Eretxia  III. urtea // 87. zenbakia

Durangoko azokea, urteroko erromeria


Ez dago arrazoi bakarra, beraz, Durangorako bidea hartzeko. Euskal idazleak ez dabe jendea mobiduarazoten rockeroen antzera, ez dogu material berezirik topetan eta ez da, hain zuzen aldarrikapen politikotarako lekurik onena. Baina, halan da be, Durangora joaten jarraitzen dogu. Eta guztiz zahartuta dagoan kontzeptua etorri jat burura: euskerearen militantzia. Urteetako ohitureak zimeldutako militantzia, egia, baina oraindino etxetik urten, kotxea hartu eta Durangorantzako bidea hartzera eroaten gaituana.

Oraindino makal dabil gure kulturea. Askok errua kanpoko indarrei leporatuko deutse. Eta egia da gure gatxen arrazoi asko hemendik kanpo dagozala. Baina nekez zuzenduko dogu geure kulturearen egoerea guk geuk oker hartutako bideak zuzendu barik. Krisialdiaren marmarrak hortxe dagoz, eta gure lana da horreri konponbidea emotea. Askok pentsauko dabe ezinezkoa dala bidea zuzentzea erraza danik. Baina nork esan dau euskalgintzan zailtasunik ez dagoanik?

Iñaki Atxutegi

Urtero legez, euskaltzale askok zubia aprobetxetan dogu Durangora joateko. Urteroko euskal kulturearen erromeria gutako askorentzat ezinbesteko imana da. Zergaitik ez gara kanpora oporretan joaten, euskaldun askok egiten daben modura eta zergaitik eusten dautsagu ohitura honeri? Ez da erraza arrazoizko erantzunik emotea. Inguruko lagunei galdetu eta hona euren erantzunak. Konturatuko zarie koadrilan aniztasuna dala nagusi. Berbarako, telebistako sasikultureagaz momorrotuta bizi dan lagun batek esan eustan aukera ezin hobea dala Durangokoa euskal kontuetan zeresana daukienak hurretik ikusteko. Baina kosta egiten jat sinistea Atxaga, Cano edo Muguruza lako euskal izarrek holako peregrinazinoak proboketako gauza diranik.

Praktikotasun handikoa dan beste lagun batek erantzun eustan Gabonetako erregalu ederrak topau leitekezala Azokan eta Olentzeroak egun bakar batean egitera joaten dirala asko. Zer egingo dautsagu, ba? Gure lagun honek ez daki liburudendatan liburu bardinak topau geinkezalak etxetik hu eta inori sakakadarik emon barik eta inor zapaldu barik.

Militante itsuak aldarrikatzen dau azokeak euskal kulturearen osasun ona erakusten dauala. Gazte jende asko ikusten da hortik eta hemendik eta horrek bermatzen ei dau euskerearen etorkizuna. Itsua izateaz gan, argi dago zehatz gortuta dagoala nire laguna, besteak beste, ez daualako entzun ze hizkuntza dan Azokan gehien entzuten dana.

Nire lagun konstituzionalisteak argi ikusten dau azokeak argi dakarrela gure ingurualde honetan “rojoseparatista” piloa dagoala eta lege bereziak beharrezkoak dirala egoerea bere onera eroateko. Kolore asko dagoz azokan, nahiz eta gure lagun honek ikusi gura ez.