Kulturea  III. urtea // 88. zenbakia

Gotzon Barandiaran, poetea: ‘Hizkuntzea poemen pintzela da, eta berbak koloreak’


- Zure poesian hizkuntzagazko ardurea dago. Hizkuntzea forma legez, soinu legez hartu dozu?

Hizkuntzea poemen pintzela da, eta berbak koloreak. Zorionez gure hizkuntza txiki baina ez eskas honek hamaikatxu kolore daukaz, eta kolore bakotxak beste hainbeste tonalidade. Niretzat normala da koloreak nahastea, probak egitea gustoko kolorea topau arte.

- Tonu aldetik, barriz, holako etsipen ukutu bat igarten jatzu.

Ni ez nago bape gustora ezartzen deuskuen bizitzeko ereduagaz. Sistema neoliberal basati honek guk pentsetan doguna baino eragin zuzenagoa dauka eguneroko hartu-emonetan. Sarritan pentsetan dot laster ez dogula jakingo begietara begituten. Hori salatu gura izan dot, eta akaso horregaitik otu jatzu etsipena nabarmentzen dala, baina ez da hori izan nire helburua.

- ... eta goxotasunez betetako poemak be idatzi dozuz. Hain zuzen be, nonori eskainitako poemetan igarten da gehien goxotasun hori.

Oso hurrekoei egindako poemak dira, maite dodan jenteari eskainitakoak, ez dabe gitxiago merezi.

- Ironia be erabilten dozu, beste armarik geratuko ez bajakun legez.

Aspaldi esan eban hori Koldo Izagirrek, eta ni bat nator beragaz. Euren burua beste guztiakandik nabarmendu gura daben horreen kontra erabili dot ironia.

- Badago esaldi bat ondo definiduten dauana liburu honen espiritua: ‘guzurra da maite gaituan egia’.

Sasoi baten komunikabideetan persona publiko bati egindako alkarrizketatan beti itauntzen eutsien: guzurrik esan dozu inoz? Akaso gaur egun egiarik esan dozu inoz? Itaundu beharko litzateke. Gai horrek asko arduratzen nau. Gaur egun komunikabideak dira eretxia sortzen dabenak. Politikagintzea be guzurtiz beterik dago, eta guk iruntsi baino ez dogu egiten hori danori, ez dogu hausnartzeko astirik hartzen…

- Liburua aurkezteko errezitaldiak emoten zabilz, musikeagaz, film laburrakaz eta argazkiakaz lagunduta. Zelan otu jatzun holako proiektu handi baten sartzea?

Bihotz Bakartien Klubaren helburua literaturearen inguruan ahalik eta sarerik zabalena osotzea da. Lehenengo, Alexek eta Gorkak poemak leidu eta soinu-bandea sortu dabe, kanta bi eta guzti; Bego Vicariok bere ikasleei proposatu eutsien poemetan oinarritutako animazinozko film laburrak egitea; Nestor Zabalak mundu osoan ibili ostean egindako 22 argazki emon deuskuz… Horrek eroan gaitu berbak, irudiak eta musikea batzera.

- Non eta noz emongo dozuez hurrengo ekitaldiak?

Bergarako gaztetxean estreinau genduan zemendiaren 26an, eta zezeila bitartean Getarian, Azpeitian, Urdiainen, Larrabetzun eta Bilbon egongo gara. Gura dauanak jakin beza urrats@kaixo.com helbidera edo www.bbk-literatura.org guneko helbidera idatzi ezkero pozik erantzungo deutsagula.

Julen Gabiria


- Euskal letren mundura heldu barri zara. Definidu zeure burua idazle legez.

Esango neuke argitaratzearen mundura nazala heldu barria. Idatzi aspalditik idazten dot, baina hauxe da idatzitako hori liburu formatuan plazaratzeko euki dodan lehenengo aukerea. Oraingoz neure burua idazletzat hartzea sano gatxa egiten jat, eta denporatxua beharko dot definizinoa zehaztuteko. Dana dala, hurreko ingurutik asko edaten dauan eta bizi dauana hausnartzen dauan idazlea izan gura neuke.

