Antxina-barri  I. urtea // 9. zenbakia - 2002ko irailaren 1a - Hamaboskaria

1348ko izurritea


Baina hori dana beste kontu bat da. Gauzea da orain dala 650 urte jazotakoa gaur bertan jazoten dala esatea, eta ez bakarrik hiesa dogulako, izurri baltza desagertu ez dalako baino. Oraindino, herrialde pobreetan ehundaka heriotza eragiten dauen gatxa da.

IƱaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria

Hiesak izurrite handi baten trazea hartu dau azken urteotan. Ikustea baino ez dago zenbat heriotza ekarri deuskuzan gure artera, zenbat kalte eragin dauen. Halan da be, azken aldian, gaixotasuna ez garatzeko edo bere eraginak arintzeko sortu diran botikei eta gatx hau dabenen bizi baldintzen hobekuntzeari esker, apur bat ahaztu be egin dogu aspaldi ez dala sortzen eban bildurra.

Baina, botikak daukaguzala eta, hiesa ez da bazterrean ixteko kontua; gogoratu behar geunke oraindino osatzen ez dan gaixotasuna dala.

Gaur egun, osatzen ez bada be, zelan hartzen dan badakigu behintzat, eta arau batzuk jarraitu ezkero, ez deutsagu zertan bildurrik izan, errespetua bai ostera.

Dana dala, honakorik ez zan jazoten Erdi Aroan ezta askozaz geroago be, eta izurriteak sortzen ziranean, bildurra zan nagusi herritarren artean, gitxiagorako be ez zan eta.

Kontau behar deutsuedana ez da besterik XIV. mendearen erdialdera Europa osoan zehar zabaldu zan izurrite baltzaren kasua baino. Izurria eragiten dauen agentea ugaztunetan dauka bizi giro aproposena, basapiztietan zein etxekoetan. Giro epela eta hezea behar ditu ondo hazteko, eta iluna argia baino gurago izaten dau. Hamalaugarren mendea orduko be izan ziran izurriteak aldian-aldian, baina sasoi horretarako gaixotasun hau Europatik aldendua egoan Asia ingurura, Txinako lurralde batzuetara; izan be, gatx hori endemikoa zan horreetan lurrotan.

Dana batu zan urte horreetan, sasoi haretako mundu ezagutuan gaixotasuna zabaltzeko. Batetik, orduantxe hasi zan glaziazino txikia esaten jakon klima aldaketea. Euriteak ekarri zituan hotzerantz jo eban aldaketa klimatiko honek. Tenperaturen jaitsiereak uzten zikloak nahastu zituan, Europan zehar gosea zabalduz. Hau dala eta izurria 1348an gure artera heldu zanean, jente asko eta asko makalduta egoan euren osasunean, gaixotasunari bidea erraztuz. Beste batetik, azken urteetako uzta txarren harian, aurretik urte asko izan ziran onak eta populazinoa asko ugaritu zan, herriak beteta egozan, eta sekula baino jente gehiago bizi zan Europan. Herri handi edo txikietan, baina alkarrengandik hur danak. Gatxa zabaltzeko giro ezin hobea.

Baina zelan heldu zan izurritea Txinatik? Lehorrez lehenengo eta itsasoz azkenean. Lehorrez Bizantiar Inperioaren mugetaraino, eta handik guganaino, itsasoz. Uste da Txinatik mongoliarrek atara ebela inperio haretara egiten zituen eraso militarren baten ondoren. Mongoliarrek euren burua piztien narruz apaintzeko ohiturea euken eta, hain zuzen, animaliotan babesten da izurriaren baziloa naturan. Mongoliarrek ez zituen egiten euren erasoak Txinan bakarrik. Mongoliarren eremu naturala estepea da, eta estepea Errusiarano zabaltzen da. Ganera, Asia eta Europa zetaren bideaz lotuta egozan eta bide hau egiten eben karabanetako ganbeluak eta merkatari eta garraiolariek be zabaldu eikien baziloa.

Halan da be, gaixoaren zabaltze prozesuan bada pasarte bat gaur egun ezagutzen dogun gerra bakteriologikoagaz alderatu geinkena. Mongoliarrak bizantiar inperioko herri bat setietan ebilzan artean, izurria zabaldu zan soldaduen artean. Hori dala eta, erasoa bertan behera itxi behar izan eben, baina alde egin orduko, gaixorik hildakoen gorpuak herrira jaurti zituen katapultak erabiliz. Pentsetakoa da han zabalduko zan bildurra. Gorpuon inguruetara arratoiak joango ziran eta laster hartuko eben gaixotasuna, eta ondorik, herritarrek hartuko eben gatxa. Herri horretan italiar merkatariak bizi ziran eta euren herrira bueltaukeran itsasontzian merkatari gaixoakaz batera arratoi kutsatuak be sartuko ziran, horretara heriotzearen mamua mendebaldera zabalduz.

Italiatik, hilean 100 kilometroko abiadan, denpora gitxigarrenean, azkenengo bazterrak be bere egin zituan heriotzearen segeak. Gure artera lehorrez nahiz itsasoz heldu jakun. Gure portuetara etozan ontziek ekarriko eben arratoi kutsaturik, marinelak eurak gaixorik ez baetozan, eta lehorrez beste hainbeste Santiago Bidea egiten eben merkatari eta erromesak.

1348ko bagilerako Euskal Herrian zan Herio bereak eta bi egiten, eta ez eban alde egingo harik eta neguko hotzak etorri arte. Gure arteko ibilian ikaragarriak egin zituan izurriak. Azken ikerketen arabera, populazinoaren erdia hil eban hilebete gitxiko gaixoaldi honek. Edozein gerra edo antzeko ezbeharren eragina baino handiagoa.

Pentsetakoa da zelako giroan gelditu ziran euskaldunak XIV. mendearen erdian. Umezurtzak eta alargunak edonon, uztak galduta, gosea zabal eta mentalidadea eta psikologia goitik behera aldatuta. Kalamidadeak kalamidadeen ganean.

Baina dana be ez zan txarra izan, lehen populazinoa handia zanean ez egoan danentzako lur onik, eta beharginak sobran egozan. Orain, barriz, jentea falta eta lurrak sobran; morroientzat urte onak izan ziran hurrengoak.