Jan-edanak  III. urtea // 87. zenbakia

Kromoa: beharrezko mantenugaia


Modu orekatuan jan ezkero, behar doguzan kromo, zink eta ganerako mantenugai guztiak hartuko doguz eta osasuntsu egongo gara, baina kontuz ibili mantenugaien osogaiakaz, honeek beti aditu baten kontrolagaz bakarrik hartu beharko litzatekez.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomaduna

Kromoa elikagaietan dagoan oligoelementua da.

Oligoelementua: gure gorputzean kopuru txikian dagozan elementuak eta osasuntsu egoteko egunean zehar kopuru txikietan jan edo hartu behar doguzanak. Oligoelementu batzuk osogai moduan hartu eta kopuru handiegietan egin ezkero, toxikoak izan daitekez.

1959an Schwarz eta Mertz izeneko zientzialariek kromoaren ezinbestekotasunaren barri emon ebenetik, asko ikertu eta asko idatzi da oligoelementu honen inguruan.

Gorputzean daukagun kromo kopurua ikertzeko orduan, ikerlariek zailtasun bat topetan dabe: kromo asko erabilten da industrian eta horren ondorioz ingurumenaren kutsatzaile moduan dagoanez, sarritan gure gorputzean agertzen dan kromoa ez da jan doguna, kontaminazinoaren ondorioz barruratu doguna baino.

Zenbat kromo gordetan dogu gorputzean?

Gure gorputzak 0,4-6mg kromo bitartean gorde leike. Proportzinoan, umetan heldutan baino kromo gehiago daukagu, eta zaharragotzen goazan neurrian kromo gehiago galtzen dogu. Emakumezkook gizonezkoek baino kromo gehiago daukagu hasieran, baina menopausia garaira heldu ostean bardindu egiten jakuz kopuruak. Diabetesa daukien personek be, kromoaren metabolismoan jasaten daben eraldaketa baten ondorioz kromo gitxiago eukiten dabe odolean. Txisetik kromo gehiago galtzen dogu baita, ariketa fisiko gogorrak egin edota estresa, traumatismoak edo infekzioak daukaguzanean.

Ze eragin dauka kromoak gure osasunean?

Kromoa gluzido, koipe eta proteinen metabolismorako beharrezkoa da. Gluzidoen metabolismoan batez be, intsulina gitxiago behar izatea eragiten dau eta hau garrantzia handiko eragina da, diabetesaren inguruko arazoetan batez be. Inoz kromoak gorputzeko koipea galdu arazo eta pisua mantentzen laguntzen dauala be esan izan da, baina momentuz behintzat funtzino hau ezin izan da argi eta garbi egiaztau.

Gorputzean kromo gitxi dagoanean, glukosearen tolerantzia jaitsi egiten da eta txisetik glukosa gehiegi galtzen da, hipergluzemia emon daiteke, insulinak ezin ditu ondo bete bere funtzinoak, hiperlipidemiak (hiperkolesterolemia edo hipertriglizeridemia, esaterako) eta ateroesklerosia hartzeko arrisku handiagoa egoten da. Batzutan funtzino nerbiosoa be eraldatzen da.

Kromoa daukien elikagaiak

Animalia jatorriko elikagaien artean arraina eta okelea kromoan oso aberatsak dira, gibela bereziki; esnekiek eta arrautzek kromo gitxiago daukie. Landareen artean, garagardo legamia eta zituak edo zerealak (arroza, garia, orloa...) dira kromoan aberatsenak; barazkiek oro har kromo gitxitxoago daukie. Gluzido sinpleetan edo azukre ugari daukien elikagaiek, kromo gitxi eukiteaz gan, gure gorputzak kromo gehiago kanporatzea eragiten dabe, beraz mantenugai honi begira ez dira oso gomendagarriak.

Zenbat kromo jan behar dogu egunean zehar?

Persona helduek egunean 50-200 mikrogramu kromo hartu behar doguzala esaten da. Kopuru horretatik gora hartzea arriskutsua izan daiteke. Kromoa elikagaietan hartzen dogunean, ez dago gehiegi jateko arriskurik, gehiegikeriak osogaien konsumoaren ondorioz etorri leitekez. Osogaien bidez kromo lar hartzearren emon izan diran ondorio batzuk honexek dira: gultzurrunetako arazoak, pentsamentuan eta gorputzaren mobimentuan gorabeherak, gibeleko eta odoleko arazoak.

Elikagaietan dagoan kromoari, Kromo III esaten jako eta honek intoxikazino arazo gitxiago sortarazoten dau; baina industrian eta airean kutsatzaile moduan egoten dana Kromo IVa da eta hau askosaz be toxikoagoa da, laneko intoxikazinoak eragiten dauz, baita larruazal eta mukosetako irritazinoak. Ikerketa batzuen arabera, birikietako kantzerra be sortarazo leike.

Hesteetan kromoagaz batera zink asko dagoanean, kromoa gitxiago absorbidutea eragiten dau; odoleko transferrinan burdin asko dagoanean, kromo gitxi eroan leike odolak. Azalpen honegaz zera adierazo gura dot, sarritan mantenugai asko hartu behar dogula pentsetan egoten garan arren, gure gorputzak elementu guztien arteko orekeagaz hobeto lan egiten dauala eta ez elementu guztien gehiegikeriagaz.