- Orain arte zertan ibili zara?

2001ko urtarriletik Larrabetzun sortutako Bihotz Bakartien Klubekoa naz. Lau urteotan herriz herri errezitaldiak emoteaz gan, Larrabetzun hileroko literatura hitzordua, Literatura Eskolea eta Linterna Gorria literatura aldizkari digitala sortu doguz.

- Arrakalak izeneko poema-liburua da zure lehenengo frutua.

Nik baneukazan hainbat poema idatzita, eta 2003aren hasieran artaldeen antzera batzen hasi nintzan. Bihotz Bakartien Klubaren, Literatura Eskolearen eta Linterna Gorriaren eraginez makina bat erreferentzia eta motibazino pilatu jatazan koadernoan, eta gero eta erosoago eta gogotsuago idazten neban. Susa argitaletxekoek aukerea emon eta liburua ataratea proposau eustienean, eguneroko lanari ekin neutsan, disziplineagaz. Hormatik erauzitako harritzarrak zizelkatzen hasi, sobran egoana kendu eta liburuan leidu daitekezan poemak egitea prozesu luzea izan da.

- Zer adierazo gura izan dozu arrakalen kontzeptuagaz?

Arrakala zabaltzekoa edo zarratzekoa izan leiteke. Arrakalak lanak perfektua dana ez-perfektu bihurtzen dau, absolutua dudan iminten dau, jaubego bakarra bananduteko ahalmena dauka. Gauza guztiek daukiezan alde biak nabarmendu gura izan dodaz: zoriona eta zoritxarra, itxaropena eta etsipena erlatiboak dirala.

Beste alde batetik, Arrakalak personei egindako kantua da, eta inposatzen deuskuen sensibilidade eta humanidade bako bizimoduari neure ezinikusia adierazoteko modua da.

- Liburua 4 zatitan banandu dozu: ‘Hormetan gora ibarrak’, ‘Betokerrokaz ikusten ditut’, ‘Neugana datoz’ eta ‘Zarratzekoak’.

Urrunago daukadazanetatik (distantzia fisikoari jagokonean) hurren daukadazanetara doazen arrakalak dira. Aldean daroadazan ardurak dira; izan be, neure burua euskal herritartzat eta euskaldunen komunidadekotzat daukadan aldetik, munduko herritartzat eta zapaldutzat be badaukat neure burua. Lehenengo hiru ataletan narratzailea naz, Zarratzekoaketan, ostera, neu naz protagonistea. Azken atal horretan zer izan nazan jakingo dau irakurleak, izenburuak dinoan legez, arrakalok zarratu dodazalako eta barriak zabaldu guran nabilalako.

- Zure poemak ez dira idazkera errazekoak, gaur egun euskal poesian kontrako jokerea dagoala emoten dauan arren.

Ni ez naz kapaz sentiduten ‘hau poesia da eta hori ez’ edo ‘hau poesia erraza eta hori gatxa da’ esaten, eta ganera, eztabaida antzua dala deritxat, sustarretan bekaitz eta frustrazino asko dagoalako. Holako definizinoak egiten dabezan asko negarti hutsak dirala uste dot, eta idaztea arrakasteagaz eta errekonozimenduagaz lotzen dabela. Niretzako, idazteak ez dauka zerikusirik ospeagaz eta ereinotzezko koroakaz.

Nik asko lantzen dodaz poemak; idatzi eta handik astebetera barriro leiduten dodaz eta, holan baderitxat, goitik behera aldatzen dodaz edo aurrerago berrikusteko itxi. Erritmoa eta doinua sano garrantzitsuak dira, eta zeozelako soinu-bandea sortzea dala iruditzen jat. Baina, batez be, sobran dagoan berbarik ez erabilten saiatu naz, eta horrek ahalik eta berba gitxienakaz ahalik eta gauza gehien esatera behartu nau. Karga handiko poemak urten jatazala begitanduten jat, irunsteko nekezak. Poemotan elipsiak indar handia dauka, akaso gitxienez irakurketa bi proposatu gura izan dodazalako.