Eretxia  III. urtea // 88. zenbakia

Aurten be... Durangora


Aurten be jente artean mobidu behar izan naz azokan, izerditan iminteraino. Nire gustoko liburu bat topau arte bape interesetan jatazan gaiak baztertu behar izan dodaz. Badakit korrontearen kontra noala nire gustu arraroakaz, baina zertarako sukaldaritzea, sexu ala mendiaren ganeko liburuak gai honeen alderik onena praktikea danean? Ez dot sekula entendiduko. Honeek buelta guztiak ‘nire’ mostradoreak topau arte!

Aurten be, jentez ganezka dago azokea eta nire mostradore kuttunetan liburu bat hartzeko bigarren lerrotik luzatu behar dot besoa. Betiko moduan, aurrean daukazun neskea (beti neskak, zergaitik ete?) mostradorearen kontra bultzatu behar dozu gura dozun liburua hartzeko. Honek, betiko moduan, nire asmoa ez dala intelektuala pentsetan dau, eta niri begira dagoala konturatzen naz, begiak erdi zarratuta eta musturra gogortuta. Satiro gogaikarriaren etxurea hartu dot neskearen begietan eta ez dau emoten nire gose intelektuala ondoetorria danik. Parkatzeko esan eta liburua hartzen dot. Mostradorearen atzean dagoana tente iminten da niri begira, lapurraren etxurea hartzen deust eta. Amen Jesus baten satiro gogaikarri izatetik liburu lapur zikina izatera pasau naz. Ez da marka txarra nirea, alafede! Gogaituta, liburua bere lekuan laga eta banoa.

Aurten be, lobearentzako behi lodi bat hartu dot (ez dakit Betizu, Betini ala Betigu deitzen dan, baina beraren gustukoa izango dala pentsau gura dot), zenbakiak euskeraz emoteko jokoak (ez irribarre egin, honeek be ez dira niretzat) eta nobelatxu bat. Eskursinoak saritxu bat merezidu eban, ezta?

Aurten be nire buruari agindu deutsat: ‘Datorren urtean ez noa. Hoba supermerkadu batera joaten banaz, hor, sikeran, irakurten baketan ixten nabe eta’. Baina esan eta segiduan damutu naz. Zergaitik datorren superzubirako berbea emon, emondako berbea jan egingo dodala jakinda?

Iñaki Atxutegi

Aurten be berba eta berba ibili gara euskerearen inguruan gabilzanok Durangoko azokea dala eta ez dala. Azkenean, goraipatu eta gero edo sekulako deabrukeriak esaten doguzan bitartean, marmarka edo pozez beteta, harantzako bidea hartzen dogu. Landako aldean egin eben eraikin ederrak imanaren moduan erakarten gaitu. Euskerearen Guggenheim-a da Durangoko kristalezko eraikina.

Aurten be joan naz. Onartzen dot, nik, pekatariak. Ez zan sorpresarik izan; betiko egiturea eta euskal kulturearen dinosaurioak topau nebazan bertan: hortik Atxaga, hemendik Irigoien, beste aldetik Garzia Garmendiatarrak. Mostradorearen atzean Otamendi eta Etxezaharreta. Disken kaletxuan Muguruza, Gari eta ganerakoak. Sorpresarik ez. Bueno bai. Bizkaie!-ko lagunak be txokotxu baten ikusi nebazan. Kaletik manifestazinoa eta bertan neskalaguna izandakoa (‘Glups! Hoba beste aldetik sartzen banaz...’). Horko aldetik lankideak, ikasle izandakoak eta gau zoro hareetan tragu bat hartzen konbidau gura izan eustan mozkortia.

Aurten be ez da sorpresa apurtzailerik izan, egunerokotasunagaz akabetan dauan horreetako bat, aro baten amaierea eta beste baten hasikerea marketako modukoa. Berbarako: zergaitik ez zan aurkeztu aurtengo azokan Iñaki Atxutegiren idazlanen bildumea CD-Rom baten? Eta irratiko bere jokaldirik onenak? Seguru nago euskaldunen eskaria eta beharra asetzeko moduko lanak topauko zirala lan sorta horreetan. Nire desilusinorako, ez da posible izan! Nobel sarirako lehenengo pausua, edo Pullitzerrerako, beste urte bat atzeratu beharko da.