Euskaldunok munduan  III. urtea // 87. zenbakia

Hegoamerika: sei herri eta sei hilebete


Bigarren bidaia hasi zan. Argentinatik, barriro Iguazura eta pentsau baino lehen Paraguaira joan nintzan beste bigaz. Asuncion: prostitutak, gauez liburudendak zabalik, alemanen aberastasuna eta paraguaitarren txirotasuna ezin gordinago ikusi neban. Parlamentuaren atzeko aldean jentea txaboletan... Aldea sekulakoa zan.

Brasilek gogoa emon eustan, poztasuna, biziteko beste era bat, bizitza bera ikusteko modu alai bat. Bai, Brasilen be txirotasuna eta arrazakeria aurrez-aurre igarten dozuz, gogor, gordin. Biolentzia nik ikusi ez arren, badago egon, aldeak lar handiak dira-eta. Jente lar txaboletan bizi da, eta han legeak bestelakoak dira: armek eta drogek behar baino indar handiagoa daukie, eta altuago egiten dabe berba. Amazonaseko egoera gatxa da: lurrik ez daukien indioak, eta lur eremu handiak daukiezanak, bizimodua armakaz batera egiten dabenak, animaliak, landarak eta harri bitxiak hartzen dabez munduko merkadu baltzean saltzeko. Alde hori nabarmena da Brasilen. Baina begietaik sartzen jatzu euren arpegi irribarretsua, daukien biziteko gogoa, momentua aprobetxetan dakie, ‘ni andrea naz eta harro nago’, desioari jarraitzen deutsie modu goxoan. Halanda ze, azalean geratzen jatzuz hainbat arpegi, irribarre, berba goxo, leku eder... Zeozer aldatu egiten da zure barruan, ia igarri barik. Gitxika lekua hartu dau zeure barruan, eta bihotza be irauli egiten jatzu.

Biajeak denporea eskaintzen deutsu, denporea pentsetako, gogoetea egiteko. Gorputzak barruratzeko denporea dauka, eta eskertu egiten deutsu. Sistemea bera aldatzen jatzu. Denporea ez dozu minututan kontetan, barruko denporan baino. Lagun dozu biajean, ez da arerioa, ez dozu egiten haren kontra. Eta denporeak gauza ederrak erregaletan deutsuz: barruan, loratuko jatzuzan haziak ixten deutsuz. Eta baita jenteak be. Jente ederra topau zeinke kalean zein ostatuan. Mila eta bat bizimodu. Inork entzun ez dauan hizkuntzea erabilten dozu, existiduten danik inok ez dakien herri baten bizi zara. Denporea emoten dozu hemen agirikoa dana azaltzen. Eta zeure gabeziez konturatzen zara, eta handitasuna topetan dozu berben arteko isiltasunean, beste personeak zugana ailegau dala sentiduten dozunean. Gehienetan galdera-ikurra besterik itxi ez arren. Eta hori askotan egin zeinken gauzarik gorenena izan daiteke. Eta pozik zoaz.

Denpora pasau da handik etorri nazanetik. Motxilea preparauta daukat. Mundua txikia egin jat, eskuan sartzen jat, eta eskuko marrak inoz baino sakonagoak eta misteriotsuagoak dira, marra ikusezinak eta agirikoak. Marra horreetan noz sartuko zain. Mundua ederra da, eta berton dago. Bizitzan aukerak dagoz, ikusi ez arren. Badakigu. Eta nik aukerea ikusi neban: dana itxi eta munduan zehar ibili. Orain aukera hori nigaz bizi da.

Iratxe Ormatza

Sei hilebete grabauta geratu jataz buruan, gogoan, azalean. Joan-etorri itzela izan da. Limara ailegau eta Salvador de Bahiatik urten. Bilbao izan zan bien arteko loturea. Esaten dabe mendebaldera egiten dozun bidaia barruko bidaia dala. Norberaren barruan murgilduta egiten dauela batek biajea; kanpokoa lagun dauala.

Herriak asko izan dira: Peru, Bolivia, Argentina, Uruguai, Paraguai eta Brasil. Peruk ondoetorria egin eustan. Nebea ia urtebete ikusi barik neukan, eta nik hogeita hamabi urte egiteagaz batera, haren irribarre goxoa eta zabala ikusi neban. Perun kitxuaz egiten eban nire edadeko andra bategaz berba egiteko aukera ezin ederragoa izan neban. Eta altxor moduan daroat nigaz batera. Amazonasen berdetasuna, handitasuna, euria eta elektrizidade-ekatxak ikusteko aukerea izan neban.

Perutarren berba goxoak, berbakera ederra... Cuscon, gringitoak bertako kulturan sartu barik bizi dira, ingelesez eta nederlanderaz berba eginaz. Itsasoa ez da bakarrik gazia, eta Titikaka be itsaso ederra da, ‘...que tiene infinito’, bati entzun geuntsan moduan. Han poesia eta gogoetak entzuten dozuz, euren bizimodua berben bitartez zein era ederrean adierazoten daben. Bolivian duintasuna ikusi neban, berba handiz: duintasuna. Hegoamerikako herririk pobreena dan arren, ez dira makurtzen, andreek gogor behar eginaz aurrera egiten dabe.

Argentinak bost mila kilometro baino gehiago daukaz luzeran, eta horreek guztiak egin genduzan: Iguazuko ur-jauziak, tangoa, itsasoko animaliak, Patagonia, Andeak, Ushuaia, Perito Moreno glaziarra, Chalten, Bariloche... Dirua euki dauan jentea diru barik ikusi dogu: amorrua ikusi dogu euren berbetan eta begietan. Gura eta ezin. Kanpora begira, Hegoamerikatik kanpora. Mayo plazako amamak eta amak, eta ondoan, turistak argazkiak egiten. Izan be, turismoa sano arriskutsua izan daiteke.

Animaliak ikusteak barrua zabaldu eustan. Ederrak dira kaiolatik kanpo dagozanean, euren erara biziten, barruko senari jarraitzen. Ushuaia poli-polita izan zan, eta gogoa izan genduan Antartidara joateko, ederra izan behar da eta. Ha, urtu baino lehenago ikusi behar da. Gero Perito Moreno glaziarra ikusi genduan: berbetan, orroaka... ederra. Txikiak ginan haren aldean eta handiago egin ginan hareri begira. Mendi zaletasuna barruan badaukagula be ikusi genduan Chalten mendia igokeran, bueno, altzora sikieran: glaziarren eta lakuen artean egon ginan, pozarren. Eta handik Lehuan arbolen ostean, Ekaitz joan egin zan. Pena handia sentidu neban.