Zinea  III. urtea // 87. zenbakia

The statement


‘The statement’ filmak Vichy-ko erregimenaren menpeko Pierre Brossard militarraren ibilbidearen barri emoten dau; militar gazte honek 1944an naziei lagundu eutsen Frantziako herri txiki batean zazpi judutar fusiletan. Pelikula hau 1995ean biziarteko kartzela zigorra ezarri eutsien Paul Touvier-en benetako istorioan dago oinarrituta. Kontakizuna 90eko hamarkadan kokatuta dago; momentu horretan Brossard Frantziano ostenduta dago oraindino, eleiza katolikoaren erakunde sekretu baten laguntzinoagaz. Bien bitartean, epaile eta polizia batek atzetik orpoz orpo segiduten deutsie, bigarren mundu gerran gizateriaren kontra egindako hilketak dirala eta.

‘The statement’ pelikuleak thriller politiko bikaina egiteko osogai oso onak daukaz: naziak, jazarpenak, erakunde sekretuak, konspirazinoak eta antzezle on-onak. Baina filma motela da eta elementu horreek, istorioaren giltzarriak izan beharrean, pasadizo modura agertzen dira. Bigarren Mundu Gerrako nazismoa, hilketa batzukaz zerikusia daukan militar izandako baten jazarpena eta eleizea bilbean nahas-mahasean azaldu arren, erritmoa sano geldoa da eta filmazino estiloa edonor gogaitzeko modukoa. Pelikula hau indar eta tentsio bako thriller aspergarri bat besterik ez da.

Joseba Terreros

-Zuzendaria: Norman Jewison.
-Herrialdeak: Kanada, Frantzia eta AEB.
-Iraupena: 120 minutu.
-Antzezleak: Michael Caine (Pierre Brossard), Tilda Swinton (Anne-Marie Livi), Jeremy Northam (Roux koronela), Alan Bates (Armand Bertier), Charlotte Rampling (Nicole), John Neville (zaharra), Ciarán Hinds (Pochon), Frank Finlay (Vionnet komisarioa), William Hutt (Le Moyne), Noam Jenkins (Michael Levy), Matt Craven (David Manenbaum).
-Gidoia: Ronald Harwood; Brian Moore-ren nobelan oinarritua.
-Argazkia: Kevin Jewison.
-Muntaia: Andrew S. Eisen eta Stephen Rivkin.