Bertsoaren iraila
Bertsoak ikasturte barria hasiko dau eta bihar-etzi puntako bertsolari, herriko gai-jartzaile, Anoetako epaile edo bertsozale adituak (eta zergaitik ez, bertsotan ibilitakoak) izango diran ikasle gogotsuei harrerea egiteko prest behar doguz bertso-eskoletako arduradun eta irakasleak, eta asmo horregaz joango dira honeek Seguran antolatuko dan III. Bertso-Eskolen Topaketara.
IƱaki Aurrekoetxea
Iraila. Gehienon oporrak amaitu dira eta urtean zehar ohikoak diran zereginetara bueltan gatoz. Ahalik eta umore onenagaz hartzea komenidu da, benetako aldatz gorarik gura ez badogu behintzat. Ikasturte barrirako planak martxan ipinteko ordua da. Bertsoen munduan bardin. Bertsoak be badauka bere iraila.
Udan plazaz plaza ibili da bertsoa euskal herrietako jaietan barrena, eta irailean barriro urte osoko martxeari ekin beharrean dago. Bizkaiko Txapelketea hil honen azkenetan hasiko da eta izango dogu aukerarik Arrigorriagatik Euskaldunaraino doan bertso trenaren inguruan zabal berba egiteko. Irailean baina, ikasturte barria da tradizino gehien dauena jentearen gogoan. Eta bertsoa be eskolara dator bueltan. Bertsozale askok badaki bertso-eskolara hasteko eguna laster datorrela eta eskola hau sikeran umore onez hasiko dau, gogotsu.
Bertso-eskoleak ikasturte barriari ekingo deutso beraz. Baina zelako bertso-eskolea da? Nork eta zertarako antolatu dau? Zer lantzen da berton? Eta zelan? Galdera asko dira eta bertso-eskolan dabilen bakotxak bere erantzunak topau behar baditu be, saiatuko gara hemendik arrastoren batzuk emoten.
Askotariko eskolak dagoz. Ikastetxean bertan eskolaz kanpoko jarduera moduan gaztetxuakaz antolatzen diran bertso-eskolak dira azken urteotan gehien ugaldu diranak. Bertsoaren irakaskuntzeak heziketeagaz dauen lotura gero eta estuagoaren seinale. Hara ikaslea bere borondatez joaten da, eta hori da heziketa ez-formalaren ezaugarri nagusia, ikasketa prozesua erakargarriagoa egiten dauena. Eskola eredu klasikoagoa be hor dago. Adin desbardineko bertsozaleak batzen ditu eta gatxagoa da eskolearen antolaketea. Zelan banandu taldeetan? Nor jarriko dogu irakasle? Ezinbestekoa da bertso-eskolearen egituraketea, oinarrian jarriko doguzan helburuei erantzungo deutsona.
Igaz, Euskal Herri osoan 100 bat bertso-eskola edo talde ibili dira eta Bizkaian 25 bat talde danetara, nahiz eta eskola kopurua txikiagoa izan, 14 inguru. Bizkaian bakarrik 300 bat lagun batu dira bertso-eskolaren baten. Kontuan hartzeko moduko kopurua, duda barik. Bertsolaritzearen transmisinoan berebiziko garrantzia dauka bertso-eskoleak eta horregaitik Bertsozale Elkartea azken urteotan bertso-eskolen alorra zelan lagundu asmau guran dabil. Asmoa ez da bertso-eskolak inork jarritako bidean jartea, bakotxari bere eginkizunaz hausnartu eta hartutako bidean beharrezkoa jakon laguntasuna eskaintzea baino. Igaz Orion gogoeta-jardunaldia antolatu eban Bertsozale Elkarteko Transmisino Batzordeak eta orduko ondorioetatik abiatuta dabil beharrean. Aurreko ikasturtean bertso-eskoletako irakasleentzat hiru egunetako ikastaroa antolatu eban Urtxintxa aisialdiko erakundearen laguntzinoaz, eta aurten bertso-eskolearen arlo pedagogikoan sakontzeko asmoa dauka. Ikasturte hasikeran arduradun eta irakasleak motibau eta euren zereginetarako baliabideak eskaini asmoz, III. Bertso-Eskolen Topaketea antolatu dau, irailaren 21 eta 22ko astegoienerako Gipuzkoako Seguran.
Aurretik beste topaketa bi izan dira, 1999an eta 2000an, Durangon eta Arrasaten. Ondorio argiak atarateko baino, alkar ezagutu eta hartu-emonak bideratzeko baliogarriak izan ziran. Aurtengoak asmo handiagoak dakarz. Transmisino taldekoak beharrean ibili dira urte osoan bertso-eskoletako irakasleen buruhauste nagusienari urteerea emoteko helburuagaz: zer landu behar dogu eskolan? Zelan landu errimak? Eta ideien formulazinoa? Zelako ariketa eta baliabideak erabili? Abiapuntua argia da: orain arte eskoletan egin danaren esperientzia jaso da joan dan ikasturtean batutako fitxei esker. Hurrengo pausua, landu daitekezan edukien sailkapena egin eta sail bakotxa zelan landu daiteken begiratzea da.
Bertso-eskoletako arlo pedagogikoa lantzen jarriko dira, horrnebestez, Topaketa honetako parte-hartzaileak. Transmisino taldekoak beharra aurreratuta eta Topaketarako metodologia be ondo pentsauta abiatuko dira. Euskal Herriko bertso-eskoletako 120 inguru irakasle eta arduradunei egin jake lehenengo deialdia garagarrilean eta irailaren lehen asteetan bigarren deialdi bat egingo da Topaketearen zehetasun guztiakaz. 40-50 lagun izango ei dira partaide. Irailaren 21ean 'Bertso-eskoletan zer eta zelan landu' izenburupean nahikoa behar izango dabe goiz eta arratsaldez, eta bigarren egunean 'Hartu-emonak eta alkarlana' landuko dabez, bertso-eskolen arteko alkarlanak arlo pedagogikoari begira be zeresan handia izan leikelako.