Euskerea berbagai  III. urtea // 87. zenbakia

Traineruaren uberea


Aitatutakoaz ganera, eskolako gelatik kanpoko ganerako eremuetan eragitea eta euskerearen erabilereari begira jartea be garrantzi handikoa da. Horretarako, hainbat gauza daukaguz egiteko, berbarako euskerearen erabilerea zertan dan aztertu, preminak eta lehentasunak zerrendatu, horreek kontuan hartuta epe labur eta ertainerako helburu orokorrak eta zehatzak finkatu, honeetara ailegetako denpora baten garatuko diran eta itolarria eragingo ez daben planifikazino zehatzak abian jarri eta egitasmo honeen ebaluazinoa lotu barik burutu. Inoren zain egon barik, hezkuntza munduan gauzak hobeto egin geinkez, duda barik... baina, euskerearen geroa ezin dogu geuk bakarrik asegurau, beste barik. Horretarako, gizartearen laguntzinoa eta beragaz batera behar egitea behar-beharrezkoa da.

Eskolearen berezko ezaugarriak daukazan ingurunea eta gela barruko lana (ahal danik eragingarriena izanda be) oso laburra (personarteko esparru informalean batez be) dala kontuan hartu behar dogu. Halan da ze, eskolan eta euskaltegietan euskalduntzen dagozan hiztunek dakien hori ingurune askotan erabilteko, ahalik eta espazio gehien irabaztea ezinbestekoa da, eta, horretarako, mueta guztietako eragileen artean eta maila desbardinetan (udal, eskualde, lurralde eta beste maila bateko egiturak) egitasmoak adosteko eta dagozan erresistentziei aurre egiteko ahaleginak egin beharko doguz.

Traineru batek helmugara ailegetako arlo danen arteko talde lana, erritmo egokia eta norabide zehatza behar ditu, beste gauza askoren artean. Guk ganoraz antolatu behar doguzan osogaiak (personak, baliabideak...) badaukaguz; ekipoa, ostera, osotzeko dago oraindino.

Erramun Osa

Hizkuntzearen erabilerearen ganean berba egiten dogunean, sarritan, atzamar tarteetatik iges egiten dauan ura legez, holakoetan zer egin geinken eta geure esku zer dagoan moduko gaien ganean berba egitea ahaztu egiten jaku eta kanpoko faktoreeen ganean egiten dogu berba. Guri jagokunez, behintzat, eskola askotan erabilten daben curriculum mailako zehaztapenei (holakoetan, euskal kultureari emoten jakon leku urria oso kezkagarria da, eta oinarrian hizkuntzak dagoz, beste osogai batzuen artean, eurei loturiko kulturen erakusle eta adierazpen sinboliko diran neurrian), erabilten dabezan abiaburu metodologikoei eta baita ebaluazino tresnei be begiratu baino ez jake egin behar euskerearen erabilerea ez dabela bultzatzen ezta kontuan hartzen be jakiteko.

Aurreko baten, gune erdaldun baten beharrean dagoan irakasle batek klaustro baten ‘guk isiltasunaren gaitasuna lantzen dogu’ esan eban, eta hori, besteak beste, euskerazko ereduan izan arren, gela barruan pasetan danaren erakusgarri izan leiteke. Ze isiltasuna landuta ez dago hizkuntzak erabilterik, ez eta erabili ahala eskuratzerik, eta azken baten, holan, urritu baino ez dira egiten hizkuntza batean zein bestean nongura, nozgura eta zelangura artez, jator eta egoki aritzeko aukerak.

Gure artean batzuk uste dabe euskerearen ezagutzan pausoak emon eta gitxieneko ezaguerak pilatu ahala erabilerarako bidea egin daitekela; ez naz ni, ostera, eretxi horretakoa. Izan be, hizkuntza sistemea, ganerako ezagutzak legez, ikasleak eregi beharreko ezagutzea da, besteakaz alkarrekintzan, hizkuntzearen bidez gauzak eginaz. Halan da ze, hezkuntza munduan hizkuntzen erabilereari begiratuko badeutsagu (euskerearena batez be), hizkuntzak zelan eskuratzen diran kontuan hartu eta gela barruko planteamentuetan iraultza egitea behar-beharrezkoa da, horretarako gure eskuetatik alde egingo dauan kanpo faktorerik ez dago-eta. Noranzko horretan, baina, hezkuntza komunidadeak urratsak batera egin behar dauz. Izan be, traineru batek helmugara ailegetako talde-lana beharrezko dauan modu bardinean, ezinbestekoa da hezkuntza arloan gagozanon artean be alkarlana, metodologia, ebaluazinoa eta ganerako erespideak danon eskura ipintea.