Musikea  III. urtea // 87. zenbakia

Rockdelux aldizkariaren zerrendea (II)


Gotzon Uribe

Rockdelux Bartzelonan argitaratzen dan aldizkaria da, azken urteotan musika
barrien eta gehienbat pop musikearen unibersoan azaltzen diran talde eta
diskoen jarraipen moderno eta gaurkotua egiten dauana. XX. mendeko disko onenen zerrendea plazaratu eban oraintsu eta gai hau lehenago be erabili bagenduan be, bestelako zertzelada batzuk emongo deutsuedaz oraingoan, zerrenden aldekoa ez nazan arren.

Esandako moduan, zemendian ale berezia plazaratu eben Espainiako XX. mendeko diskorik onenen zerrendeagaz; bertan Euskal Herriko taldeen hainbat disko azaltzen dira; nire uste apalean, barriz, izenik emongo ez badot be, zerrendatik batzuk kendu eta beste batzuk imini eitekezan. Zerrendako goiko postuetan ondokoak dagoz: lehenengo Veneno taldearen "Veneno" (CBS 1977) diskoa, bigarren Camarón-en "La leyenda del tiempo" (Phillips-Polygram 1979) eta hirugarren J. M. Serrat-en "Mediterráneo" (Novola-Zafiro 1971). Esandako moduan Euskal Herriari begira be agertzen dira hainbat disko. Hertzainak taldearen "Hertzainak" (Soñua, 1984), Lisabören "Ezarian" (Esan Ozenki, 2000), Anariren "Habiak" (Esan Ozenki, 2000), Fermin Muguruzaren "Brigadistak Sound System" (Esan Ozenki, 1999), Mikel Laboaren "Bat hiru" (Herri Gogoa-Elkar, 1974) eta Negu Gorriak taldearen "Borreroak baditu milaka aurpegi" (Esan Ozenki, 1993) euskaraz abesten duten taldeei dagokienean.

Negu Gorriak taldearen diskoa 30. postuan azaltzen da, Mikel Laboarena 35ean, Fermin Muguruzarena 55ean, Anarirena 77an, Lisabörena 84an, eta Hertzainak taldearena 98an.

Bestetik, erderaz edo ingelesez abesten daben talden diskoak be azaltzen dira zerrenda honetan; aukeraketa honetako taldeek jorratzen dabezan estiloak aldizkariaren gustu estetiko eta musikaletik hur dagozan taldeak dira, salbuspenak kenduta. Gauzak holan, zerrendan dagoz Eskorbutoren "Anti todo" (Discos Suicidas, 1986), 94. postuan, Le Mansen "Entresemana" (Elefant, 1994), 79an, Los Bichosen "In bitter pink" (Oihuka, 1991) 76an, Aventuras de Kirlianen "Aventuras de Kirlian" (Dro, 1989) 75ean, La Buena Vidaren "Soidemersol" (Siesta-Polygram, 1997) 67an, Derribos Ariasen "En la guía, en el listín" (Gasa, 1983) 29an, eta Familyren "Un soplo en el corazón" (Elefant, 1994), 16an.

Aitatzekoa da zerrenda horretan ez dala agertzen Ruper Ordorikaren "Hautsi da Anphora" (Xoxoa, 1980) diskoa, euskal kantagintzearen joan-etorria ulertzeko
ezinbesteko diskoa. Bestetik, RRV-ri (Euskal Rock Radikal) buruz artikulu erreportaia be azaltzen da eta baita zinemaren inguruan egindako beste zerrenda bat be; bertan Ivan Zulueta zuzendari donostiarraren "Arrebato" (1979) pelikulea XX. mendeko Espainiako filmik onena moduan aukeratu dabe. Zerrendak zerrenda
bakotxak juzgau dagiala