AVP: Alien vs. Predator
Gauza bitxia da, ze ‘Alien vs. Predator’ film honetan edozein zinemazalek ondo ezagutzen dauzan saga bi buztartu arren, pelikula horreek sekula ez dabe aparteko arrakastarik euki. Edozelan be, ‘Star Trek’-eko filmakaz jazoten dan moduan, serie bien benetako miresleak daukaguz; halanda ze, Fox produkzino etxea bilduma bien erakargarritasuna berpizten ahalegindu da komiki eta bideojokoetatik ataratako ideia bati esker. Emoitza ekonomikoak agiri-agirian dagoz: Estadu Batuetan film honek orain arte laurogei miloe dolar inguru batu dauz.
‘Alien vs. Predator’ ikus-entzule gazteei zuzendutako akzinozko produktu bat da, bilduma bietan aldez aurretik ikusitako topiko guztiak batzen dauzan kontakizuna, hatan be. Pelikulearen iraupen osoa kontuan hartzen badogu, personaiak aurkezteko tartea lar luzea da; ganera, gidoia erraz be erraz aurreikusi daiteke. Filmaren erakarpen bakarra akzinoan eta ikus-entzuleei emoten deutsezan ohiko sustoetan baino ez dago.
Antzezle karismadunen hutsunea lar igarten da. Kontakizunari gatz eta piperra emongo deutsen Sigourney Weaver edo Arnold Schwarzenegger-en moduko aktoreak falta dira. Laburbilduz, gaur egun zinearen kontsumitzaile nagusiak diran gaztetxuei zuzendutako akzinozko produktu kaskar baina errentagarria.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Paul W.S. Anderson.
- Herrialdeak: Alemania, Kanada, Erresuma Batua eta AEB.
- Iraupena: 101 minutu.
- Antzezleak: Sanaa Lathan (Alexa "Alex" Woods), Raoul Bova (Sebastian De Rosa), Lance Henriksen (Charles Bishop Weyland), Ewen Bremner (Graeme Miller), Colin Salmon (Max Stafford), Tommy Flanagan (Mark Verheiden), Joseph Rye (Connors), Agathe De La Boulaye (Adele Rousseau), Carsten Norgaard (Quinn), Sam Troughton (Thomas).
- Gidoia: Paul W.S. Anderson; Paul W.S. Anderson, Dan O'Bannon eta Ronald Shusett-en istorio batean oinarrituta.
- Argazkia: David Johnson.
- Muntaia: Alexander Berner.