoz eta plan estrategikoa preparetan be bagabiz.
5.- Durangoko jentetzea, salmenta eta enparauak errealidadearen ispilu ete dira, euskal kulturea osasuntsu ete dago?
Pentsau behar dozu azokako egun honeek ez dirala arruntak. Jakina, Durangora Iparraldetik, Nafarroatik edo Gipuzkoatik datozanak aparteko ahalegina egiten dabe eta pentsau gura dot geure kultureak erakarrita datozala, kultura indartsuaren seinale. Urtean zeharreko produkzinoaz eta gogoetea egiteko ez naz ni aproposena datu asko beharko neukezalako baina zuok kazetariok Durangoko hitzordua oasia dala esaten dozue eta ez nator bat horregaz, Durangora bitamina eske gatozala danok esango neuke eta etorkizunera begira proposamen edo asmo zehatzakaz urtetan dogula Landakotik; erosi ez arren, ‘irakurriko dot ikusi dodan hori, entzungo dot ha diskoa’, urte osorako planak egiten doguz eta hori positiboa dala pentsetan dot.
6.- Militantziaren kontzeptu zaharra be hor dago. Militantziagaitik joaten gara Durangora eta erosten doguz euskal liburuak?
Nik uste dot danetarik dagoala. Dana dala, azokeak berezko erakargarritasuna dauka kulturea maite dauan edozeinentzat. Jakina, militanteak diran asko eta asko dagoz. Bestetik, zorionez, asko dira gurasoak jatorriz euskaldunak izan ez arren, euren umeak euskeraz ikasten daukiezanak eta, gitxienez, urtean behin euskal liburu eta diskoetara hurreratzen diranak. Jarrera militante hori sano garrantzitsua da baina aitatu deutsudan bigarren multzo horretakoak be behar doguz.
7.- Harrigarria bada be, badagoz euskaldunak Durangoko Azokara sekula etorri ez diranak. Aparteko mezurik eurentzat?
Bitxikeria legez, lehengoan ezagutu neban geugaz beharrean dabilen enpresa bateko kidea, euskaldun petoa bera eta autortu eustan Durangoko azokan ez dala sekula egon. Aurten be ez dakit hurreratu dan.
Bestetik, Bilboko Frantses Institutuko zuzendariak oraintsu esan eustan hainbat azoka bisitau dituala munduan zehar eta Durangokoa benetan maite dauala. Pozarren geratu nintzan berba horreek entzunda.
Gatxa eta erraza da sekula etorri ez diranentzako mezua. Borondatezko aukerea da, jakina, baina Durangoko azokea benetan merezidu dauan kultur topagunea dala esango neuskie. Horrezaz gan, sarritan kilometro asko egiten doguz aparteko lekuak ikusteko eta Durango non kokatuta dagoan jakinda, Euskal Herriko edozein lekutatik gehien jota ordu eta erdiko bidea baino ez dago. Nik neuk azokea saldu behar dot baina azokea ez eze, Durango eta ingurualde osoan gauza interesgarri asko dagoz eta bidaia turistiko-kulturala egiteko egun aproposak dira.
8.- Datorren urteko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea 40. edizinoa izango da. Zeintzuk izango dira erronkak? Datorren urtean pagau egin beharko da Landakon sartzeagaitik?
Aurten, diru iturri barriak topau guran Gerediagan euki dogun eztabaidea izan da sarrerea kobretako aukerearena baina, azkenean, sarrerarik ez kobretako erabagia hartu dogu. Edozelan be, zaparrada larregi sortu da gai honen inguruan, izan be, sarrerea kobretakotan be, kantidade sinbolikoa geunkan buruan, euro bat edo. Hori bai, geuk be gurako geunke sarrerarik sekula kobrau behar ez izatea ze sano gabizala, gastuak kontrolauta daukaguzala esan gurako leuke horrek.
Datorren urteko urteurrenaren harian, ospakizun berezia merezidu dauala pentsetan dot eta oraingoz aurtengo azokeagaz nahikoa daukagun arren, zeozer berezia egin beharko da.
Erronken artean, barriz, azokan diasporako euskaldunen presentzia areagotzea izan daiteke bat, izan be, Durangoko alkate jn.ak azokearen zabaltze ekitaldian esan eban legez, interes berezia dago Interjakintza proiektuaren barruan zabalkunde mueta hori suspertzeko; daukagun mugea lekuarena da, 4000 metro koadro dira eta zeozelan txiki geratu dira eta, beraz, produktuak mugatu beharko doguz aurrerantzean; oso arduratuta gagoz ze stand batzuk berbarako almazen handien irudia hartu dabe eta hori momenturen baten eten egin beharko dogu. Lehengoari eutsita, duda barik, euskal gaietan dabizan Europako unibersidadeetako ikerlariak eta gustora hartuko geunkez eta gaia mahai gainean daukagu
Aztertu beharreko beste kontu bat Durangoko azokeak kanpoko beste foro batzuetan euki leiken presentzia be izan daiteke; gaia mahai gainean daukagu daborduko.
Hori bai, kontuan hartu Gerediagak burukomin eta proiektu asko daukazala eta, beraz, erronkak zabalak edo orokorrak dira. Azken boladan arduratuta gagoz kalidadeagaz eta Durangoko alkarteen arteko alkarlanagaz; burrukan ibiltea kaltegarria da danontzat eta ekarpen guztiak aintzat hartuta, alkarlanaren bidea jorratzea da nire asmo nagusienetakoa.
Koldo Isusi Zuazo