Nabigatzaileen gerrea
Eta zergaitik dauka horrenbesteko arrakastea nabigatzaile honek? Gauza bi batu dira: alde batetik, nabigatzaile beraren gauza onak eta beste alde batetik, Explorer-en akatsak. Ikusi daiguzan biak.
Explorer jaun eta jaube izan da (oraindino be bada, jakina). Honek beste ondorio garbi bat be badakar: birus sortzaile guztiek Explorer hau hartu dabe helburu legez. Eta hor izan da bai nabigatzaile honen ‘Akilesen orpoa’: seguridadea. Windows XP sistema operatiboaren barrikuntzetan (Service Pack 2 izenekoan, SP2) atal nagusia seguridadearen ingurukoa izan arren, hackerrak eta birus sortzaileak hor dabilz, kantsau barik. Beste alde batetik, merkaduan euki dauan nagusitasunean babestuta, azken urteotan (2001etik hona) ez da barriztu (seguridade-partxeak izan ezik). Beste traba bat: ActiveX izeneko kontrolen alde jo dau nabigatzaile honek eta programa txiki honeek, webgune askorentzako egokiak izan arren, seguridade aldetik zulo eta akatsak daukiez (horregaitik SP2 partxean desaktibauta dagoz).
Explorer honen arrakastea, neurri handi baten behintzat, beraren etsaia be izan dala esan geinke.
Firefox-en aldetik honakoak izan dira beraren aldeko eta kontrako ezaugarriak: munduan zehar zabalduta dagozan programatzaile ‘normalak’ dira produktua bizirik mantentzen dabenak. Hori bai, soft librearen aldekoak legez agertuko jakuz sortzaileak, eta baita Mozilla Fundazinoa be, azken baten honen aterpean gauzatu da Firefox nabigatzaile hau eta. Baina soft librearen aldekoak dirala esateak ez dau esan gura bakarrik dagozanik eta lau katu zororen asuntua danik, ezta pentsau be: AOL, IBM eta Sun enpresak dagoz atzetik, oinarri legez. Eta HP eta Nokia be interesauta dagoz produktuan (Nokiak eskuko telefonoetan izango dan nabigatzailea garatzeko diru laguntzinoa emon deutsie, Minimo (Mini Mozilla) izeneko nabigatzailea hain zuzen be).
Firefox hau oso pisu gitxiko nabigatzailea da, 4,52 Mb-ekoa, baina arlo batzutan barrikuntzak erakutsi deuskuz: ‘popup’ (Internetean gagozanean lotu barik agertzen jakuzan iragarkiak, lehio legez) honeen kontrako sistemak hasiera-hasieratik jasoten ebazan, gero, Microsotf Explorer-ek be azken bersinoetan egin eban legez. Nabigazinoa aberasteko, etiketen sistemea be erakusten dau: nabigatzailearen lehioan webgune ugari aldi berean zabaltzeko aukerea, edozein soft produktugaz fitxategi ugari zabaltzeko sistemearen antzera. Faboritoak antolatzeko sistema barria eta Google-k daukan bilatzailea be produktu berean daukaz.
Akatsen artean: arazotxuak izaten dauzala zelako edo holako webgune batzukaz. Izan be, webgune horreen egileek Explorer izan dabe buruan orrialdeok sortzeko orduan (ActiveX kontrolak be kontuan izan dabez), Firefox honegaz zerikusirik ez daukienak.
Adi egon gaitezan, datorren urtean batez be, eta ikusiko dogu zelan beteten dan nabigatzaile honen helburua. Lehentxuago aitatutakoa be interesgarria izan leiteke, izan be, eskuko telefonoetan nabigatzaile horren bersino txikia sartuko dabelako. Akordioa lortu guran Nokiakoakaz negozietan dabiz eta hori seinale txarra da. Pentsau daigun zenbat ordenadore saltzen diran urtean. Asko ezta? Ba orain zenbaki hori lau bider gehiago egiten badogu, telefono santuon salmenta kopurua urtengo jaku, gitxi gorabehera. Hau da, bai, negozioa zabaltzeko beste arlo eder bat.
Gotzon Plaza,
informatikoa
Behin batean, XXI. mendearen hasieran, Interneteko nabigatzaileen artean Microsoft Explorer nagusia zan eta beste guztien gainetik egoan, jaun eta jaube zan. Guztien gainetik? Asterix komikietako personaiaren abenturetan legez, baegozan hor sendo eta tente mantentzen ziran beste batzuk eta momentu aproposa zanean, ez bakarrik eutsi, eraso eta gehiago egiten be ahalegintzen ziran.
Danok gogoratuko dogu zelan orain urte batzuk, 90. Hamarkadan, Explorer eta Netscape nabigatzaileen artean egoan burrukea: biak norgehiagoka eta lehia bizian, irabazle argi eta bakarra izan arte. Kasu honetan, argi eta garbi, Microsoft Explorer-ek irabazi eban. Ondorioak: Netscape desagertu egin zan eta munduko ia ordenagailu guztietan Microosft enpresearen nabigatzailea nagusitu zan, bakar eta ‘elementu arraro’ batzuk izan ezik. Momentu baten, Explorer honek merkatuaren % 96 bereganatu eban.
Baina egunak joan, egunak etorri, gauzak apurka-apurka aldatzen joan dira. Merkadu honetara beste partaide barri batzuk be muturra sartzen ahalegindu dira eta hor dagoz, jo ta ke. Batez be, Mozilla Fundazinoaren nabigatzailea Microsoft-entzako lehiakide zuzena eta garbia bihurtu da azkenaldi honetan: Firefox 1.0 bersinoa hor dago eta kasu honetan ezin dogu esan apurka-apurka izan danik ze irailetik hona (agertu zanetik) merkatuaren % 7,4 beragantu dau eta (eskuratu gura dauanak hemen dauka helbidea: www.mozilla.org/products/firefox/). OneStat enpreseak egindako ikerketeak datu honeek erakusten ditu: lehenengo biderrez, Explorer-ek % 90etik beherako kuotea dauka, % 88,9koa hain zuzen be. Eta beherakadea argia izan da: bagilean % 95,5eko kuotea, urrian % 92,9koa eta gaur-egun % 88,9koa.
Batzuk hasi dira arduratzen (Microosft-ekoak) eta beste batzuk plan eta ames barriak egiten (Mozilla-koak). Azken honeek argi daukie 2005eko abendurako pastelaren % 10eko zatia euren alde izan gura dabela.