Txutxu-mutxuan  III. urtea // 87. zenbakia

Gabonek esplotauta


Hilean 55 euro baino gitxiago jasoten dabezan esklaboak

Txinako gobernuak dino Txinako fabriketako batezbesteko soldatea 600 yuanekoa dala, hau da, hilean 55 euro ingurukoa. Errealidadean legeak ezarritako lan baldintza gogorrak be (gitxieneko soldatea 40 eurokoa da hilean) ez dira beti beteten. Shantou eta Dongguan-eko fabrika askotan beharginak 50 erantzun daukazan galdera-sorta bat memorizetan behartzen dabez, lan ikuskatzaileek edo Sartaldeko enpresa buruek itaundutakoari erantzun ahal izateko.

Langileen lekukotzek bestelako ikuspegi bat emon eta, produkzioan akatsak egitean, zigor sistema baten aplikazinoaren barri emoten dabe, soldatak erdira beheratzen dituan sistemea, hatan be. Txinako jostailu fabrikak kontraesanen oihana dira gauza guztien ganetik: umeek jostailuak egiten dihardue, beste ume batzuek ondo pasau dagien eta esklabotasunean behar egiten dabe beste batzuok ondo pasetako produktuak merke eskuratu daiguzan.

Prezio merkeak eta multinazionalak

Arlo honetako multinazional guztiek (Disney, Hasbro edo euren pelikuletako protagonistak jostailu modura merkaduratzean arlo honetan sartu diran Hollywood-eko produkzino etxea handiak) Txinara jo dabe, kostuak merkatzearren.

Dendak glamour eta lujoz bete gura dabezan milaka Barbie, Mattel enpreseak Txinako hegoaldean daukazan fabrika bitan egiten dira. Bertan 8.000 langile dagoz beharrean. Aurten ‘Barbie exekutiboaren’ osogarri batek, plastikozko mini-ordenadoreak, 50 euro balio dauz, hau da, arlo honetan behar egiten daben gazte eta umeen hilabeteko soldatea.

Txina munduko jostailu fabrikarik handiena da, eskulan merkeari, sindikatu independente falteari eta miloeka baserritarren pobrezia gorriari esker; persona honeek landa eremuetatik industri guneetara lekualdatzen dira, miseriatik urteteko ahalegin modura. Txinako beharginak arinak, merkeak eta zehatzak dira, gure kontsumo merkearen esklabo barriak.

Begiluzea

Olentzero existiduten bada, ez da oso sarri agertuko Txinako hainbat jostailu enpresatan. Gabon honeetako opariak sasoiz ailegau eta Sartaldeko umeen amesak errealidade bihurtu daitezan, asteko zazpi egunetan egiten da behar, egunean 14 ordu, gorputzak eusten dauanera arte. Faktorian jan eta lo egiten da eta lanaldi barruan egin daitekezan bisitak bi besterik ez dira txanda bakotxean.

Ez dau ardura gabon honeetan zein izango dan seme-alabek eskatuko daben jostailua; izan be, ‘Made in China’ zigiluaren pean egindako jostailuak % 90 baino gehiago dira. Txinako enpresek 80ko hamarkadearen hasikeran ekin eutsien Sartaldeko jostailuak egiteari eta apurka-apurka merkadu osoaz jaubetu dira, harik eta goitik behera monopolizau arte. Txarto be txarto pagautako eta guztiz esplotautako miloe bat beharginek zutunik eusten deutsie negozio honeri.

Goizaldea izan baino lehenago sirenek iragarten dabe munduko jostailu herririk handienetan, Shantoy eta Dongguan-en, lanaldia hasiko dala. Inguru honetan 3.000 enpresa baino gehiago dagoz milaka kilometro koadrotan bananduta. Neurri eta era guztietako lantokiak dagoz, tailer ziztrin eta txiker-txikerrak eta 4.000 behargin hartzeko moduko lantegi ikaragarriak. Horreen artean, kartzela bihurtu diran fabrika asko daukaguz, hesiz hornidutako leihoak eta beharginak zelatatzen dabezan jagoleak eta guzti. Hainbat kasutan, beharginek ezin dabe hilabeteetan urten eraikin horreetatik eta ikuskatzaileak ez dira sartzen.