Lanbidez idazle
Nik ez daukat akorduan, baina idatzi neban lehenengo gauzea nire izena izan zan. Nire osotasunaren adierazle hieroglifikoaren aurretik irudi kontzeptualak egiten ei nebazan, neuretzako kontzeptu eta helduentzako marrazki ziranak. Atearen markoko zentimetroek gora egin ahala, neuri be ailegau jatan leku guztietan ikusten nebazan zirriborroak ulertzeko momentua. Maratila buru ganean beti be, andereño Belenek irakatsi eustan nire sei hizkien batuketea egiten, emoitza zehatza zein dan oraindino garbi ez izan arren. X, A, B, I, E, R. Hori dana ei nintzan neu. Ordutik ez deutsat barriz hainbesteko garrantzirik emon berba hori idazteari; izena baino, izana bilakatzen da idazgai.
Idatzi ahala, ostera, paper zuriaren bildurra biztuten da. Zeinen zuria eta handia izan leitekeen folio bat! Tira, gaur egungo pantailea be ez da koloretsuagoa. Lehenengo kolpekadak betetea lan gatxa da: zeozelan esateko, abarken lokarriakaz puenting egiteak holako zer edo zer izan behar dau. ‘Danok dakigu negar egiten’. (Ez, holan arruntegia emoten dau.) ‘Gizaki orok isuri dau anpulurik inoz.’ (Hau ez da amaren seme-alabarik ulertuko dauanik.) ‘Ez da malkorik isuri ez dauan arimarik.’ Zubi-jauzi arriskutsua, ezbairik barik.
Hastea, halan da be, amaitzea bezain gatxa da. Ideien negu gorriak nekez ixten deusku izotza apurtzen. Berben aukeraketan baltzak ikusten doguz sarri. Gaien egokitasunerako be, emoten dau ule urdindua izan beharra dagoala, ahal dala, liburutegian larregi egoteagaitik eguzkia hartzen ez dauan aurpegi laru horreetakoa. Esperantzea orlegia da eta gu, hasi eta amaitu, beti berde.
Eta Bizkaiko eremu erdaldunean, ba al dago idazlerik? Ba al dago idazteko zaletasunik? Galdereari ez ei jako atzera galdereagaz erantzun behar, baina kasu honetan beharrezkoa otu jat. Euskeraz ikasi, gaztelaniaz bizi. Zelan idatzi? Euskeraz berba egiteko gaitasuna emoten dauan ereduak hizkuntza artifizial bat baino ez dakar. Hizkuntza horretan garatzen ei dogu geure idazkerea. Bizipenak, ostera, gaztelaniaz bizi doguz Negurin, Areetan zein Algortan. Horra, beraz, arazoaren zergaitia: edukina gaztelaniaz bizi dogu, baina formea euskeraz baino ez dogu lantzen. Ondorioz, idaztea ez dago modan Getxon.
Ganera, zelan egongo da idazteko zaletasunik gazteen artean, ez badago irakurteko zaletasunik? Irakurteko lehenengo saiakerak irakasleren baten aginduz egiten doguz. Liburu interesgarriren bat proposatzen deuskue, etxerako lanei gustua hartuko deutsegun itxaropenez. Ariketa, barriz, lan astuna izaten da, ‘irakurketa atsegin’ berba-alkarketea oximoron bihurtu arte. Eta irakurtea zigorra bada, zelan izan irakurleen borrero?
Gatxa da, beraz, idazle izatea. Pentsau, orduan, zelako errespetua zor deutsegun horretan dabizanei!
Xabier Paia
Hile honen hasikeran, Neguri, Areeta, Andra Mari, Erromo eta Algorta batzen dauzan udalerriak bere eskumen barruko idazleen ganeko gida fin bat kaleratu eban. Grapa bik sei idazleren izakerak batzen dabezan argazki eta itaun-erantzunak estutzen dabez. Eta pastelaren ganeko ginda legez, herriko gazte bati eskatu eutsien sarrera etxurako zer edo zer idazteko.
Eta gazteak testua idatzi eta udalak gidea atara eban. Inaugurazino atxakia legez, egun zehatz baten gidako parte-hartzaile danak batu ziran, euren ideia eta asmoak mahai laukizuzen baten bueltan biribiltzeko asmoz. Eta hara joan nintzan neu be, gaztearen eretxiaren aztarnaren bat edo beste itxi guran.
Neuri idazle izan gura daben gazteen inguruan idazteko agindu eustien lehenago eta holan egin neban. Halaxe eta ezkor, hain zuzen be. Ez neban apropos egin, baina honezkero 22 urte daukazan gazte honek ez dau lorebiderik ikusten literatoen zidorbidean. Eta horreek danak aktan ager daitezan, hemen agertu gura neukez zuontzat danontzat.